Mudatu hadi etxez, Xabier
Jokin Ansorena
13.gn alean Xabier Montoiak izenpetutako artikulu bat azaldu zelarik, euskaldunen bat aztoraturik gelditu zela suposatzen dut. Izan ere, oraindik ere arrotza gertatzen baitzaigu geure artean berak botatakoak bezalako dekretuak aldarrikatzen dituen norbait ametitzea. Baina gauza hauei ez zaie merezi ez duten garrantzirik eman behar. Eritzi bat besterik ez da, ez dator erreboluzioa.
Nik hasiera hasieratik sektario izateko eta objetibitateari uko egiteko erabakia hartu diat, ez diat gauza horietarako hainbeste pentsatu beharrik izaten. Azken batetan, ez diat sinisten inoiz objetibo izateko asmoa eduki huenik. Bai al dakik objetibitatea zer den? Nik ez ba.
Nire ustez hire arazoa guztiz kontzeptuala duk, hau da, abstrakzio-arazoa. Zer esan nahi duk "poema meta-sopra-infra poetikoak" idaztean? Edota "arreglo barroko eta eklesiastikoekin"? Hire jokoa erraza duk, hi ez haiz errealitatetik abiatzen, hitzen hotsaren rinbonbantetasunetik baizik. Alde horretatik begiratuta, poesiarako balio duk, edota erretorikarako.
Bestalde, hik euskal kantariek beren krisia justifikatzeko aurkitzen dituzten arrazoiak (multinazionale, FM, e.a.) aipatu besterik ez dituk egiten. Berehala hoa kantariei zama guztia leporatzera. Dudarik gabe, hauek bazeukaketek beren errua, eta bestalde arrazoin horietan beren itxurazko frakaso guztia justifikatzea xinplea duk, baina hirea are xinpleagoa. Argumento horiek ez dituk kontutan hartu ere egiten eta bazekiagu totalizazioa askotan faltsua izaten dela, baina hik erabat ignoratzen dituk.
Nik konprenitzen diat bati halako eta halako musika gustatzea, hi bezala rock & roll-zale izatea adibidez, baina hortik konklusioak ateratzea, hire terminologia erabiliaz, "atrebentzia gehiegizkoa" iruditzen zaidak. Hik frankismoaren kontra borroka egin zutenak euskal "abeslarien" bandoan jartzen dituk eta haien kontrako genero musikalaren banduan gaurko gaztedia. Sofisma galanta hirea. Alde batetik, bi musika motaren diferentziatik (hik kontradiktorio bezala jartzen dituk), kontradikzio politiko bat asmatzen duk. Bestetik, gazteriari dagokionez, jeneralizazio arriskutsu bat egiten duk, faltsua ez esatearren. Nondik atera duk gazteria guztia edo gehiengoa rock-roll-aren banduan dagoela? Eta arazoa ez duk rock & rolla atsegina gertatzea edo ez gertatzea, honek euskal abeslariekiko sortu behar omen dien arbuioa baizik.
Juizio politikoak ere egiten dituk. Hauetako batetan Franco hilez gero alderdi "iraultzaileek" ezer ez dutela aldatu diok. Arrazoirik ez zaik falta, baina orduan alderdi hauengan ilusio gehiegi jarri huela susmatzen diat. Izan ere, ikusi behar duk alderdi "iraultzaile"ek errealitatea aldatzeko daukaten posibilitate erreala. Nik bestalde ez diat inoiz PNVk gure "bizi-modu petrala" aldatuko zuelako esperantzarik izan. Gainera errealitatea aldatzearen pisu guztia alderdi hauei gaineratzen diek. Guk ere zerbait egin beharko diagu ba!
"Aldatu" aditza erabili arren halako batetan "hau errealitatea da eta hau abestu behar da" diok. Nirekiko, hemen zegok kuestiorik garrantzitsunea: "abestu" esatean, nola interpreta, salatu ala apolojizatu bezala?
Ez diat uste rock & roll-ak bere letretan errealitatea salatu nani duenik, apolojizatu baizik. Obserbazioa gauza bat duk eta bestea balorazioa. Bigarren hau duk niri interesatzen zaidana, ez baitiat ikusten rock-ak eta bere "kulturak" errealitatea transformatzeko asmorik azaltzen duenik, inmobilista hutsa duk.
Urrutiegi hoa, nire ustez, UHF, Asco, Mogollon, e.a., jarraitu beharreko eredu bezala jartzen dituanean. Gure benetako errealitatea kantatzen dutela diok. Egia esan, ez dizkiat gehiegi ezagutzen; behin beren aktuazio bat sufritu behar izan nian eta ez nian ikusten errealitatearekiko identifikazio haundirik. Musika talde horiek, nire ustez, ongi zeudek narzisismo arrunt batek eraginda beren "ego"a kanporatu behar dutenentzat. Satisfakzio totala sentitu behar ditek eszenario gainetik jendea hetaz enamoraturik ikustean. Espektakulu sublimea.
Artikuloa bukatzeko, hire ironiaz baliatzen haiz, hire auzokoari rock & roll-a gustatzen ez zaionez abertzale ororekin identifikatzean. Ironia errekurtso ona duk, baina faltsukeriak esaten direnean, heure burua oso satisfetxu geratu arren, ez dik ezertarako balio. Ezpairik gabe, abertzaleak ez gaituk begi oneko, eta guztiz zilegi iruditzen zaidak, baina horretarako benetako argumentuak erabil itzak eta ez horrelako afirmazio gratuitoak.
|