George Borrow
Koldo Izagirre
Iaz ehun urte hil zela. East Dereham-en jaioa 1803an. Aita kapitaina du eta kasernaz kaserna ibiliko dute, Inglaterra eta Eskozian barrena. Haur betizua, melankoniatsua, beldurtia. Badu ikasmina, gorroto du eskola eta haren lotura. Memoria ikaragarria du eta erraztasun handia hizkuntzetan. Irlandera ikasten du, italianera eta irantsesa. Boxeo saioak. Agure bat ezagutzen du, Ambrosio Smith, ijitoa. Berarekin dabil erromes urtebetean, eta ijitoen hizkera ikasten du (euskaraz, erromintxela). De Foe maite du, legeak ikasten ditu, eta berriro hizkuntzei ekinda, hebraiera, armenioa, alemana, galesa, danesa eta arabea ikasten ditu.
Londonera doa zenbait lan literariorekin. Aldizkako kazetalari. "Jose Sell-en bizitza eta abenturak" argitaratzen du. Ijitoekin bidaiatzen du.
1833an, artzai protestante baten aholkuz, Britania eta Atzerrirako Elkarte Biblikoari eskaintzen dizkio bere zerbitzuak. Astebete daukate hizkuntza orientaletan esaminatzen. Ea mantxuera urterdian ikasiko lukeen. Eta Borrowk lortu. Protestante amorratua bihurtzen da ateo sutsua zena. Errusiara bidaltzen dute Biblia eta Testamentu Berria zabaltzera. Mongolia eta Txina ere jo nahi ditu, baina ez diote baimenik ematen. 1836an berriz, Kixote zahar bat bezala, España eta Portugal neurtzen ditu mandoz. Eta orain hasiko dira euskara eta euskaldunak Borrowren bizitzan.
1838an morroiak despedida hartzen dio. Beste bat kontratatuko du, "kantabro edo euskaldun bat, asko gomendatu zidatena". Leiala eta zintzoa zela dakigu: "nagusi bezala baino gehiago tratatu ninduen lagun bezala: aurrez aurre jezartzen zitzaidan, bere iritzia ematen zidan eskatu gabe eta solasean sartzen zen aukera eta mementuro. Ongi begiratu nintzen errefrenatzetik, alde egingo baitzidan, eta neure bizitza osoan ez baitut ikusi izaki leialagorik". Baina fin gaizto egin zuen Patxik: "Frantziskok erraldoi baten indarra zuen eta arkume baten bihotza. Kartzelako patioan ere maite zuten (Borrow kartzelan sartu zuen gobernu españolak). Palanka botatzen zuen eta borrokan egiten zuen hiltzaile eta gaizkileekin, eta beti menderatzen zituen (...). Euskaldunak dira, pasiegoen ondotik, makila ongien erabiltzen dutenak Españan eta mundu osoan. Frantziskok erratza kirten mutur bat zuen eskuan. Tximista bezain azkar eutsi zion Chalecoren kolpeari, eta segundu batean, arte handiz, kendu zion labana eskutik eta paretaren kontra bota". Ijitoak ordea ez zion barkatu: "Aizu gizon, ijitoa naiz eta bajía irakurtzen dut. Ba al dakizu non egongo zaren bihar tenore honetan? Orduan, pizti baten irrifarrarekin, alde egin zuen eta ez nuen aurrera sekula ikusi. Biharamonean, ordu berean, Frantzisko heriotz ohatzean zen. Gortearen kartzelan sarraskiak egiten zituen sukarrak hartu zuen. Egun guti barru ehortzi genuen, ustelki bat eginik, Madrideko kanposantuan". Hernanikoa zela besterik ez dakigu.
Bere lanetan, maiz aipatzen ditu Borrowk euskaldunak: "Euskaldunak, tartaroak bezala (euskaldunek dialekto tartaro bat hitzegiten tasunaren eta gizatasunaren arketipoa dira; ofenditzen direnean bakarrik dira lanjerosak; orduan izugarriak dira, egia esan (...). Jende fidela eta honratua dira euskaldunak, desinteresatuak, onak eta etxerakoiak atzerritarrekin; tartaroen karakterretik guztiz gertu dauden puntuak hain zuzen. Baina lerdo xamarrak dira eta beren kapazitatea ez da, hurrik eman ere, lehen mailakoa, eta honetan ere tartaroen antzekoak dira".
Borrow ez zen Euskal Herrian barrena ibili, Baionan behin edo beste egon baldin bazen ere. Dena dela, ostalari euskaldunak laudatzen ditu. Eta gure historia gastronomikorako dato polita hauxe: "Euskaldunek ez diete emakumeei, egia esan, behar adinako estimaziorik, eta lanbide bajuetarako besterik ez dituzte gauza ikusten, Ekialdean bezala. Emakume euskaldunen karakterra oso bestelakoa da gizonezkoenetik. Pizkorrak eta azkarrak dira, eta oro har, talentu handiagoa dute. Sukaldari ospetsuak dira, eta Madrideko etxe inportante gehienetan bizkaitar batek du sukaldearen ardura". Datoaz gainera, iritzi interesgarria.
