L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-15 (1982-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal teatro modernoa

Gotzon Egia

 

Joan den txanda batean euskal prosa modernoaren etorkien zertzelada batzuk ematerakoan, aldi bereko aipamen bat ere azaldu genuen pasaran, hemeretzi hogeigarren mende arteko euskal mugimendu literarioak sortutako teatroa goitik behera errebisatu eta berrikusi beharra zeukala-ta euskal literatur kritika kontenporaneoak.

        Orduko hartan gure argudioa kritikaren arinkeria salatuz jaurti genuen, txit susmagarri baita euskal teatro modernoaren sorrera eta abiarria errotik finkatu zuen literatur belaunaldi osoaren emankizunak lerro pare batez afusilatzea (orduko aipamen haiek ez ditugu ostera jarriko, bai, eta ikusi nahi dituenak har beza Oh! Euzkadi 12. alea). Balorazio labur hoiek ezjakintasun handia dute berekin, euskal gizarte eta literaturaren testuinguru hartan Marcelino Soroak urratutako bidean etorri ziren teatrogile haiek zer balio eta eragina izan zuten behar bezala ez neurtzearena, hain zuzen ere.

        Villasantek eskeintzen digu berriro abiabidea: "Dejando a un lado las pastorales suletinas (casi todas inéditas), y los ensayos de Barrutia y el conde de Peñaflorida (que son casos aislados), podemos decir con toda razón que el teatro vasco es un fruto de nuestros días, de la generación de 1880 (...) La revista "Euskal-Erria" creó el Consistorio de Juegos Florales Euskaros. Esta entidad fue la que organizó los primeros concursos teatrales vascos (...)". Horrela, euskaltzainburu frantziskotarrak beste kritiko guztiek ere jakintzat ematen dutena laburtu besterik ez du egiten. Konstatazio huts hau, ordea, anekdota errezean gelditzen da, sekulan ere esan gabe Marcelino Soroak 1876an Ziburuko "El Trueno" elkartean bere Iriyarena aurkeztu zuenean (mugak muga, euskal teatro modernoak "exilioan" izan zuen bere sorterri politikoa) euskarazko zati labur haiek izan zuten harrera paregabearen arrazoiak garai hartako egoera sozio-politiko eta sozio-linguistikoarekin zeudela estuki uztarturik.

        1876a bera ere izan baitzen euskal Foruen hondamendiarena. Bigarren karlistada behin betirako galdurik, garai bateko instituzio politiko autonomoen kondarrak ere indarrean kenduak, klase dirijenteak aho batez murgilduko du bere burua, nola politikoki hala linguistikoki, zentralismoak ezarritako zentzuan. Honekin batera, ordurarte bere "ekintza razionala" egiteko zeuzkan aukera pixarrak bertan behera bota zituen euskal burgesiak, han-hemenka zipriztin euskaltzaleren batzuk gordetzen zituela multzo intelektualen tartean izkutaturik (Bergarako Mintegiaren inguruan, adibidez). Artean, azken karlistada arte euskaltzale eta literaturgile izandako kleroa gidaririk gabe gelditua da karlismoaren hondoratzearekin batera, klase gobernari berriak liberaltasun profano eta antiklerikala aldarrikatzen baitu; orduz geroztik, euskal kleroak erreakzioaren ikurrintzat erabiliko du euskara mugaz ifarraldera (Hiriart-Urruty) nola hegoaldera (Arrigarai).

