nor
Nola akabatu erlijioa behin betikoz
Monoteista purtzil baten erreflesio teologikoak
Jon Lariz
Erreflesio hitza ez da agian egokiena lerro hauek izan nahi dutena adierazteko, subkonszientean ber-flesionatzea esan nahi baitu, objektu bat alde batetik nola bestetik flesionatuz begiratzea. Egokiago dirudi euskarazko
HAUSNARKETA hitzak, euskara naturari gehiago hurbiltzen zaion hizkuntza baita, eta beraz antzinako eta naturazko gizakiari ere bai, eta horrenbestez barne-bizitzaz imagen zuzen eta gardenagoak dituena. Hausnartu, gaztelerazko reflexionar horren kide, baina batez ere rumiar esan nahi duena. Kontzeptuak hausnartu beraz, adimenaren hortzaginen artean harrapatu eta xehetu barneko gustoa dastatzeko, digeritu eta berehala ostera maluskatzeko. Begirada galduko behiaren iduria ere dakarkigu gogora. Nola edo hala, ikus daitekeenez, erreflesioak baino iduri naturalagoak. Baina erlijioaz mintzatuko garenez eta ez linguistikaz, lotu gakizkion ariari, aurre-oharkizun hauen ondoren, ez baita posible egiarik izkutuen eta gorenak ikastea haiek formulatu zituzten hizkuntzak ezagutu gabe.
Monoteismoak fanatismora eta hilketara daramalako mitoa dago, hala erlijioan nola politikan. Gezur latza. Monoteismoa aurkitu edo asmatu zuena fanatismoa eta estutasunaren antitesia da. Akhenaton edo Amenofisis IV, unibertsoan jainko bakarraren aurkitzailea, gainerako faraoien iheratismoaren antitesia da. El Cairoko Museoan gordetzen den estatuak ez dauka deus ere Egiptoko beste erregeen urruntasun hotzik. Ondikotz, Mik Jagger katxondo eta afeminatu bat dirudi, ipurtalde borobildu eta aurpegi zaldizkoduna.
Beste erlijioek, liburu handidunek liburu banakakoek beren burua monoteistatzat aurkeztu badute eta fanatismoa praktikatu, ez da monoteistak direlako izan; biteistak direlako baizik. Ez dute jainko bakar baten izatean sinesten. Bada hala balitz, zertarako mesprezatu beste jainko hipotetikoak. Zeren kasu horretan, jainko bakar beraren interpretazio zakarragoak lirateke desarrollo kultural eta metafisiko apalagoa duten herriek egindakoak, edota harrizko, zurezko puskak adoratzen dituzten inozoak lirateke. Baina fanatismoa eta beste jainkoen ukapena bi jainkoen izatean sinestetik dator.
Erlijio handi direlako hoiek, liburu sakratu bat dutelako, baina benetan plajio bat dena (inork ez daki beren artean edota hirugarren batena), etsaien eta kontrakoen jainkoagan indar handiagoz sinesten dute beren jainko propiagan baino. Adore sutsuagoa ipintzen da etsaiaren jainkoa erasotzen norberarena adoratzen baino. Norberaren jainkoaren izatea gauza etereo eta metafisikoa da, eta hortaz izate horrek dudak ere onar litzake gure animarentzat bortizki garratzak diren uneetan (astelehen goiza, haitzur-biharamonak, emazteak uzten zaituenean), baina kontrarioen jainkoak izate fisiko bat dauka, zeina haren sinestzaileen astakeria izuan manifestatzen baita. Norbera, izan ere, indartsuago da bere fedean, etsaiaren aurrean dagoenean, eta ez da horren fanatikoa zapatillak jantzirik dagoenean etxean, fededun-lanetan ari gabe.
