Lokanta
Jabier Garziarena
Egin dezagun kontu nik gezur bat idatzi eta zuk, irakurle maite horrek, bete betean sinesten duzula edo, are gehiago, irakurtzean berean bila zenbiltzan egiarik erabatekoena, borobilena, goitik beherakoena aurkitu uste duzula. Gezur hori izan liteke, esaterako, honako hau: Une jakin batean geure buruan darabilguna ez da ez egia ezta gezurra ere, era bateko eta besteko egoerek, uneek, irakurraldiek... gugana ekarri dizkiguten hitzen eta are ideien kateamendu posible bat baizik.
Eta esandakoari segida emanez, imajina ezazu emakume eder, apaindu bat, duela hirurogeitabost urte Bergarako mendi magal batean nonbaiteko leku hurbil bat aipatzearren sehaskari eragiten ari zaiola.
Sehaskari eragiten ari zaio, gau beranduan, bularretako ume gaisoak lo har dezan, baina, orduak joan eta orduak etorri, umea ez da lokartzen. Orduan, bere ezinean, doinurik leun eta barrenkoiena ateratzen du:
Ederra zeradela
kalian diñue,
etzara zu ederra
gezurra diñue.
Eta zure irudimenari bigarren toles bat eman nahirik, imajina ezazu, delako emakume horrek gogora ekartzen duela umetan izandako gomuta txar bat, buruan denok gordetzen dugun putzu beltzetik begia iluntzen dion iraganaren gertakari bat. Eta zugan zegoen hasierako emakume ederraren imajina aienatzen, itzaltzen da, kandela baten argia argizariarekin batera desegiten den bezala, baina, kontuak kontu, gogor dago zugan sehaska eta amaren ideia eta kantuaren samina ere sendi dezakezu:
Etzera zu ederra
erropia baño,
ez dituzu zeuriak
iñorenak baño.
Etorten jatzunian
erropen jabia
triste geldituko da
biotza zeuria.
Kantaren ondoren zizpuru luze bat egiten duela nabarmen ikusi duzu, eta konturatu zara, halaberean, bere putzu beltzeko urak zure putzu beltzari ere eragin diola, eta zure bihotza ere tristatu dela, baina gordetzen duzu, agian, esperantzatxo bat, eta pentsatzen duzu: Esandakoa asmakaria izan arren kantua egiazkoa ote da?
Ez dizkizut, ordea, gauzak gehiegi erraztu nahi, eta tristurako bidea eman dizudanez gero, zorionerako makulutxo bat ere eskainiko dizut. Jo ezazu, nahi izatera, 1927ko Euzkadi egunkarira eta egun guztietako orrietan azterka ibili beharrean esango dizut ekaineko hastapenetan aurkituko duzula...
|