        Bi hitzetan deskribatutakoa da orduko egoera, zeinaren babesean ekin baitzion literaturgile multzo batek antzerkiaren ardatzean mugituko zen literatur kurpil zabal bat eratzeari. Ez zuten lankide izango, noski, bere "ardura nazionalak" utzita zeuzkan euskal burgesiaren intelektualitatea, eta horrenbestez klase xehetatik sortutako esku-langile eta artisauek (Donostian "La Unión Artesana" eratu zutenak) osatuko zuten Euskal-Erria aldizkariaren inguruan bildurik "Euskal Itz-jostaldien Batzarrea" (Consistorio de Juegos Florales Euskaros) bultzatu zuen taldea: Soroa bera legeak ikasi bazituen ere gimnasilari izan zen bizitza osoan ("La Infantil del Gimnasio"-rekin antolatzen zituen haurrentzako antzerki-saioak); Pepe Artola komeriantea, linternero zen bizibidez, bere aita Ramon bezala; Felipe Arrese Beitia santugina; Uranga pelukero; Iraola eta Mocoroa berriz inprentalari; eta guztien arbaso eta aitzindari izandako Indalecio Bizcarrondo "Vilinch" Antzoki Zaharreko atezai, ezagun den bezala.

        Ezin liteke pentsa, nolanahi ere, talde hau orduko klase-intelektualitatea zenik inondik ere, Rossi-Landik definitzen duen eran bederen. Intelektualak, beren intelektua erabiltzeaz bizi zirenak alegia, gazteleratuak ziren orobat, eta madrileratuak ez zirenak giro probintziano eta periferikoan bizi. Hildo honetan, arrazoi dauka Sarasolak "XIX. mendean euskaraz nahiz erdaraz diharduten euskal idazleak bilingueak baino areago, diglosikoak dira (...)" dionean. Baina nik esango nuke, zehaztuz, idazleak berak baino literatura bera zela diglosiko, hau da, intelektualitatea eta literatura (hizki handitakoa, alegia) erdarazkoa zen, eta "euskal literatura" deituko hori azalpen subterraneo eta herrikoia besterik ez, herrikoi zentzurik burgesenean.

        Bikoiztasun diglosiko honek ba zeukan bere adierazpide berezia politikan ere, nahiz eta ideologia politikoa eta linguistikoa elkarren ispilu ez izan. Aztertzen ari garen talde honetan ba ziren zenbait militantzi politiko ezaguna izan zutenak: Donostiako kontzejal izandakoak, Victoriano Iraola eta Eugenio Gabilondo "Calei Cale" bezala; kazetalari Francisco Lopez Alen "Mendiz Mendi" bezala; gehientsuenak errepublikanoak, bakarren bat fuerista edo monarkiko. Guztiak, haatik, euskararen defentsa aho batez instantzi politiko eta instituzionaletara eramaten, eta hezkuntza elebiduna eskuratzeko lehendabiziko urratsak ematen saiatuak, garaiko alderdi politikoen ekintzetatik arras marginaturik egiten bazuten ere. Beren eginkizun politiko hauen baliorik handiena, izan ere, kontzientzi euskaltzalearen agerbide nabarmen bati eustea izan zen, nolabait herriaren euskalduntasunari (Villasantek: "Por aquellas fechas el vascuence era aún en gran medida la lengua real de la capital donostiarra") formulazio politikoren bat eman nahiean. Erreferentzi gisara, jakingarri da Euskal Herriko prozesu honen parekoa nola bilakatu zen Catalunyan. Hara Vallverdúren hitzak: "(...) el complex fenomen de la Renaixença, en la qual convergiren dos corrents principals: a) un corrent literari, predominantment conservador en l'aspecte polític, burgès y catòlic, que reeixí a restaurar els Jocs Florals de Barcelona (1859), els quals durant alguns anys foren la manifestació catalanista més ostensible; i b) un corrent no literari, federalista o anarquista en l'aspecte polític, antiburgès i anticlerical, que era l'expresió de les aspiracions populars, el qual en l'àmbit sociocultural reeixí a manifestarse a través del teatre i la premsa satírica (mitjans de massa de l'epoca, no ho oblidem)".

