L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-15 (1983-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Bernardo Atxagaren espazioak

 

Mikel Hernandez

 

Bideak asko errazten dizkigun obra literarioa da Atxagarena. Bere idazkiak ez dira saiatze literarioak soilik baita "poetikoak" ere, "literarioak", erreflexio eta gogoeta literario teorikoak. Hain zuzen ere, euskaraz idazteak eta euskaraz literatura idazteak (bi gauza diferente xamar) dituen problema ugarietako batzu soluzionatzen dizkigu. Ipurlana aurreratu digu, beraz, harek esango lukeen modura esanik. Eta hori horrelaxe da nahiz eta haren obra oso luzea ez izan, horregatik eskeini zitzaion numero monografiko bat SUSAn, Atxagaren obra urria zela (baina ez hain urria) jakinik ere (hamaika eta bost aldizkaritan dago barreiaturik Atxagaren prosa literarioa, esaterako, eta jende gutxik irakurri duenezkero mereziko luke bildumatxoren bat egitea.

        Neurri batean bederen, euskaraz literatura egitearen zailtasunagatik sortzen dira gure ustez Atxagaren espazio literario berezi batzu; ez guztiak. Zeintzu diren zailtasun horiek zaila da esaten eta agian ez nagoke ni berarekin oso ados 25. Jakin-en, esaterako, hauexek aipatzen dituenean:

1. Euskara batua ia neolingua bat da. Ez da ailegatu, neurri haundi batez, literaturatik, linguistikatik baizik.

        Lehen honetan ados gaude, baina ez zeharo zeren Michelenak Aresti eta abarren hizkuntza literarioa hartu zuen batasunerako oinarritzat, eta Arestik egin zuen Arantzazuko batasunerako deia. Hauexek dira Michelenaren beraren hitzak, zehazki, Koldo Mitxelena, E. Ibarzabalen liburuan esanak: "yo me basé en un tipo de lengua ya existente que aunque no tengo don de profecía, era la que parecía marcar la pauta, el lenguaje adoptado por la gente más viva, más creadora y más activa entre la que cultivaba el euskera, y sabiendo que este criterio era perfectamente discutible".

        Nahiz eta ez zegoen Michelenaren kaskoan norma ireki bat egitea baizik, gizarte guztietan daude edozein status Jainkotzat hartzeko mania dutenak eta horiek eraman dute euskara batua aseptikotasun itxi batera, aldizkari batzuetan egiten diren re-writing-ak esaterako (ez guztietan), hasiera batean ongarriak eta beharrezkoak izanarren hizkuntza itotzeko arriskua, erraz, dutenak. Re-writing-a egitea gauza zaila bait da estilo diferenteak gorde nahi baldin baditugu, zeren re-writing-a estiloak berdintzerantz bait doa erraz. Ez dakigu noraino ez ote den gaurko euskara batu esklerotizatu hori, neurri batez behintzat, re-writing ugarien produkto fatala (baina noski re-writing hori beharrezkoa zen (eta da?), hor dago koska).

        Estiloaren problema Atxagak aipatzen duenean konnotazioarena dela iruditzen zait. Euskara batu itxi batek konnotazio guztiak edo makina bat behintzat borratu ditzake eta hori nahiko garbi dago gaur egun gaztelaniazko kutsurik duten hitz gehienak mekanikoki neologismo euskaldun batetara batzuk pasatzen dituztenean. Ez da gauza berbera "batidora" eta "irabiagailua", oso gauza diferenteak baizik. Bata edo bestea jartzea inportantzia handikoa da konnotazioa diferentea delako, eta are inportanteago obra literario baten barruan (kosmos baten barruan) nahiz eta aldizkari periodistiko batean hain inportantea ez den.

