L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-14 (1982-otsaila) —<euzk1508>




 

 

Errealismoaren hizkeraz

 

M.H.

 

Ni ere ados nago eta ez nago ados. Ez dakit gainera ondo explikatu nintzen.

 

        1. Irakurleaz

        Ez dugu derrigorrez hizkera bera hertsiki jaso behar prosa literarioan baina ezin dugu asmatu (inbentatu) gustatuko litzaigukeen hizkuntza nazional bat ere, arazoa extremoetara eramanez.

        Zuk Joxe, nobelista askok baino hobeto lortzen duzu zure idazkietan hizkera aktual eta erreal bat nahiz eta narrazio literarioa ez egin.

        Hizkuntza (hizkera) konbentzio sozial bat da eta nik uste dut konbentzio aktualekin (konbentzio errealekin) jokatu behar dela. Gizarte linguistikoan konbentzio tazitoak daude eta hori izatera iritsi ez den gauza asko sartzen dute batzuk idaztean. Honek berosimilitatea hausten du maiz. Texto narratiboak pelikula bat sortzen du irakurlearen adimenean (neurri handi batean behintzat) eta hau egitean guk identifika ditzakegun elementoak sartzen dira beraz; identifikagarriak diren horien artean sartu behar dugu irakurlea, gauza konnotatiboenetan behintzat. Nolabait esateko, narratzeko artea maiz "irakurlea engainatzean" datza eta horregatik irakurlearen hizkera eman behar diogu irakurleari, ahal dugun neurrian, textoa zerbait bizirik bezala hartu dezan.

        Badakit alde sikologiko guzti hauek estudiatu gabe daudela literaturaren barruan [gehien bat] baina halaz ere idazle gehienak oso ondo ezagutzen dituzte, batez ere "irakurlearentzat" espreski idazten duen idazleak (Chandler, Hammit, B. Vian...).

        Esan nahi dut: errealitate erreferentzial batean gaur guretzat, "gendarme", "gendarme" da, baina ez "buruzagi". Eta "guardia civil" "guardiazibila" eta ez "txapel oker".

        Berdin, gure errealitate eguneroko batean gaur "abanico" "abaniko" da eta haize-emale "oraingoz" ez da gure errealitatearen elemento identifikagarri automatikoa. Faltsukeriaren usaina dauka. Berdin "kamioi", ez da "ganbioi" Elsa Scheelen-en Txillardegik nahi duen bezala (cfr. Txillardegiren Euskal Fonologia, 93 eta 115 orr.).

 

        2. Idazleaz

        Baina hori (eta askozaz ere gehiago noski) irakurlearen aldetik da. Idazlearen aldetik berriz hitz horiek (abaniko, gendarme...) "bere" errealitate baten parte autentiko bat dira eta autoreak batez ere dauka deretxoa horrela idazteko, sinisten ez duen errealitate bat ezin idatzi duelako. Guzti honekin eta lehenengo artikuloarekin idazle berritzaile askoren jokabidea justifikatu nahi izan dut, explikatu beharbada.

        Bestalde gizarte-hizkuntza nazional berezi batean amesten ari den idazleak ere deretxoa dauka bere kristalezko gaztelu partikularra fabrikatzeko baina kontura dadila behintzat ze desfasea dagoen egin nahi duen eta benetan egin duen errealismoaren artean.

        Ez dakit zeinek idatzi zuen "idaztea gogoratzea" dela eta idazlearen lana gogoratzearena dela. Gure errealitatearen experientzia kontatzen dugu (N.York-i buruz idazten denean Donostiaz idaztea izan daiteke) eta errealitate autonomo bat kreatzeko narrazioan nahitaezkoa dugu errealitate hortan apoiatzea, irakurleari errealitate horren montajean sartzen laguntzeko eta ez oztopoak jartzen, elementorik konnotatiboenetan, nazkatzen den arte. Guzti hortan erdara-erderismoaren funtzioa oso kontutan hartzekoa izan daitekeela iruditzen zait.

 

        3. Irakurle-Idazle

        Irakurketa batean komunikazio akto bat gertatzen da eta Jakobsonen koadroan (eskemarik xinpleena agian) hau aurkitu daiteke:
 

kontextoa

 

emalea ... ... ...

mezua

... ... ... destinatarioa

 

kontaktoa

 
 

kodigoa

 

        Ikusten ditugun elementoen artean gehien estudiatu dena "mezua" da, texto literarioa, baina zer dakigu emale eta destinatarioaz obra irakurtzen edo idazten duten momentuan? Ia ezer ez, eta nere ustez obra literarioa posible egiten duten faktoreen artean oso interesanteak eta inportanteak dira nahiz eta hortan inbestigatzea oso zaila izango litzatekeen. Mezua ez ezik hiru hauek (behintzat) erlazioan aztertu ezkero fenomeno literarioaren ikuspegi aberatsago eta beharrezko bat izango genuke. Behar bada egunen batetan inauguratuko da poetikaren parte hori (baina serio, ez oraingo aportazio gutxiekin).

