nor
Erroetara
Pablo Sastre
Erraz
HABE-ren irakasle batek esana: "ez baitut ondo segitu AEKren bilakaera, HABE-ren sortzea..." Horren ipuin sinplea ikasleentzako hitzetan esplikatuko ez diot ba!
Bazeuden urteak eta urteak zeramatzaten euskal eskola batzu; kondizio txarretan, euskara irakasten zen.
Halako batean, euskararen aldeko diru bat ageri zen, denon poza!
Bueno, ipuina bukatu da (jo!): dirua bazuen jabeak, eta hau nahi zuenerako erabiltzen hasi zen.
Ze oportunidade galdua! Baina hori, euskararentzat galdua, batek bere mesederako aprobetxatzea nahiago izan baitzuen.
Zikin
Bai, gobernu horretako jaun-andere agurgarriak zikin ari dira oso.
Zer egin nahi izan dute euskararen irakaskuntzan gisa honetan sartuz?
1. Montaje handi batekin beren buruak justifikatu, ez baitute euskararen alde deus handirik egiten.
2. Haien eskuetatik eskapatzen zen dinamika herrikoi bat puskatu, gobernu-dinamika bat inposatuz.
3. Eta hauteskundeak eta beste, baina ez dezagun gehiegi espekula edo bai.
Zein taktikak erabili ditu inposatze prozesu honetan?
Besteenaz jabetu eta aurrera.
Besteena zatitu eta aurrera.
(Merezi du puntu bakoitza ongi aztertzea, horretarako izango ahal dira hauek).
Zein armak darabilzki?
Dirua, eta honekin irakasleak bereganatu, euskal eskolak zatitu eta horrelakoak nahi dituzte lortu.
Eta indarra, behar izanez gero.
Baina
Orain arazoa barnean dute. Beharbada hasitako poliziekin bukatuko da dena, nik sakonduko dela espero dut. Egiten ez bada, gaitzerdi haientzat, guretzat pena.
Amatiño gobernadoreak maskara bota du goardia zibilengana jorik; Amatiño ugazabak ere bota egin du, irakasleak tresneria hustzat hartuz, ikasleak materia prima hustzat.
(Honek beste antzerkilari batzu dakarzki gogora; Guatemalan talde batzu omen dira, besterik ezean autobusez autobus joaten direnak, herriaren prolemak eta antzeztuz oso ideia ona; zoritxarrez hango nagusiei ere horrelakorik gustatu ez eta paisanozko militarrak jarri omen dituzte autobus guztietan, tiroka hasteko prest. Eskoinak eskoin, han irabaziko dugu eta hemen ere bai). (Hirugarren munduarekiko konparazioak gusto txarrekoak iruditzen zaizkiona, pikutara bihoa).
Politika
Guretzat, euskararen aldeko bide jator batean gaude eta hor etorri zaizkigu gobernante gaizto batzu izorratu nahirik. Haientzat, plangintza serios bat aurrera ateratzen saiatzen direlarik, inongo ordenik onartzen ez dugun gizatxar batzu zirikatzen gabiltza.
Bai, asmatu duzue: hau politika da.
Horregatik, bestetan bezala hemen ere, bi linea dago: oraingo instituzioetan oinarritzen dena, eta instituzio hauetatik kanpo bilakatu nahi duena.
Euskara ez da inpartziala; (honexegatik ez dut nik geletan poliziarik nahi). Ezin izan ere.
Inpartziala ez dela badiogu, parteak badaudela ari gara esaten; hara:
Instituzio hauen zaleek darabilten euskara badago; aparteko mespretxurik gabe esana, funtzionarioek darabiltena. Nere ustez funtzionarioek ez dute sekulan euskal kulturarik salbatuko, euskal kultura nazionalarik ez dute eraikiko. Are gutxiago, botererik gabeko funtzionarioek. (Nahita ere, ezin bitarteko hauek hizkuntz plangintza sakonik egin, beraiek ere beste batzu gainetik izaki).
Gakoa hor dago: botererik gabeko funtzionarioak dira. Boterea beste nonbait dago, eta hauek hauxe baizik ezin dute egin: menpekotasuna mantendu eta folklorea potentziatu. Karikaturizatzen dut, baina tiroak hortik dihoaz.
Hortaz, euskara kontu hauek hauek: euskara ikasteak bezala iraultza bat suposatzen dutenak funtzionario ez direnen eskutan gelditu behar dira. Hain garbi dago...!
Ah!
Ez dut Amatiñorengandik Josuri egindakoaren antzeko erantzunik nahi. Ahaltsuen irribarre faltsoak ez zaizkit laket. Bestelako erantzunik bai, nahi izaten dut.
Beste gauza bat: Donostiako euskal eskoletan 18 miloi t'erdiko presupuestoa dugu, neguko ikastaldi honetan. Gobernuak bost miloitako subentzioa ematen digu, gainerakoa ikasleek egin behar. Gure milaka ikasleentzako 13 miloi ez dago nonbait, heuren 800-entzako dozenaka ari dira gastatzen. Ez dezatela "igualdad de derecho"-rik aipa.
|