Erlijioa, instituzionalizaturik ala gabe, jainkoaren alderdirik prestuena da. Gizakiek berez bakarka edo kolektiboki jartzen dutena jainkoaz duten ideia horren gainetik. Jainkoa humanizatu egiten da eta irensgarri bihurtu erlijioa dela medio. Egia da, ordea, alderdi positibo honetaz gain, erlijio guztiek ritoz, mitoz eta pitoz beterik daudela, zeinak mundutarrok izorratzeko pentsatuak direla dirudien. Ramadan eta Garizuma, barau eta haratuztera behartzen dutenak, Aste Sainduko prozesioak iduri pisuak eramanez, haur jaioberrien bataioa bildots sarraskituaren antzo egin dezaten marru, zeremonia amaigabe eta aspergarriak, lehenago hizkuntz ulertezinetan zirenak eta nolabaiteko partizipazioa uzten zutenak sursum corda hark zer esan nahi ote zuen asmatzen, baina orain imaginazioari eta herriari partizipazio guztia kendu diotenak erromantzean esaten baitituzte askotan lehen bezain ulertezina bada ere eta etcetera luze bat errosario, letania etabarrez osaturik. Baina zeremonia hauetaz kexu dena izpiritu estuko gizakia besterik ez da, bizitzaren alderdi negatiboak baizik ikusten ez dituena.
Zeren, esaidazue, nork jan ote du ezer gozoagorik masoiek ostiral sainduan jaten zituzten idi gailego-txuletak baino, haragi odoltsuaren zaporeari beste gizakiekiko lotura mistikoaren balio eukaristikoa erantsiz, haiek ere berariaz eta bortizki baitziren partaide bekatu berdinean, alebosiaz, patata frijituak eta entsalada jateko plazerrari jainkoaren beraren aurka egiteko balio prometeikoa emanez. Nork ukan lezake duda gizaki haiek bere makuluan oraturik behin eta berriro ahozabalka zegoen bikarioa bera baino fededunagoak zirela.
Botereak beti sinesterazten dio borondate oneko herriari, haren ministroak direla lotsagabekeriak egiten dituztenak, eta berak ez direla enteratzen, bestela balitz ez bailituzkete inola ere onartuko.
Hala berdin gertatzen da erlijioaz, norbaitek gizaki mundutarrak konbentzitu baititu jainkoa guztiz ona dela, baina elizak eta erlijioak egiten dutela kale. Gezur borobila. Erlijioa herri-kulturaren agerpenik zabalenetakoa da. Herri-kulturaren parterik handiena erlijiora mugatzen da. Gertatzen da ordea biteismoa, bestearen jainkoagana duen errespetu eta bildurragatik, gogotik saiatzen dela herriak ez dezan ezagutu nolakoa den beste jainkoa, beste erlijioari atxekiko ote zaion bildurrak eta arrazoi askiz. Baina monoteismoak (izan) den jainko bakarraren manifestaziotzat jotzen dituenez guztiak, harentzat erlijio guztien ezagupena herrien kultura sakontzeko biderik onena da.
Euskadin bada jende anitz kristaua ez dela diona. Eta bere emaztea estrangulatu berri duen filosofoaren grabetasunaz esaten du. Kristautasuna inpuneki akabatu daitekeen emaztea balitz bezala. Katizimak dion bezala, Jainkoaren graziari esker gara kristau, eta ezin dugu horretaz liberatu. Gure egunoroko elkarrizketetan diogunez, errezago da jostorratzaren begitik gamelua pasatzea, Lakuan ez-jelkide bat sartzea baino, erlijio-kultura mundu guztiarena balitz bezala erabiliz. Haitzur-biharamonetan galduak-edo gelditzen gara, bake beatifikoan boligrafo punttan zenbat aingeru kabituko ote diren pentsatzen, ahalegin metafisiko ttipiena egin gabe, goiza modu leun eta epelean pasatzeko era baita bulegoan.
