Haurtzaroan ikasi eta oraindik idazteko egokiak iruditzen zitzaizkidan hitzak beraurkitzeko, borondate ahalegin batean egunero erabili eta inguratu ninduen mintzairatik urrundu behar nuen lehengoz. Mintzaira honek nire pentsamenduak kutsatzen zituen, bere testoak nonahi ageri zitzaizkidan begi aurrean, eta hartan idazten nituen oharrak ere. Hizkuntza zaharrera saiatzen nintzen bihurtzen, xehetasun osoarekin menderatzen nuelako eta neure jatorrizko oldarrei lotua zegoelako. Eta, hala ere, laister azaldu zuen hartan zerbait arrotz eta menderagaitz, idatzitavo hitzek sorgor zirauten, adierazi nahi nituen ideiekiko loturarik gabe. Idoro egin behar nuen hizkerak berezko truke-funtzioa galtzen zuenean ezin zitezkeela espresa nik esan nahi nituen gauzak, eta orduan bakarrik nabaritu nuen ezagumendu osoz neure atzerraldiak suposatzen zuen haustura. Ulergarri gerta nintekeen baina oraindik mintzairaren mehetasunak menderatzen ez nituen eta giro arrotz batetik emigratua bezala irizten zidan behar orduan hartu ninduen beste herri baten mintzaira giroan bizi nintzen. Hala ere, mementu hoietan, arbuiatu ninduen herria edozein herbeste baino arrotzagoa zen eta idazterakoan, inork entzun ziezadakeelako, inorenganatzen nintzelako ikuspegi nahitaezkoa falta nuen, areago zirudien izkutatu egin behar nuela, inork ez zuela nire hitzak entzuteko eskubidea. Konprenitu egin nuen ezinezkoa zela uharte mortu eta biztanlegabe batetan espresatzea. Oihu eten batzuk bakarrik ziren baliagarri egoera horretan. Beraz, liburuen munduan babestu nintzen. Hartan aurkitzen nuen hitzegin nahi nuen mintzaira, eta nire inguruan, herbestean, bazen mintzaira, eta nire inguruan, herbestean, bazen mintzaira horri atxikirik bere sorterriko gertakarietatik aldentzen ahalegindu eta medio independiente bezala erabiltzen saiatzen zenik ere. Baina liburuen solasak fiktiziozko zerbait zuen, eta sarritan aspaldi hildako autoreri zuzentzen zitzaien, eta beren gordelekuetan bizirik zirautenetan, miseriazko egoera hautematen zen beren hitzetan ere. Izpiritu olinpiko bakar batzuk hurbilezinak gertatzen ziren, hain errotuak zeuden hizkeraren usarioan eta hainbesteko segurtasunez zuten bereganatua, ezen neure zalantzek ezin zuten haiengan oihartzunik aurkitu. Beste batzuek, Hoderer bezala, beren ideolojia defendatzen zuten, zerbait ikasten ahal nuen beren hizkera zorrotz, zehatzean, baina ez zitzaien ardura nik komunika niezaiekeena. Horri gaineratzen zitzaion nik oraindik ezin aurkeztu nuela ezerk buruturik, landurik, nire idazketa hasi berria zegoen, ordurarte zati labur loturagabeak eman nituen, eta haietan orijiltasun guti somatzen zen, gehienez ere nire bidaietan jarraiki zitzaizkidan liburutan oinarritzen ziren. Mintzaira propio baten jabe ez nintzela argiro ulertzen nuenean bertan eta ustekabean Tahiti uhartetara iritsi izan banintz hego itsasaldeko mintzaira bat ere erabil nezakeela bistan zegoenean hasi nahi nuen idazten. Ez nuen neure sorterrira itzultzea espero eta ez nezakeen imajina han egunen batetan dialogoa posible zuten taldeak eta personak aurkitu ahal izango nituela, han aurkitzen nuena neure jazarleak ziren eta aspaldi zuen erantzuna emana zidatela. Haiekin konprenitu nahi banuen bakar-hizketa batean behar luke izan eta aldi batez bakar-hizketa hori luzatu nuen hutsean. Gosariaren eszena deskribatu nuen. Aita bere arraultz egosia ari zen jaten eta haurrok beha geunden. Arraultzari ogi karraskatsu bat gaineratzen zion, eta xardeskarekin zatika murgiltzen zuen gurin errean eta gorringo urtsuan. Goiz hartan haurretako batek haren arreta berezia merezi eta asteko portaera onagatik bere saria hartu behar zuenean, zati haietako bat ematen zion. Deskribapen gogoko bat ez lorturik, aldaketa batzuen ondoren, nire oraingo mintzairara saiatu nintzen itzultzen. Hitzen hautaketan ere zailtasunak sortu ziren, ortografiarekin eta esaldien joskera gramatikalarekin ere ez nengoen seguru. Esakunak falta nituen eta hiztegira jo behar nuen. Baina uste nuen moteltasun eta murdukatze hori hobeki zegokiola nire egoerari hizkera ezagunegi baten transkripzioa baino. Deskribatu nahi nituen egitateak gertatzen ziren herrialdeak ezezagunak nituen, nire eskumenetik at zeuden. Halatan, mintzaira arrotz bat ere balioduna zen. Lehenik hitz bakoitza idoro behar nuen, bilaketa urduri batetan, eta ageri ziren gertakariek molde harrigarri eta ezustekoak hartzen zituzten maiz. Zalantzaldi baten ondoren, ordurarte naturala iruditzen zitzaidan espresiobide bati atxikitzeak baino, nekez, pausoz pauso aurreratzen zuen ibilaldi horrek zentzu handiagoa zuela hasi nintzen sinesten, eta horren ondorioz liburu zaharrak ere arbuiatu nituen, beren ritmoaren oroitzapenetik urrundu nintzen, eta mintzaira berriko lanak bakarrik hasi nintzen irakurtzen.
