L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-2 (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Hiria II

 

Bingen Garziarena

 

Parisen eta arratsalde bakar batean, zenbat aurpegi ikusten ote ditu hara honaka dabilen flâneur batek? Lau mila? Hamabi mila? Hogeitabost mila? Ezin asmatu, baina nolanahi ere izugarri, ia-infinitu bat aurpegitan. Eta den denak antzekoak dira —bere begi, aho eta belarriekin—, eta aldi berean desberdinak dira den denak: metroan nire aurrean eseri den gaztea bel-beltza da, burusoila, eite harro eta seriokoa; ezkerretara eseri zaidana, berriz, aiton dotorea dut, bekain eta ile grisekoa, asko irakurri duten begi miope eta nekatuduna; plataforman zutik Sidney O'Connor-en estilora soildutako bikote bat dihoa, eta neskaren begi urdinak zulo batean sartuta daudela dirudi...

        Berdinak eta desberdinak dira hiriko aurpegi guzti horiek, aldi berean berdin eta desberdin. Eta, pentsatzen jarrita, ez al da hori bera suak duen kualitatea? Sua ere, ez al da aldi berean berdin eta desberdin izaten? Bai, noski, suak badu paradoxa hori berarekin; eta jakina, itsasoak ere badu; eta errekek ere badute, eta arkitekto arabeek Alaren infinitotasuna errepresentatzeko asmatu zuten arabeskoak, zer esanik ez. Eta guzti guztiek hipnosia eragiten dute, introspekziorako biderik ederrena eskaintzen digute. Hiri bateko metroan bidaiatzeak ere bai, ez ahaztu.

        Esan dezake norbaitek ezetz, hiriko aurpegi zerrenda horiek ez dutela hipnosia eta introspekzioa sortzeko beharrezkoa den abstraktotasuna. Nire eritzirako, oker legoke: aurpegiak ez du ezer konkreturik erakusten (aspaldi ixildu ziren fisionomoak eta fisionomoen kontu arinak); zerbaitek erakustekotan, arropak erakusten du, hor hasten da —lepotik behera, sonbreiruaz ahazten bagara— jendearen historia antzemateko modukoa. Beraz, aurpegien serie infinitoa seinu abstraktoek osatzen dute, halanola gertatzen den su, itsaso edo arabeskoarekin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.