Compostelan dagoelarik, Inglaterrara idazten du gramatika turko bat igor diezaioten, "euskara hobeto ikasteko". Borrowk bere garaiko teoria linguistikoak ezagutzen ditu. Faltsua irizten dio euskararen zeltismoari, dialekto tartaro bat dela uste du, baina badaezpada ere "euskarari buruz errazagoa da esatea zer ez den, zer den baino". Hizkuntza leuna da euskara, melodiotsua, eta alde honetatik Europako ezein hizkuntza baino askozaz goragoa, italianoa bera ere baino. Zaila hitzegiteko, ordea: "Irrikigarri guti dago hizkuntza hau ikasteko. Lehenik, haren ikastea guztiz alferrikakoa da mintzatzen den lurraldean bizi direnentzat ere, gehiengoak española ulertzen baitu Españarenak diren euskal probintzietan, eta frantsesa Frantziarenetan. Bigarrenik, ikas-lana sarituko duen literaturarik duen euskalkirik ere ez du. Dagoen guztia debozio papistako liburuak dira, itzulpenak gehienak". Euskaldunok, bestalde, areago gara kantariak poetak baino. Iztuetak 1826an argitaratutako kantategia ezagutzen duela dio Borrowk. Francisque Michel-ek Borrow-ren iritzia aipatuko du euskal poesiari buruz.
1838an bi lan argitaratzen ditu Borrowk Madriden: "Embeó e Majaro Lucas" (Lukas Sainduaren Ebanjelioa, Españako erromintxelaz, calóz), eta "Evangelioa San Lucasen Guissan", 176 orrialdekoa, biak Imprenta de la Companía Tipográfican. Argibide batzuk ematen dizkigu euskarazko edizioaz: "Oteiza izeneko mediku euskaldun bati erosi nion itzulpena. Inprimategian sartu aurretik bi urtez gorde nuen itzulpena, eta aldi honetan, batez ere bidaietan, euskarazko gauzetan ezer ziren pertsonei erakusten nien. Ez ninduen itzulpen horrek betetzen, baina alferrik bilatu nuen hobeagorik". Apaizen presiopean, Francisco Gamboa gobernadoreak calóz egindako ebanjelioaren ale guztien bahiketa agindu zuen. Baina kuriositatearen aitzaki, politikoek beren artean banatu zituzten, eta hala gelditu zen Borrow ia alerik gabe. Euskarazkoa berriz Jefaturaren almazenetan gelditu zen, eta urte bereko udan, baimena lorturik, saldu ahal izan zuen.
Obra hau Vinsonen eskuetara heldu zen, eta gero Sorarrainenetara. Gaur egun Bizkaiako Diputazioan egon behar luke, 1974an argitaratutako Catálogo de la Exposición de Libros religiosos Antiguos en Vascuence zerrendan behintzat han ageri da. Baina ez ginateke harrituko jaun euskaltzale edo euskaltzain batek ezjakinon atzapar zikinetatik libratzeko etxera eramana balu.
Itzulpen honetaz gainera, beste bi ezagutzen ditugu guk, Eliza Ebanjelikoak argitaratuak: "Jesu Cristoren Evangelica San Lucasen araura" eta "Evangelica Juanen araura". Biak gipuzkeraz eta XIX. mendeko ortografian. Biak daude urte eta inprimategi berdinean eginak: Madrid. Depósito Central de la Sociedad Biblica B. y E. (Bautista y Evangélica, noski). Leganitos, 4. 1909. Establecimiento Tipográfico de los Hijos de F. Marqués, Madera 11. (Eliza Ebanjelikakoek euskara batuan jarri nahi izan zituzten lan hauek, aspaldi ez dela, ITZUL izeneko enpresa itzultzaileari eskatu zioten presupostua: hiru miloi pezeta, ehun eta bat folio bi bitarteko gizpuzkera zaharretik batuara pasatzeagatik. Zensura garbiagoa izan zen Donostiako Herri Irratiarena, iaz: nahiago zuten bi ordu galduan, Ebanjelikakoei bi minutu irabazian utzi baino).
Liburuotaz gainera, entzunak gara 78 itzuliko diska bat Suizan grabatua, urterik gabekoa, Ebanjelio zatiak euskaraz. Bizkaiko euskalkia da, ingeles entonazio handiarekin, bitxia eta atsegina. ("Buenas Nuevas". Basque. 2211. Prepare for the future. AR 987).
George Borrow 1840an ezkondu zen. Bizitza lasaiagoa darama, eta literaturari ekiten dio. Urte berean ijitoei buruzko obra argitaratzen du (The Zincali). 1843an The Bible in Spain: hiruna liburuko sei mila ale saltzen ditu urtebetean, eta bina liburuko hamar mila. Urte berean bi aldiz argitaratzen da EEBBetan. Erruso, frantsesa eta alemanera itzulia. (Badaude edizio merkeak gaztelaniaz, Alianzan. Bere lanak irakurtzean, abenturero baten ausardia eta literato baten sena somatzen dira gustoz).
Nekaturik, 1881an hil zen Oulton-en, hainbeste maite zituen eta zuten ijitoek, aspalditik bere jardinean libreki akanpatuak, errespetozko isiltasun bat zabaltzen zutelarik arrosa ihartu eta dalia zanpatuen gainean. Eta The Zincalin Don Jorge zaharrak ile beltzen arraza noblea laudatzen dueneko pasarte bat irakurriko zuen norbaitek kurpilik gabeko zaldi gurdi lehertu baten aterpean.
Ez dago burgesia txarragorik kulturarik ez duena baino.
Iparragirrerenean ez zegoen bestentzat lekurik; egin diezaiogun aurten leku tipi bat George Borrow ijitoen eta euskaldunen lagunari.
|