Nola ez eskertu erlijioari herrietako meza nagusiak gozatzeko aukera emana, neskato lirainek, begi trebeak aukeratutakoek, gregorianoa ahots akonpasatuz kantatzen zuten bitartean, intzentsuak bobeda guztiak hartu eta bere usain lurrindua gure poro guztietan barrena sarturik, erretoreak hitz ulertezinak baina txit ongi esanak marmariatzen dizkigun bitartean, geure begirada aurrean belaunikaturik dagoen gona eskozesdun neskatoaren izterretan galtzen dugun bitartean. A zer poza eskolan, irakasle guztiek eguneko ikasgaia zerorri galdetutako egunaren ondoren, biktimatzat hauta zitzaketen berrehun gazteetatik zerorri hain zuzen, ordu erdiko atsedenaldia uzten zizuten munduko herrialde guztietan zehar hamaika abentura eta bost imajinatzeko, gizon egindakoan zer izango ote zinen dibujatzen saiatuz eskimaleen artean misiolari, esmeralda-biltzaile Colombian, agitatzaile komunista Angolan, dendari Chilen, okin Mexikon, pelotari Miamin eta horrela ezagutzen zenituen lanbide guztiak eta aita Pioren mapamundian agertzen ziren herrialde guztiak errepasatzen zenituen, adiskide guztiek zeuretzat, zeure imajinazioa indartzeko eta lozorro ezti hori sortzeko, errepikatzen zuten bitartean Dios te salve María llena eres de gracia, etc. Zer esanik ez udaberriko arratsalde zoragarri haiek, azterketak hurbil zirenean eta ordu luzeetan ikastera behartzen zintuztetenean, eta azkenik iristen zen aste saindua, eta herrira prozesioan buelta bat emateko baimenaz gain, herriko neskatoak lasai begiratu ahal izateko txano bat ematen zizueten, eta batzuetan pasoaren azpian sartzeko aukera txit handia ematen zizueten, eta modu horretan ez bakarrik herritar indartsu haien artean kurpilean oraturik joatea prozesioan, baizik eta aldi berean ardotrago ederrak eman.
Baltsamo guzti hauek eskertzen ez dizkiona erlijioari, inozo hutsa da ala bestela legeak ez betetzeko eginak direla ez dakien biteista bat. Zer izango ote litzateke bizitza lege eta erregelarik gabe. Asperkeriarik izugarriena, bada orduan bai guztia izango litzateke lege, deus ere ez legoke gaizki egina. Non legoke bekatuaren plazerra? Jainko oroahalduna bera ez obeditzeko gozotasuna. Beharrik legeak dauden.
Non legoke adulterioaren plazerra, misterioarena, zita sekretuena, etc., balio berdina baldin balu emakume batekin nola besterekin oheratzeak.
Erlijio katolikoak euskal herriarentzat eta mendebalde osoarentzat asmatu duen mendekurik handiena, Vaticano II Kontzilioa ospatzea izan da, non kendu diren latinak, erregelak, prozesioak, etc., eta zertan gelditu dira, ez eliza, hau agian sendotu egin baita, bestela ez zukeen eginen, baizik fededun gizajoak. Aste sainduko prozesioaren ordez Aberri Eguna eta maiatzaren lehena jarri behar izan da, horrek gizartean elizaren beharra nabarmendu besterik egin ez duelarik. Mozorro txanoduna eta kolore ubel edo orietan, kaiku eta pegatak baino alaiagoa zen. Herriko mutikote besolodiek balantzatutako sainduak prestantzia handiagoa dauka dudarik gabe ibilbide aspergarrian zehar mila bider zapaldutako plastikozko pankartak baino. Garraisiak ere, elizarenean leunduz joan zirenak, eta lehenengo prozesioetan esango ziren viva dios eta antzekoetatik, saeta ederretan bihurtu edo Perdona a tu pueblo, Señor, perdónalo señor bezain kanta eurobisiboetan.
Zer esan erretoreetaz. Antzina orohaladun, eliztar guztien bekatuen ezagule, herriak errespetatu eta bildurrez begiratuak, egun osoa eta urte osoa sotana beltzez jantziak egon zitezen onartuz. Zer dira egun, beste edozein mundutarrek bezala jazten duten gizajoak, ofizio erlijiosoak salbu, eta gainera lan egitera beharturik daudenak, sinbolikoki bada ere, zertan dago herriaren gaineko beren boterea, aitorpena ere publiko izan daitekeen egunotan. Zertan bere misterioa sakramendua loidi ardoa eta barkillo finaren ordez rioja eta ogi arruntaz ospatzen dutenean.
Ez da harritzekoa beraz antzinako boterearen bila komunismoa edo abertzaletasun militantearen babesa bila dezaten, horrela egun osoa anorak eta buzoz jantzita ibil baitaitezke, berak bakarrak bailiren egoera konkretuaren analisis konkretuak egiteko gai. Menages a trois eta camas redondas montatu beharra, lehen konfesionarioaren iluntasun epelean eserita ezagutzen zirenak ikasteko.
Teosofia
Erlijioa baino askoz interes gutxiagokoa da zer eta nola ote den jainkoa, rito eta mitoez gain, hau da, berez. Eta ez bakarrik zibilizaziorik nabarmendu ez delako originalitatean bere jainkoak asmatzerakoan, baizik eta, esan beharra dago, jainkoak ez direlako inongo zibilizazio eta garaitan modu originalez azaltzen nabarmendu. Diferentzia honek, irakurle maite hori ohartua izango denez, irakurketa azaleko eta nagi batez ematen duena baino mami gehiago dauka.