        Atxagak apuntaturikako zailtasun gainerakoak:

2. Berezia ez ezik, Batasuna arraro xamarra izan da.

3. Euskara hizkuntza enblematiko bat bihurtu da.

4. Iraganaren arazoari ez diogu soluziorik eman oraindik.

5. Erderarekiko amnesia daukagu.

        Atxagaren hitzak dira hauek ere: "estilo-eza dela azkenaldi honetan euskaraz idazten ari garenon arriskurik haundiena" (Jakin-25). Baina nola ezkontzen da hori Arantzazuko Txostenean Michelenak zioenarekin?: "'Euskal usaina', 'euskal kutsua' deritzatena ongi dago, noski, euskal gaiak darabiltzagunean, Euskal Herriko mendi giroa irakurleari sumarazi nahi diogunean. Hortik kanpora ordea, badirudi ur garbiaren pare behar duela izan behar bezalako prosak: inongo usainik, kolorerik eta zaporerik gabea. Euskal kutsua badario, barren muinetarik dario, ez axaleko edergarrietarik".

        Michelenak proposatzen duena ez da estilo eza azken finean, baizik eta kutsu bakar bat (baserritar kutsua) denetarako erabiltzearen ukatzea. Orduan euskara aseptiko batetik (administrazio-euskara bat ia) konnotazio desberdinetako euskaretara pasatu daiteke eta garbi dago Atxagak lortu duela, esaterako, baina hori bezain egia iruditzen zaigu euskal orijinaltasun ezagatik euskara aseptiko horretan gelditu garela kasu gehienetan, konnotazioak (hain inportanteak literaturan) gehiegi erabili gabe.

        Bost puntu horien artean, ez dagoen eta Atxagak beste batean aipatzen duen problema bat ere badago azpian: beste hizkuntza batzutan baino euskara konnotatibo gutxiago dago euskaraz.

        Gainera konsekuenteak izanezkero eta nobela errealista bat Euskal Herrian kokatuezkero, esaterako, nahitanaiez azalduko zaigu, segun eta ze planotan mugitzen garen noski, bilinguismoaren problema. Edo trilinguismoarena. Zeharo konsekuenteak izanezkero erdara eta euskara, biak izango dira euskal giro urbanoko nobela batetan agertuko liratekeen hizkuntzak. Hori, noski, ia bazter ezina delako, euskal kutsua hemendik edo handik edota alde guztietatik agertzea normalena denezkero.

        Egin liteke literatura intimistago bat zeinean bilinguismoaren problema sozialak agertuko ez liratekeen. Edota española besterik hitzegiten ez den inguru bat aukeratu eta dena euskaraz jarri, dena gaztelania izango balitz bezala. Hori egiten bait da beti hizkuntza batetik beste hizkuntza batera obra bat itzultzen denean. Baina problemak azaltzen dira segituan. Errealtasunaren efektoa puskatuko duten problemak. Hau da, objeto erreferentzial moderno guztiak (gehienak) gaztelaniaz emanak ditugu (edo frantsesez) eta ez da berdin irabiagailu edo batidora (Kintanaren hiztegia oso ondo dakitela manejatzen besterik ez digute demostratzen hori egiten dutenak, baina hori ume batek badaki). Euskaraz ez dago lasaitasunik ondo narratzeko. Irabiagailu hartzea izan da Txillardegik aukeratutako bidea. Batidora, Saizarbitoriarena; gure ustez koherenteena. Zeren irabiagailu bezalako hitz irreal bat ezin dugu sartu giro erreal batetan, ondratuki, hau puskatu gabe, deterioratu gabe.

        Beste soluzio bat, problema horren aurrean, imajinaziozko narrazioarena izan daiteke (poesian ez da problema hain larria oso munda abstraktoan mugitzen garelako, baina ez beti) zeren eta narrazio mota honetan azaltzen den mundua erdi-konkretoa da, ez da errealismoan agertzen dena bezain konkretoa. Guzti han dela-eta agertzen da erdara 100 metro-n, Ene Jesus eta Egunero hasten delako-n, edo J.A. Arrietaren nobelan etc. (nahiz eta honen kasua diferentea izan zeren batzutan erdi bide batetan gelditzen da, alde batetik erdara sartu, bestetik ordea eta esate baterako kafe-molinilloari "eiharaxka" deitzen dio).

