Hiria III
Bingen Garziarena
Azufreak deabrua bezala, pixak urearen usain sarkorrak, hirietako gune marjinatu eta arriskutsuen hurbiltasuna adierazten du. Pariseko Barbes-Rochechounat-en jaitsi nintzen, metro eta trenaren geltoki altxatuan. Segituan, kiratsa; laster, eskilaretan bertan, moskor alkolizatuen talde ttiki bat; geroxeago, kalearekin parez pareko solairuan, beste bi talde lurrean erdi etzanda eta fumatzen, marihuana edo; iskina batean, bikote bat trafikoa egiten. Geltokiaren batimendua hiri hain mignon honetan erabat zarpaildu eta hondatua; eta hor dihoa, sarrerako hiru-burnikoaren gainetik jauzi eginez, ordaindu nahi izan ez duen gazte beltz bat; eta hor datoz hiru argeliar langile beren makutuekin; eta hor azaltzen zait, nire lerro lerroan, eskua patrikan gordea daraman ionki hemezortzi bat urtekoa.
|