68ko maiatzak herri baten kontzientzia eta helburuen neurritzat grafitiak deskubritu zituen bezala, trafiko-sinale kaletar eta ofizialak dira bilakatzen ari boterearen portaera linguistikoaren ispilu publiko. Populu xehea ez omen da, Euskal Herrian ere, oso irakur zale, baina bada irakurketa ez-boluntario eta derrigorrezko bat egunoro inposatzen zaiona kalean, autobusean, telebistan. Testo urbanoaren soziologiak errebelazio harrigarriak eginen lituzke, Euskal Herrian inon bada. Herriaren sektorerik militanteen errebolta ezabatzailearen eskuak kaos linguistiko batetan suntsitu zituen trafiko-sinale gehienak, turista eta bisitariak oro norabide galduan jarriz. Boterearen jokamolde narratsaren erantzunak, folklorekeria grafistara jo ez duenetan (Eibar-Eibar, Ermua-Ermua adibide patologiko hura), analfabetotasun baldar ulerkaitza azaldu du (Tolosa Erdia!!) edo botere hori maneiatzen duen alderdi barruko konponketa erreakzionario, dialektozale eta, beraz, erdarakoien adierazgarri izan: inon "Hiri Erdia" bazen orain "iri erdia"; "ondartzak" baina "Playa de Gros"; "Bilbao-Bilbo" baina "lrún-Francia"; "Correos y Telégrafos" ez dago euskaratzerik; "kontuz nazazue: cuidame" paperrontzietan. Kale-grafismoaren guduak luzaroan iraungo duelako esperantza dugu.
|