Tanzanoak
Beñat Garziarena
Eta zergatik ikasi behar dut nik tanzanoa bezain urruna zaidan hizkuntza bat? esan zuen mahaikide batek ETB2ak euskarari buruz antolatutako eztabaidan, eta bapatean konprenitu egin nuen berak adierazi nahi zuena; aldi berean, jabetu egin nintzen Besteek zernahi erdaratakoak euskal jatorri eta bizimoduko jendeaz izan duten ideiaz.
Euskaldunok herri-xehe bezala jaio ginen mundura, eta intelektual erromantikoen eskutik: Volk ginen, eta gure izpirituari Volksgeist delakoari, alegia zor zitzaion, kasu, Azkuek mila orrialdetan bildutako yakintza edota gure folklorea. Arrazonamendua apur bat soilduz, zera esan liteke: Herder, Schiller, Grimm eta gainerakoen ideiarik gabe, gu ez ginela mundura sortu ere egingo, ingurukoarekin nahastu izango ginela ura uretan nahasten den bezala.
Irakurlea ohartzen bada, hastapen hark bazuen, bere zintzoan, alde ez oso desiragarri bat. Izanez ere, hemen ez zen justu Alemaniakoa gertatzen, zeren Alemanian gizartearen zati bakar bat parekatzen baitzen herri xehe delakoarekin nekazari jendea eta beste, eta hemen berriz, zoritxarrez, parekatze hori erabatekoa baitzen, Euskal Herria berdin Herri Xehea. Horregatik, euskaldun esatea, nekazari edo arrantzale esatea zen aurrena, eta ezjakin, hezigabe edota agrafo esatea zen gero.
Beraz, mugimendu erromantikoak ez zuen aldatu ezta gure artean ere bere aurreko kortesau ikuspunduak euskal jendeari buruz zabaldutako ideia edo zehatzago, estereotipoa: soilik alde maitagarri eta positibo bat aurkitu zioten vizcaino zerbantiarrari. Bilboko zenbait aristokratek, edo beren burua hartaz eduki nahi zuten hiritarrek, maite egiten zituzten aldeako xinpletasunean bizi omen ziren arimak. Eta maite, noski, umeak maitatzen diren modu berean. Hortik sortu ziren Barojaren zenbait orri, hortik euskal pintura deitutakoaren koadro asko, hortik EAJ-ren argota bera ere.
Estereotipo bati atxikita zeudenez, euskal erromantizismoaren emaitzak oso dudakoak dira: obra eder batzuk alde batera (Arteta daukat gogoan, edo Baroja bera), bazterrak nahastu eta fantasmatzea baizik ez zuten egin. Realuskaldunok urte asko behar izan genituen Etxeberri Sarakoa baten esenplua geureganatzeko.
Eta erromantikoak ez zirenek, edo bere erromantizismoa beste objetu bati zuzentzen ziotenek, zer pentsatzen zuten gutaz? Edo, asko aldatu ez direnez, zer pentsatzen dute gaur bertan gutaz? Bada herri-xehe garela, nekazari edo arrantzale, ezjakin hezigabe eta agrafo... eta horren ondorioz, motzak eta tontoak, fanatikoak, nazionalista atzerakoiak eta abar. Hitz batean esateko: erromantikoak jartzen gintuzten leku berdinean jartzen gaituzte, baina kokatze horri konotazio negatiboenak eta agresiboenak erantsiz. Gainera, zenbat eta ageriago realeuskaldunen botere eta ahalmen kulturala, orduan eta negatiboago eta agresiboago.
Eta zergatik ikasi behar dut nik tanzanoa bezain urruna zaidan hizkuntza bat? esan zuen mahaikideak. Pentsatu nuen: «badezpada ere ez dik japoniera bezain urruna esan». Eta bapatean, lehenago idatzitako guztia gogoan hartu eta konprenitu egin nuen: eritzi hura arrazista bati zegokion, eta holako arrazistak absurdoak, gero eta urduriago daudenak bataila zikinena ere jotzeko prest daude.
|