Euskal kulturaren zaindari
Judith Garziarena
Eskertzekoak dira, bai, zenbait erakundek, talde antolatuk, partidu politikok egin ohi dituzten ahaleginak, jasaten dituzten buru hausteak, hartzen dituzten lanak eta nekeak gure kultura babestu, landu eta bultzatzeko. Eta ez dira soilik txalotzekoak erakunde publiko, talde antolatu eta partidu politiko horien saio nekoso bezain eskergaitzak; ez baikenuke ahaztu nahi, inolaz ere, hemengo zenbait egunkarik bere gain hartu duten erantzunkizun astun eta latz hori (inork eskatu ez badie ere mork eskertuko ez diena, agian. Horrexegatik dukete meritu bikoitza lan isil eta paregabe horretan).
Adibide xume bat (beste askoren artean) hona ekartzearren «El Correo Español» egunkariaren kasu bikaina azaldu nahi genuke orain eta hemen.
Denok dakigu aspalditik Bilbon argitaratzen den egunkari espainol horrek izan duen (eta duen) kezka eta jakinmina euskera eta euskal kulturari buruz. (Behin arlote haundi hark esan zuena nahastuz batzuetan iruditzen zaie beren burua euskalduntzat hartzen dutenez gero, bada, bi aldiz espainol direla; eta bestetan ordea, espainolak direnez gero, erdi-euskaldunak ere izan daitezkeela nonbait).
Gauzak hala, orain dela egun gutxi ez zuten bada lehen orrialdean notizia hau jarri?: «Desastre organizativo y caos en Euskaltzaindia». Gero, barrualdean orrialde osoa, eta sakontasun guztiz, eskeintzen zioten albiste horri, esanez, alegia, Euskaltzaindia desastre hutsa besterik ez zela bai organizazioan, diru kontutan, lan taldetan, aginte eta organigrama mailan, etabar...
Eta notizia hau oso bitxia eta garrantzi haundikoa da, honek erakusten baitu zenolako interesa eta kezka duten CorreoEspañolekoek euskal kulturarekiko.
Noiztik arduratu izan dira halako gaietaz? Noiz eman dute, bestela, Euskaltzaindiaren berri (eta lehen orrialdean) eta bertan egindako bilera, erabaki, lan eta publikazioen berri?
Irakurle arrunt batek (eta printzipioz behintzat, egunkaria erosten duen oro da irakurle arrunt) hortik jasotzen duen ideia bakarra, besterik gabe, zera da: Euskaltzaindikoak mangante batzuk direla, alferrak, zabarrak eta zatarrak, diruaren atzetik eta bazter guztiak nahastu nahian dabiltzan txotxolo batzuk. Hori besterik ez direla. Eta ezer gehiago jakin gabe geratzen (eta dagoeneko geratu) da.
«Kazetaritza berria» (Nuevo Periodismo) uste dut deitzen diotela orain notiziak emateko estilo moeta berezi honi.
|