        Hala ere autoreak (autore gehienek) guzti hau, intuitiboki bada ere, ondo ezagutzen du, neurri handi batean bera ere "irakurle" (eta hiztun) delako. Autore guztiak —gehienak— autoanalizatzen dira irakurtzean. Hau da: "horrela jartzeak ze efekto egingo luke irakurleagan?"; "misterioa nola azaldu, nola funtzionatzen du irakurtzeko garaian?"; "ondo ezagutzen dudan errealitate neretzat oso ebidente bat nola jarriko dut irakurle medio batek 'tragatu' dezan?". Hau da, poetika dinamikoa, ez estatikoa.

        Hizkera mailan ez dago hortarako formula bakar bat, "mesanotxea" ez da agian Arratian Donostian den bezala baina halaz ere ahalik eta gehien hurbildu behar da idazlea euskal irakurle heterogeneo batetara. Gogoratzen naiz literatura marginalaren itzultzaile batek esandakoaz, slang amerikanoa itzultzean zeukan problema soluzionatzeko hiztegi espainol pasota batu batez baliatu zela zioenean. Hiztegi pasota ez baita berdin leku guztietan baina badago guztiek gutxi gora behera ezagutzen duten hiztegi pasota bat. Hiztegi hau errealitate bizi batetik jasoa eta ez bere aldetik asmatua zeren irakurleari bere hizkera naturalean hitzegin behar baitzaio, narratiba errealista bat egin nahi denean. Egongo da (badago) beraz, hizkera kolokial fresko bat euskara batuan egiteko posibilitatea ere.

        Gero kejatzen gara, euskaldunak ez duela irakurtzen euskaraz. Ez dakit diglosiaren kulpa den edo ez-eskolarizazioarena beti esaten den bezala (duda hau panfleto mailarik bajuenera eramaten dut).

        Gainera, agoantatu behar duzu entzuten Saizarbitoriak ez dakiela euskaraz eta bai aldiz Txillardegik (ze hizkuntz dotorea! etc.) baina Saizarbitoriaren hizkera narratiboa modu pertinente batean aukeratua dago, ez da inolaz ere kasualitatezkoa, lehen aipatu ditudan faktore guzti horiek kontutan hartzen baititu, prosa konszienteago bat eginez.

        Badakigu ze peligrosoa den generalean hitzegitea, halaz ere, uste dudanez Txillardegiren hizkera narratiboa, pertsonaiena batez ere (Elsa Scheleen-en esaten baterako) "xelebrea" gertatzen da, beste batzuen artean hemen aipatu ditugun arrazoi hauengatik. Futuro urruti batean, denborak obra guztien hizkera berdinduko du; neurri batean, ez zeharo. Horrek ez gaitu gehiegi preokupatu behar. Saizarbitoriarenak edo zure prosa freskoak, Joxe, zerbitzu handiago bat egiten dute gaur eta ez bakarrik futuro urruti batean, denborak dena berdintzen duenean.

        Egia izango da "Jammesen euskal nobela frantsesak itzulpen alemanean irakurtzea" xelebre gertatzen dela baina itzulpenaren akats horrengatik ez gara gu geratuko beste hizkuntzek duten prosa literario autoktono fresko bat gabe. "Guk ere nahi dugu" esango nuke nik; ez dugu itzulpenen mailarekin bakarrik kontentatu behar. Itzulpen bat xelebre delako ez dugu gure narratiba guztia xelebrekeriaz beteta zergatik agoantatu behar.

 

        4. Irakurle-idazlearentzako hizkeraz konkretuago

        Lasagabaster aipatzen duzu zuk eta nik ere aipatuko dizut "La novela de Ignacio Aldecoa" bere obran:

        "Este primera relación de la realidad y la novela que se dice en el nivel de la función mimética no aparece sólo como resultado de los elementos verificables que el escritor ha incorporado a su obra; en definitiva, la novela es un simulacro de la realidad, y la función mimética descansa, más aún que en la categoría de lo verificalbe, en la de lo verosímil, que es, como señala Todorov, "la máscara con que se disfrazan las leyes del texto, y que nosotros debemos tomar por una relación con la realidad". (81)

        Horregatik da beharrezkoa hizkera berosimil bat erabiltzea. Hemen maiz narratiba berosimil bat egin nahi izan da hizkera inberosimil baten bidez. Nere galdera da, ez ote duen hizkera inberosimilak "errealtasunaren efektoa" estorbatzen (termino hau Philippe Hamonena da: "effet de réel"). Baietz esango nuke nik, eta irakurle naizen aldetik horren lekukoa naiz; harrituko nintzateke bakarra ni izatea.

