L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-2 (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Hitzak ez du antzik jaboiarekin

 

Beñat Garziarena

 

Hitzak ez du antzik jaboiarekin. Izan ere, zenbat eta gehiago erabili jaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago. Beste modu batera esanda, hitza biziko bada nahitaezkoa da errepetizioa, nahitaezkoa da jendearen ahoan behin eta berriro egon dadin. Orain dela ia hamar mendeko jakintsu arabiar baten hitzekin espresatzeko, «hitzaren iturriak ¡sur¡ egin behar du bere ura, gastatu eta alferrikaldu egin behar du bere ura».

        Esan eta berresan egin behar da hitza. Errepetizio horretaz at ez dago bizitzarik. Errepetizioa da hitzaren esentzia.

        Jakintsu arabiarrak zioena egia dela den denok ikusten dugu garbi, edo hala ikusi beharko genuke behintzat. Izan ere, bi hizkuntza mota dituen lur batean bizi gara, eta hizkuntza mota horietako baten hitzak, oso erabiliak diren partez, bestearenak baino askozaz indartsuagoak eta bizkorragoak dira. Horregatik tartekatzen ditu hainbeste erdal hitz Euskadi Irratiarentzat bere etxeko euskaraska flakatu eta agonikoan hitzegin beharra daukan pelotari edo karreristak; pelotari edo karrerista horrek «Campeonato de parejasen eduki nuen yokoa» edo «Etapa reinie irabastea gura neuke» esango du, hots, burura etortzen zaiona, errepetizioak ematen duen indarra daukan hitz multzoa. Baina, jakina, ez da pelotari edo karreristen kontua. Izan ere, zergatik jotzen dute erdarara Donostiako zenbait koadrila progresista eta abertzalek? Bada biltzen direnean, eta aipatu legeagatik, egun horretan egunkarian irakurritakoaz hitzegiten dutelako, eta, kontuz!, egunkariaren hitz berdinak erabiliz... eta zergatik hitzegiten da gazteleraz ikastola askotako patioetan? Jar dezagun belarria erne, entzun dezagun nola hitzegiten duten. Nola? Bada loritoak bezala; etxean, kalean edo telebistan ikasitakoa berresaten. Eta, azken kasua jartzeko, zergatik zaigu samurragoa guri (ez hain gazteoi) «cuatro por siete veintiocho» delakoa «lau bider zazpi berdin hogeitazortzi» parekoa baino? Argitu beharrik ez daukat, oraindik gogoan dauzkagu lehengo eskolak, hango kantu eta kontuak.

        Beraz, eta orain artekoa laburtzeko: errepetizioak bizitza ematen dio hitzari; eta bizitza ematen dio erabilerraz bihurtzen duelako, jendeak hitzegiterakoan errazago gogoratu eta ahozkatzen duelako. Ahulak ahulgarria berarekin du, esaten dugu euskaraz, eta kasu honetan kontrakoa litzateke. Kasu honetan, indartsuak indargarria berarekin du.

 

* * *

 

Ez dut luze idatziko errepetizioaren arazoak dituen ondorioez. zeren, nire uste apalean, ondorio horiek —euskararen politika bat antolatzeko garaian, kasu— oso garbiak eta bistakoak direlako.

        Bistakoa da, esate baterako, talde bakar bat dagoela gure gizartean egoera horri aurrera egiteko moduan, eta talde hori euskaldun hezituena dela, euskara berritu edo ikasi duen jendearena: bere betiko euskara osatzen eta zabaltzen saiatu den herri ttikiko pertsonak, horrek emango dio bizitza euskarari; duela hiru urte batere jakin ez eta orain euskaraz irakurri eta idazten duen euskaldunberriak, horrek emango dio bizitza euskarari; marraskiloei buruz lehenengo euskarazko tesia egin duen irakasleak, horrek emango dio bizitza euskarari... zeren, ez dugu ahaztu behar, kultura tresna transformatzailea da, berresan egin dezake euskaraz erdaraz jaso duena. Nire galdera da: ¿Gogoan hartzen al da talde hau? Gogoan hartzen al da realeuskaldunen talde hau politikak ongienik serbitu beharko lukeena? Ez dakit, eta baditut nire dudak (v.gr. ez dira euskaraz azpititulatzen telebistan azaltzen diren euskaldun «itxien» elkarrizketak, nola egiten baita Isla Britaniarretan edo Estatu Batuetan Caribeko edo beste nonbaiteko hizkera berezia dutenekin; aldiz, erdaraz azpititulatzen dira ETB1eko filmeak; realeuskaldunentzat benetan iraingarria den jokaera, bide batez esanda).

        Hitzaren  eta jaboiaren arteko desberdintasunak duen bigarren ondorioa, aurrenekoa baino ageriagoan dago oraindik. Euskararen presentzia areagotu egin behar da: ahalik eta leku gehienetan jarri behar dira errotuloak, ahalik eta gehiena ugaritu behar da jendeaurreko langile elebidunen kopurua, ahalik eta gehienetan adierazi behar zaie arrazistei guk realeuskaldunok zein eskubide ditugun. Beste hitzetan esanda, euskararen legea hobetu eta zinez jarri behar da indarrean. Egiten al da holakorik? Ez dakit, baina hor ere baditut nire dudak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.