Jainkoa gizakien imaginazioaren fruitu da, beren buruari ateo deitzen diotenek dioten bezala, hain fenomeno nabarmenen aurrean burua izkutatuz. Edo alderantziz gizakiak ote dira jainkoaren imaginazioaren fruitu. Nolanahi ere, epistemologiaren aldetik, bi hipotesis hauetako edozeinekin ez dugu deus asko aurreratzen. Zeren nola hel gintezke jainkoa bere izatean ezagutzera, gizarte konkretu batetako gizakientzat denaz aparte. Kantek errez soluzionatuko luke arazoa, esanez gure burua adimenezkoa dela, eta jainkoak errazionaltasun honetan parte hartzen duela, materia eta forma bezalako berdintasun bat emango zelarik. Baina hori bide ertzetik ibiltzea da, bere herritik sekula atera ez den jendearen gisa. Hori bezain inozoa da barne-bakea eta aszesisaren bila dabilen jendearen jokabidea, horrela jainkoa hobeki ezagutuko dutelakoan, ezaguna baita tripa hutsik begiak lausotu eta adimena ez dela hain zuzen ere zorrozten.
Monoteista moderno batek jainkoaren izatearen frogarik nagusiena argudio ad absurdum batetan oinarritu behar du. XX mendean bizitako inork sinestu ahal lezake bi gerrate mundialak, Hitlerren boterealdia, Vietnamgo gerratea, krisialdi ekonomikoak eta beste horrenbeste kalamitate patuaren poderioz gertatu direnik. Egunkarien irakurketa soilak, titularreetan besterik ezean, edozein pertsona inteligenteari adierazten dio izate superior bat dagoela, zeinak humanitatea akats eta astakeria berdinak egitera bultzatzen duen, gizakiak beren kreatzailearen eskutan diren umeak senti daitezen.
Jainkoaren beraren izatea demostraturik, zailena da izate honen ezaugarriak zeintzu diren jakitea. Xehetasun hauek ikasteko bidea ez da zinez erreza, bada, inork kontakto zuzenik edukitzeko posibilitatea aldaratuz, hura ezagutuko luketen bitartekoetara jo beharko litzateke. Ezinbesteko da errebelaziora jotzea.
Ikusgarria da egungo erlijio handiek, berauetako fededunek hala deituak liburua izateagatik esan bezala, beren burua jainkoa eta gizakien arteko bitartekotzat aurkeztea. Hauek, beste inperioen artean bitarteko izatearen mende egon ohi den boterea duten herriengan sortuak dira, hala nola hebraiarrak eta arabiarrak, Mediterranoa alde batetik, eta Egipto eta Tigris eta Eufrates ibaien inguruan sortutako inperioen erdibidean hain zuzen ere. Mendeetan zehar inperio hauen arteko elkar-trukea "lerro berdean" monopolizatzea aski ez ote zelarik, finean arima eta jainkoaren arteko elkar-trukea eta merkataritza ere monopolizatu dute.
Jainkoari buruzko errebelazio guztiak ez dira osoki baliozkoak. Ez dago, izan ere, jende gehiegi benetan fio izateko, zeren askotan arima eta jainkoaren arteko hurbilpenak bolada aszetiko luzeegitan baraua eta abstinentzia gorde duten pertsonen bidai fantastikoen gisan azaltzen baitzaizkigu, eta ondoren, jainkoaren behar bezalako deskribapena eman ordez, arimak jainkoaganako hurbilpen horretan esperimentatzen dituen zirrarak besterik ez dizkigute eskaintzen. Ikusgarria da baita ere beti bide zidorretan zehar egindako bidai harrigarriez mintza daitezen, gora doazen muinoez, musika isilez, argiz beteriko iluntasunez, etc., jainkoaz ideia kauturik egiteko deus ere laguntzen ez dutenak.