        Lore-jokoak bultzatu eta antolatzen saiatu zen talde haren intuizioa eta etorria, hain zuzen, egoera diglosikoan euskararen zerbitzuan ihardutea izan zen. Egungo kritikak ba du, bederen, nahiko perspektiba alde hori haintzat hartzeko. Gauzak horrela enteniturik, Unamuno gaztea da, ene ustez, literatura eta literaturgile diglosikoaren eredu, gaztetan El cuestion de calabaza antzerki-lan biziki diglosikoa idatzirik, ondoren erdara hutsera jo zuelarik buru-belarri. (Bide batez ohar hau: Urkizuk gauzak zehazkiago adierazten saiatu beharko luke, aurreneko Unamuno gazte hori El otro eta El hermano Juan obren egilearekin gonbaratuz gero "dudarik gabe bigarren Unamuno teatrogilea maiteago dugu" esaten duenean aipatutako egoera diglosiko larri horretan Unamunok euskararen kontrako barrikadan militante sutsu izatea hautatu baitzuen 1901-eko Bilboko Lore-Jokoetan botatako hitzaldi hartaz geroztik. Utz diezaiegun berena egiten gaztelerazko literatur kritikariei).

        Guzti hau esan ondoren, eta ez lehenago, bihurtzen da egi oso idazleok diglosikoak izan zirenak. Egia da, Sarasolaren hitzetan, "(...) kultur mailarik apalena gainditzen duten lanak, edo euskal produkzioak ohizko zituen gau erlijioso edo literariotik irteten diren izkribuak, erderaz, gaztelaniaz batez ere moldatzen direla". Baina esan dezagun ostera euskarazko eta erdarazko izkribu hoien egileak ez zirela berak. Alde batetik, kontutan izan beza Sarasolak, esate baterako, erderaz idaztean ere ez zuela kulturmaila eruditorik azaltzen Soroak Omar Celin Oasor izengoiti moruaz zinatzen zuenean. Zer esanik ez Pepe Artolak edo Lopez Alenek. Eta bestetik, belaunaldi honetako autore guztiek ekin zioten erdarazko obrak euskaratzeari: Soroak Euscal-Naparen Joaera edo emigracioa, eta Anton Caicu bera frantsesezko La phrase du Maitre Pathelin obraren moldaketa omen da; Iraolaren antzerki-lan gehienek ere "beste liburu batetik moldatuba" diote izenburuaren aldamenean. Orohar, belaunaldi oso honen ezaugarri eta arazo, dudarik gabe, preparazio intelektual kaskarra edukitzea izan zen, esku-langintzari eta herritartasunari erabat loturik zegoen kultur mailari zegokiona. Beren kultur agerbidea Orfeoi Donostiarra, danborrada, ihauterietako musika-bertso, toriatzaile, eta Euskaldun-Fedeak Santotomas egunean Antzoki Zaharrean antolatutako antzerki-saioetara kondentsatzen zen. Beraz, ez da txit harrigarri euskararekiko ikusmoldea erabat inkontzientea izana, eta, Sarasolak dionez, "hizkuntza idatziaren batasuna hautsiz" joatea, Leizarraga eta Sarako Eskolakoen saio haien ondoren.

        Arazo hontan, egia esan, Aranak proposatutako bideak inposatu bitartean aldrebeskeria hutsean bizi izan ziren euskara idazterakoan, ortografia hankazgoratuak derakusanez: urtebeteko aldean "au^se", "aushe" eta "ausse" irakurtzea ez da oso zail. Dialektalizatzea ikaragarria da hizkuntza idatzian batasunaren arazoa eta beharra plazaratu ere egin ez delarik, eta planteamolde politikoa hartu ahal izan zuenean Aranaren "bizkaiera" gertatu garaile. Hontan ere, Catalunyan gauzak oso bestela, Vallverdúri jarraituz: "Respecte a la normativització, les dates son bastant indiscutibles. Es cert que començo pels Jocs Florals, que, en conjunt, participen més aviat del caràcter d'esdeveniment de la columna 'extensió social' (...) he volgut (...) assenyalar que foren la plataforma des d'on les primeres temptatives modernes de standarization del català van sorgir: aleshores s'escollí com a model de llengua litèraria un català anacrònic, inadequat a les necessitats d'una llengua moderna de cultura, car els seus partidaris creien, erròniament, que la llengua antiga era l'únic mirall possible per a un escriptor català. Reaccionant contra aquestes posicions tradicionalistes, els partidaris del 'català que ara es parla' van caure en l'altre extrem: l'anarquia ortogràfica i gramatical, la castellanització sense control".