        Kausa gisa, posibleago iruditzen zaigu euskaraz nobela gutxi idaztearen problemaz aritzean gorago komentatu dugun guztia eta ez hainbeste Atxagak ematen duen explikazioa: aditz iraganaren problema. Egia esan, ez dakit ondo non dagoen problema preterito pluskuanperfektoarena aipatzen duenean (Jakin-25 eta 418. Anaitasuna-ko dossierrarena). "Había llegado al puerto un poco antes": "Pixka bat lehenago ailegatu zen (ailegatua zen) portura" esan bait daiteke. Ez dakit ondo ulertu dudan, baina nik behintzat ez diot aurkitu inolako problemarik.

        Guri presentatzen zaigun problema Kafkari berari presentatzen zitzaion berbera da eta ez da kasualitatez honen obra munda erdi-konkreto batean kokatzea. Kafkaren hizkuntza literarioa alemana da, baina oso aleman berezia, administraziozko aleman aseptikoa. Kafkaren aitak ez zuen sekula alemana ondo ikasi esaterako. Kafka Pragan jaio eta bizi izan zen, alemana minoria baten hizkuntza zen hiria. Eta ze hizkuntzatan zeuden Kafkaren gogorapenak eta erreferentzia errealak? Antzeko kasu bat gertatzen zaio Elias Canettiri. Bere haurtzaro guztiko gogorapenak ladinoz eta bulgaroz kutsaturik dande baina Canettik aipatzen duenez alemanera itzuliak izan zitzaizkion salbu eta gertaera bereziki dramatikoak, heriotzak, erahilketak edo bere beldurrik txarrenak. Nola gertatu zen fenomeno hau, berak uste duenez, inkonszientean gertaturiko traduzio batez explikatu liteke.

        Guzti honengatik, seguruena, desarroilatzen dira Sarrionandiaren bi ipuin bikain horiek Txina eta New York-en. Arazo honek izugarri markatzen du gure literatura. Horregatik da soluziorik zuhurrenetakoa espazio mitiko bat bilatzea gure literatura, koherentago idatzi ahal izateko.

 

        Ziutatea eta Obaba

        Ziutatea da Atxagak aukeratutako lehen espazioa, medio urbanoa azaldu nahi duenean. Haren lehen liburuak "ziutateaz" zuen izena eta ez kasualitatez...

        Baserritarrismo konplejagarritik ateratzeko gogo bizia egon da eta dago euskal literaturan azken bolada hauetan (lehen proposatzen zen baserritarrismoari kontrajartzeko). Halaxe dio Etiopia-n agertzen den pertsonaia batek ziutateaz hitzegiterakoan: "leku han poetikoagoa da".

        Espazio mitikoa (nolabait esateko) aukeratzearena ezaguna da literatura unibertsalean. Hortxe ditugu Faulkner-en Yoknapatawpha, Márquez-en Macondo...

        Baina euskal baserritarrismo klasikoari kontrajartzeko ez da nahitanahiezkoa ziutatea, urbanotasuna agertzea, izan daiteke erraz baserritarrismo berri bat. Entzun ditzagun Atxagaren beraren hitzak:

 

        "Otto zerbaiten bila dabil argitan dagoen farolaren azpian. Galdetu dio Fritz-ek:

        — Zer galdu zaik hemen, Otto?

        — Hemen ezer ez, han urruti galdu zaidak txanpon bat.

        — Eta zer dela-ta ari haiz hemen bilaka?

        — Hemen argia dagoelako".