Jainkoa aurrez aurre ikusi duen pertsona fidagarri bakarrenetakoa Moises izan da hain zuzen. Hark jainkoaz emandako bertsioa zinez laburra da, baina pertsonaiaren izaera zientifiko eta hotza ez dira zalantzan jartzekoak. Arturo erregeak bezala hamabi tribu herri bakar baten bildu zituena, lehenik faraoiaren kontra burrukatu zena eta ondoren faraoiaren kontra Egiptoko tipulak hobeki dastatzen zirela esaten zutenen kontra, bere herria lur prometatura eraman zuena, baina sartu nahi izan ez zuena. Guzti honek garantiarik aski eskainiko ez balu, jainkoaz mintzatzen denean ez da gisa txarrez enrrollatzen berak sentitzen zuenaz (ilezko adar zuri batzuk hazten zitzaizkiola, pasatako bildurra, etc.); harira doa zuzenean eta jainkoak esandakoa dio laburzki:
Ego sum qui sum.
Nondik ikasbide anitz erauz litezkeen. Lehenengoa, linguista espabilaturen batek esango lukeen bezala eta barka erredundantzia latina zekiela da. Hori arras eztabaidagarria delarik, bada gomentario honek arazo diakronikoen abstrakzio arriskutsua egingo luke. Nolanahi ere, hori gorabehera gutxikoa litzateke, zeren jainkoaren ahots hotzirakagarri eta trumoitsuak ez zuen zergatik inolako hizkuntz ezagun batetan mintzatu beharrik, energia hutsa litzateke, Moisesek egiten zuen hizkuntzan ulertu zuena.
Ez da munduan ezer inozoagorik jainkoaren afirmazio lakonikoaren aurrean egindako imintzo nagia baino. Horrek ez baitu ezer askorik adierazten inoren hezkuntza teologikoaz eta enrrollerako kapazitateaz. San Tomas Summa Teologica bat idazteko gauza izan baitzen esaldi honetaz baliatuz.
Zeren, ikus dezagun, zer adierazten digu ni naizena naiz horrek. Begirada zuhurtasunez lausotu besterik ez dago, edo imaginazioa askatu begiak behi-itxuraz irekiz, pentsakizun honen sakona kaptatzeko. Ahalegin hau egina baduzu, irakurle maitea, ohartuko zinen dagoenekoz ni naizena naiz hori izan aditzaren bi esanahien batasuna dela, esentzia eta existentzia, eta ez zabiltza oker, adierazi nahi duena ez baita besterik. Aurrena arraultzea ala oiloa izan ote zen eta eztabaida hori arraultze frijitu bat egiteko bezala puskatzen dela, bera bi gauzak batean baita, esentzia (bere jainko-izatea) eta existentzia (bere izatea eta existitzea). Ulertuko zenuen dagoenekoz ez zizkiela jainkoaren bozak sorterazi Moisesi ilezko bi adar zuri bekokian, bere hausnarketa filosofiko sakonak baizik. Ideia hauekin korapilaturik zebilen, Arafat menditik jetsi legearen oholak eskutan zituela eta, helas, bere herria urrezko zekorra adoratzen ari zela aurkitu zuenean.
Eta azkenik, bere herriaren erantzun eskergabea ikusirik, zeinak harriturik eta fede gabe begiratzen baitzuen nola ari zen su eta gar sustantzia eta esentziaren arteko batasuna esplikatzen, eta behatz bizkorra lokian borobilean nabarmenki mogituz, haserreturik eta bere grina gaiztoa ezin eramanik, bere herriaren buru gainera jaurtiki zituen legearen oholak eta atzera joan zen Arafat mendira, ez jadanik jainkoaren boza entzutera, baizik eta herri gor eta sineskaitz haren aurkako mendekurik garratzena, liberazioaren teologia elaboratzea.
Honela idatzi zuen berriro Exodoaren liburua, historia osoa funtsean aldatuz. Kontua ez zen jadanik Egiptotik alde egin zutela, ez baitzegoen faraoia eta bere kapatazak agoantatzerik, izarretik izarrera aseguro sozialik gabe lan eginez, eta mandoaren gisan harritzarrak karriatuz, beren egiteko propina betidanik salerosketa izan ohi zelarik, inperioen arteko bitartekoa izatea, eta suertatzen zenean herrien eta jainkoaren arteko bitartekoa. Aitzitik, oraingoan kontua zen ez zela herria izan jainkoa baizik egoera horretaz nekaturik zegoena eta Egiptotik atera zituena, areago beren borondatearen aurka, herri hautatu bihurtzeko.
|