* * *
Neure burua berriro aurkitu nuen arte, ilunabar batetan, abenidako arbolen pean Sena inguratzen duen nasan, neure dimensioak bereskuratu nituen. Zutik nengoen geldirik oso, txalupak ikusten nituen iragaiten, ordurako izkutatua zen eguzkiaren dizdira ikusten nuen Eiffel dorrearen muturrean, banekien zer izena nuen, nondik nentorren eta norantz nahi nuen jarraiki neure bidaia, nahiz eta han behin behineko zerbait besterik ez aurkitu, teilatu bat burugainean, eta iadanik ez zen norabiderik gabeko ibiltze bat, higidura zehatz bat baizik lurraren azalean, herri batetan auzotua sentitzen nintzen, aste pare bat nuen iragana Parisen, dirua ahitua nuen, egunen batez bertara itzuliko nintzen, lan propio batekin etorriko nintzen agian, maitale batekin egingo nuen bidaia agian, berarekin promenatuko nintzen abenidan, ohe zabalean bakarrik egotea pekatua den hotelaren gelatako batetan biziko nintzen berarekin, eta promenatuko nintzen abenida bertan zegoen, eta hoteleko gela pronto zegoen, gure etorrera arte urteak iragan behar bazituzten ere. Ilunabar hartan presentatu zena, Senaren nasan, ez zen bide bat ez jakite bat, nik ez nuen inolako ideiarik izantzari buruz, ez nuen inolako asmorik, airearen argitasuna baizik ez nuen somatzen, zutik nengoela eta arnas hartzen nuela somatzen nuen, eta askatasunaren konmozioak jaurtiki ninduen gauetik irtena nintzela. Askatasunak irauten zuen, baina ni hartan gorpuztua nintzen, ez zen iadanik anonimatoaren ameskaitzak inguratzen ninduen eta izendatze guztiek zentzua galdurik zuten hutsarte bat, nik gauza bakoitzari izen bat ematen nekien askatasuna zen. Ikuspundua bakarra zen aldatu. Berriro ere hondarretaraino edan nuen indepentziaren beldurra, neure burua erortzera utzi nuen eta neure nortasuna osatzen zuten usteak eta ahaleginak oro baztertu nituen, eta hantxe aurkitzen nintzen orduan, Allée des Cygnes-eko arbolen artean, eta hura gertakari argi eta soila zen. Erdian nengoen, hasieratik nituen poloetatik bide berdinean, Bagdad-eko lapurraren poloa eta Tabu poloa, bizimodu laxoaren poloa eta jaustearen poloa. Askatasuna osoa zen, hartan galdu eta beraurki nintekeen, muzin egin niezaiokeen orori, ahalegin eta herritasun orori, eta hizketan has nintekeen berriro. Eta orduan nigan ezarri zen mintzaira, nire bizitzaren hasieran ikasi nuen mintzaira, nire lanabesa zen mintzaira naturala, iadanik neurea bakarrik nuena, eta zer ikusirik ez zuena hazi nintzen herriarekin. Mintzaira hura presente zegoen, nik nahi nuen lekuan eta nonahi gerta nendin, Parisen edo Estokolmon, Londonen edo New Yorken bizi ahal nintekeen, eta mintzaira neurekin eraman, trasteriarik arinenean. Ordu hartan gerratea gainditua gertatzen zen, eta gainbiziak ihesaren urteak. Hitzegiten ahal nuen, nahi nuena esaten ahal nuen, eta agian norbaitek entzungo zidan, agian bestek hitzegingo zidaten eta nik ulertuko. Gertatutako guztia presente zegoen, baita mintza egin gintezkeen hartaz, ez zen beharrezkoa izkutatzea. Eta papera eros nezakeen, luma bat, marrazteko lapitz bat, pintzel bat, eta irudiak sor erazi, nonahi eta noiznahi. Eta hitz eta irudietaraino iristea zaila zen arren, ez zen ni inongoa ez nintzelako, ez ulertze posibilitaterik aitortzen ez nekielako, baizik eta hitz eta irudi asko hain sakonean zeudelako izkutatuak, non bilatu beharrak ziren, haztatuak eta luzaro konparatuak, materiale komunikagarri bat eman aitzin. Ilunabar hartan, 1947ko udaberrian, Senaren erriberan Parisen, hogeitamar urteko, inongo herriri ez lotua, neure inguruan gertatzen zen ideia-harreman batetan parte har nezakeela ikusi nuen.