 

        Orain arteko literaturgile gehienak Ottorena egin dute: arlo ezagun batera mugatu, han "argia" (zeruko argia, somete!) zegoelako. Baserrira jo dute (baserri diot, eta ez "mendi", baserriaren literatura ez da mendiaren literatura, edo mendiarena da baina galbahe ideologiko-folkloregiletik pasea: niri ez zait "Garoa" interesatzen: E.H.ko mendian ezagutu dudan jendea Joanes eta abarren antipodetan dago) aurkitu gabe. Oraingo krisia, beste gauzen artean, argitik urruntzeari zor zaio". (SUSA-5).

        "Ukazio eta amnesia dago Mendiarekiko. Baita literaturan ere: baserritxoen nobela horiek turistek egin dituzte... Mendian badago noski aipatzen nituen hizkeren errealitate bat. Baina euskal eskritoreek ez dute ezer ikusten huria uzten duten orduko: miopia kontua noski". (Jakin-25).

        "Martin Zabaletak besterik pentsatuko duen arren, Euskal Herrian mendirik ez dago, ukatu egin da. Amurizak aitortu zuen, Menditik mundura zihoala —beraz, Mendia ez da munduan—. Jon Juaristik hala esan zidan behin: 'Hirurogeitazortziko maiatzean Pariseko estudianteek hondartza eta belarra aurkitu ziaten asfalto pean; euskaldunek berriz, asfaltoa aurkitzen diate hondarraren edo belarraren azpian'". (Jakin-25).

        Atxaga oso eskritore argia da konnotazio literariorako eta horregatik desarroilatu da, gure ustez, orain arteko haren literatura medio abstrakto batetan (baina erro konkretuekin noski). Horrekin lotuta eta berak esana da hau ere: "Materialea falta zaigula, alegia. Erdaraz, 'la jerga secreta de las bandas de adolescentes, la contraseña de un conspirador, la lengua absurda de los amantes, la cháchara infantil, son respuestas esporádicas y efímeras a la vulgaridad sofocante y a la esclerosis de la lengua' eta eskritoreak erabil ditzake. Euskaldunak?... nekez". (Jakin-25).

        Guzti honek eta gehiagok ere bultzatzen gaitu batzutan mundu abstraktu bat eraikitzera euskal literaturan (literatura guztia da abstraktua baina nolabait ulertu behar dugu elkar).

        Baina zein izan da Atxagaren soluzioa mundu konkretuago baten bíla abiatu denean (nahiz errealismo nahiz fikzio egiteko orduan)? Mendira bueltatzea. Zeren errealismo modernoa ez da "kostunbrismo modernoa gehi akzioa" baizik; eta hondo kostunbristarik aproposena euskaraz mendia da, ekintza erreala nahiz irreala eraikitzeko zeren hango hizkera eta hango errealitatea ezkondurik daude oraindik (gehienbat, zeren hizkera konsekuente batek gu konturatu gabe enpotratzen eta sartzen gaitu narrazioaren harian; inkontsekuentzia linguistikoek nazka-edo sortzen digute ordea textu bat irakurtzean eta ondorioz artifizio poetikoa puskatu dezakete).

        Honen ondorioz Obaba da Atxagak aukeratu berria duen ingurua (rurala). Estrenatu berria dagoelarik gogo haundiz geratzen gara obra futuroen zain. Guk dakigula behintzat bi narrazio motzetan erabili du Obaba ingurua:

        1. 1981ko Iruneko Ipuin Sarian: "izanez ere Obaba herrian hiru urte daramala adierazten du..." agertzen da ipuinaren hasieran.

        2. Post tenebras spero lucem, Jakin-25. Horrela hasten da ipuina: "Obabatik ordubeteko bidera dagoen auzuneak ez dauka eskolarako etxe berezirik...".

        Euskal literatura egiteko zailtasunak aipatu ondoren horrela dio berak Jakin-25ean: "... honaino teoria. Hurren datorrena —Post tenebras spero lucem— nolabaiteko 'kasu praktikoa' duzue. Aipatu problemei aurre eginez, duela hiru hilabete izkribatu nuen ipuia, hain zuzen ere".

        Beraz, garbiago gertatzen da espazioaren aukeraketa konszientea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.