        Dudarik gabe, Euskal Itz jostaldien antolatzaileek "egun mintzatzen den euskara zuten" gogozko, eta ondorenez normalizazioaren koska mende bete beranduago behaztopatu euskarari. Nolanahi ere, ezagutu zuen Euskal Herriak gerora Aranaren "eredu anakroniko" horren kontrako jarrera bertsolaritzaren inguruan sortutako zenbait argitalpenetan (Errenteriako Makazaga), baina oso gauza marjinala izan zen.

        Gure harira itzuliz ordea, belaunaldi honen adierazpidea orduko komunikabideak izan zirela behar da aitortu: egunkari-aldizkariak eta teatroa. Aldizkarien bitartez militantzi politiko eta euskaltzalea profesatu zuten gogotik, eta, egungo euskal literatura gazteari so eginez, ezin ahantzizkoa da aldizkari bat izan zela mugimendu bizkor eta dinamiko horren biltzaile eta lokarri.

        Antzerkiak, bestalde, funtzio sozial argi bat betetzen zuen: masa-komunikabide eta herriaren bizimoldearen nortasun eta frustrazio guztien konfrontaleku izatea. Teatroan jendeak bere tamainako erico-sheme haiek nahi zituen ikusi, bere gisako gizatasunez jantzitako pertsonai hezurmamidunak, ez entelekia dramatikorik. Teatro-lan hauen libretoak —ez da harritzekoa— edozein kioskotan errial bana salgai egoteko baitziren. Euskal teatro honi buruz "irrifar errazekoa", "no alcanza un nivel elevado ni selecto", "este teatro simple e ingenuo, realmente primitivo, oscilaba entre el disparate cómico y el drama lacrimoso", "hats xipiko teatro singlea" eta antzeko kalifikazioek ez dute deus askorik azaltzen haren izaera eta nolatasuna. Garaian garaikoa, inor ausartuko al litzateke orduko teatro espanola ezaugarri hauetatik libre zegoenik esaten. Zartzuelatxuak, bakarrizketak, elkarrizketak, komediak eta areago saineteak ziren ere billaikorteko antzokietan nagusi, eta haien maila ere ez zen zinez oso selektoa (Pichi es el chino que castiga...), esaterako.

        Ehun urtez geroago ikusirik, 80ko belaunaldiarekin hasitako antzerkiari —Toribio Alzagaren bidez Antonio Maria Labayenen eskutik gure urtetara iritsia— euskara eta euskal literatura modernorako arrunt dezisibo izan zen garai expantsionista hartan euskalduntasun edo euskaltzaletasunaren lekukorik nabarmen eta aberatsena izana aitortu behar zaio, gerora etorriko zen hausketa diglosiko erradikalaren aurreko dokumentu osoena bihurtu zaigularik. Onean ala txarrean, nekez beteko luke gainezka gaurko Antzoki Zaharra urtean hiru bat bider edozein euskal antzerki taldek, eta hori gogoan hartu beharko lukete gure teatro nazionalaren oinarriak jartzeko enkargua jaso duten funtzionariek. Adibidez, ba luke zer ikasi egungo teatrogintzak ordukoaren hizkuntz erabilkeraz, hizkuntza eta hizkerak jostailu eta jostagai bihurtzeaz, haren efekto teatrala aztertuz. Agian hurrengoko batean saiatuko gara hontaz mintzatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.