L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-15 (1983-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nous dormirons ensemble

(L. Aragon)

 

Kaput, bukatu da, ez dugu ale bat gehiago aterako...

        Esaten ohiturik geunden etsipen rictus bat jarriz beheko ezpainari horzka eginaz lortua. Eta burua makurtzen genuen gero, botaren puntaz, lurrean karkaisa bat marruskatuz erantzun deskonsolatu baten zai.

        — Oh Euzkadi, insistitzen genuen, pentsatu dugu ez duela merezi...

        Karkaisa berri baten haritxoa kentzen genuen bizarretik. Behin lurrean bota puntatik pare bat zentimetrora segundo gutxi irauten zuen haren zuritasun dizdiratsuak hiri haundiko hautsez gristatu baino lehen.

        — Esfuertzoak ez du merezi...

        Solaskideak, ezpainak zabalduz eskeintzen genion bi hortz ilera tinkoa admiratzen zuen, zeinen kontra mihin punta indarrez estutuz mezprezu zeinu alternatiboa osatzen genuen.

        Erantzuna, itxuraz era askotakoa, bakarra izan ohi zen funtsean. Gure solaskideak edozein behatz sar zezakeen sudurretan, edozein leotardo koloredunen arrastoa begirada lizunez jarraitu, edo bragetaren kremailera igotzeko lana bukatu, baina beti ere gure hitzak airean utziz, garrantzirik gabeko solas banal baten aria hartzen zuen.

        Inori ere ez zitzaion pitorik axola, eta kontsekuenteki, biltzar premiazko bat egin ondoren, har zitekeen erabaki bakarra hartu genuen: OH EUZKADl kaleratzen eta sarriago kaleratzen saiatzea. Suizidioaren helburua protagonistaz aparte beste norbait izorratzea izan ohi da, izorratzeko metodo honen eragozpenik haundienetakoa, intetesatuaren bizitza esijitzen duela izanik hain zuzen ere. Desagertzea beraz, ez da lagun urkoa kulpabilizatzeko eta mortifikatzeko tramite derrihorrezko bat besterik eragite horretaz aparte funtserik ez duena. Zuek esango diguzue bestela nola justifika daitekeen norberaren burua abortatzeko lan noble baina penagarria.

        Horrela ba, papera kaleratzen jarraitzea erabaki dugu kaleratu gabe baino jendea izorratzeko aukera gehiago izango dugulakoan, arrazoin justifikagarrienetakoa, nola ez, luma nagi hau eskuan hartzeko.

        Arrazoin laguntzaile bezala bultzatzen gaitu idaztera ziur asko zerbait esateko desioak, gure herri gurean lehertzen diren gertakizunei —gertakizunak hemen gertatu baino lehertu egiten baidira— nolabait ere erantzun beharrak.

        Begira nundik, hain zuzen ere, gertakizunei erantzun nahi hori izan daitekeen paradojikoki forrnalidadez eta itxuraz kaleratzea eragozten digun arrazoirik nagusienetakoa, oso gaizki ezkontzen baita OH EUZKADIK duen periodikotasunarekin. Izan ere edozein diskursok, sendoenak ere, gertakizunen laguntza behar izaten baita euskarritzat eta gure martxan gertakizunak inprentatzen ditugunerako kolorea ere txarra.

        Penagarria, zeren guk eguneroko gauza hoiek konpartitu nahi genituzke, urdailean halako zera hori sortarazten diguten egunean bertan. Adibidez, pakearen mahai ingurukoarekin, mahaiean eseri nahi zutenak eta nahi ez zutenak, eta nahi bai, baina eseritzen uzten ez zitzaienak, denak oso modu fin eta surrealistan gutaz katxondeatzen ari zirelako sensazioa. Harridura, balaz hildako haur baten begiradak —begirada hilak hala ere— gorde dezaken dizdiraz jabetzean sentitu genuena, —Eta bekoki hura laztantzeko desioa—. Ikara, lutoaren eta festaren egokitasuna ala desegokitasuna hiletaren neurria eta ponperia erabakitzeko biltzen diren asanbladen berri jakiterakoan —Tolosako espaloietan odol ez justifikatua serrautsez estaltzen duen arlekinaren ikuspena— errealitatea interpretatzeko dugun erak hainbat eta hainbat zor dien erretore zahar haiek egiten zuten bezala, defuntuen kategoriaren arabera. Konpartitu Manuel Lekuona, Igeru baserrikoa, bere emaztearen gorpuari lurra eman baino ordu laurden lehenago hil zela jakitean ikasi genuena, heriotzak badakiela diskretoki eta maitale ere etortzen, derrihorrezkoz gainera desiragarri izan daitekeela, ez dela nahitaez trajikoa.

        Esaterako esan Aragonek gu guztion Elsari eskainitako hitzak —neurri esaktoan ulertzen hasiak garen hitzak— esnatzen zaizkigula memorian.

        Zerbait egin behar dugula elkarrekin adiskide eta maizago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.