Pertsona miresgarrien katalogoa
Roberto Garziarena
001/ Pio
Lanera joaten naizenean, Kini izeneko denda baten aurretik pasatzeko ohitura dut. Han komikia duzue dena. Denda esklusibo horietako bat da, eta holako «liburudendak» oso bitxiak egiten zaizkit: mutiko denboretara eramaten naute beti, lehen biñetara.
Lehen biñeta horretan, itzal persekutatzaile bat azaltzen zait, aldi berean pertsona maitagarria ere bazena: Pio.
Gabardina eta txapelarekin, betile iletsu eta errubixoekin, Pioren obsesio bakarra tebeoak ostea izaten zen. Ez genuen izaten tebeoa erosi eta lasai esertzerik arkupetako harrizko bankuetan irakurtzeko, han baitzen Pio, xistu batean, tebeoa gure eskuetatik harrapatu eta gabardinan sartzeko, ximur ximur eginda. Kontuz! Badator Pio!, eta Pio bazetorren, edo ez, ordurako bazihoan lapurreta eginda.
|