        Guzti hori kontutan hartu ondoren lehengo artikuloan esan nahi nuena zen nola narratiba modernoak hizkera fresko bat ekarri duen mundu guztian, inoizkoa beino freskoagoa, inoizkoa beino errealagoa. Nolabait, nere ustez, errealitatea eta errealtasunaren efektoa, masiboki behintzat, gaur egun lortuago daude eta euskaldunek ere deretxoa dugu holako zerbait euskaraz irakurtzeko. Errealtasunaren efektoa lortzean inportantzia handia izango luke hizkera freskoak (kasu batzuetan behintzat).

        Idazleak, idazle inmortal orokor batek —nahiz eta literaturaren zientziak irakurle homogeneoaren praxisa aztertu ez duen— intuitiboki historian zehar, poliki poliki deskubritu du zeintzuk diren irakurlearen sikologiari ongien doazkion elementoak (errealtasunaren efektoa hobeto lortzeko) eta bat hizkera aktual kolokialaren aportazioa da. Hartu eta konparatu bestela "Egunero hasten delako"-ko hizkera freskoa eta "Elsa Sheleen"-go hizkera petrifikatua, harriztatua. Beraz modernotasuna ez dago estrukturan bakarrik.

        Hori horrela izanik, euskara narratibo freskoaren barruan erdara-erderismoak izan dezakeen inportantzia funtzionala azaldu nahi nuen. Zeren segur aski ezin zaio egoera linguistikoari bizkarra eman hain errez narratiba errealista bat egin nahi dugunean, errealtasunaren efektoa hautsi edo ahuldu nahi ez badugu.

        Honek ez du esan nahi bestalde erdara-erderismoa nahitanahiez beti sartu behar denik, baina bai aldiz oso kontutan hartzekoa dela. Zuk Joxe, "kolorido" emateko sartzen dela diozu. Dudan jarriko nuke behintzat. Edo bestela, zer da "kolorido" hori; ez al da askotan koloriko hori fundamentala.

        Honekin gaurko idazle batzuen erdara-erderismo sartzearen mekanismoa azaldu nahi nuen, "erdara zergatik", "gramatika traketsa" edo "lexiko aberrante" esaten dutenen aurrean.

        Bestalde, "Ehun metro"-n agertzen den erdarari buruz Lasagabasterrek badauka txosten bat egina (ihaz Venezuelan presentatu zuela uste dut). Ez dut irakurri eta ez da oraindik argitaratu. Erdara hutsa sartzearen funtzioaz doala uste dut. Gu hemen euskararen barruko erdara-erderismoaren paper funzionalaz ari gara batez ere.

        Joxe, esaten didazu: "Mikel, hizkera idatziaren (...) autonomiarik apenas onartzen duzula, iruditzen zait". Bai, onartzen dut, baina hizkera idatziak "a pulso" irabazi behar du bere autonomia hori. Edozeinek ez du balio, horregatik ez dugu esango Saizarbitoria artistagoa dela (zuk Saizarbitoria asko aipatzen duzunezkero...), idazlearen artetasunean baitago hizkera idatziaren autonomi gehiago edo gutxiago lortzea. Idatzia izateak autonomia pixka bat emango du baina ez osoa. Zenbat eta hobeto lortzen duzun (hizkera) gero eta autonomoagoa izango da. Aipatzen nituen autoreak oso ondo ezagutzen zituzten problema guzti hauek (intuitiboki behintzat). Beraz artistagoak dira, sensibleagoak, erdara-erderismoaren rol funtzionalaz konturatu direlako.

 

        5. Bukatzeko

        Hainbeste aipatzen duzunezkero, luzaro hitzegin daiteke edo hitzegin genezake beste batean, baina oraingoz gauza bat esango nuke: Saizarbitoriaren formalismoa ez zait iruditzen formalismo hutsa denik, bastante funtzionala baizik. Ez dakit nahita ala konturatu gabe egin zuen hori, baina berdin izango zaigu texto idatziaren autonomiaz sinisten baldin badugu. Somatzen dudanez, Saizarbitoriari ez zaio zazpi piper inporta bere formalismoaren funtzionaltasunaz esan dezakegun guztia. Baina guri bai.

        Baina, enfin, norbaitek "teoria eta retorika gutxiago eta praxis literario gehiago" eskatzen badu ez zaio arrazoirik falta.

 

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.