Idazle baten pixkanakako itxuraldaketa
Edgar Allan Garziarena
Mircea Eliade ospetsuak egunkari bat eduki zuen eta egunero egunero saiatu zen zerbait idazten bertan. Egunkari horri esker dakigu guk itxuraldaketa horren berri. Eliade Rumanian jaio zen, Bucaresten, 1907an eta oso gazte Indiara joan zen hango erlijioak gertutik ezagutzera. Betidanik nobelagiletzat zeukan bere burua nahiz eta gerora askozaz ezagunagoa egin zen mundu osoan erlijioen aztertzaile gisa. Bere egunkari famatu hori irakurtzen badugu konturatzen gara berehalaxe zernolako itxuraldaketa jasan zuen bere bizitzan zehar eta zer nolako sufrimenduak eta ondorioak sortarazi zizkion gertaera bitxi (zerbait esatearren) horrek.
Berrogei bat urte zituela Pariserat joan zen desterruan. Hemen ahalegindu zen bere kreazio lanak errumanieraz idazten. Hala ere gero eta maizagoak dira bere egunkari horretan errumanieraz idazte horren alde onak eta txarrak gonparatze eta neurtze saioak. Iruditzen zaio bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza dela eta bere lanak ez duela inoiz ezagutuko errumanieraz idazten baditu. Gainera hortxe dauzka, ondo ondoan, bere adiskideak diren ejenpluak: Ionesco eta Cioran, errumaniarrak badira ere, aspalditik ari baitira frantzeseraz idazten.
Egun batean idazle gazte bat ezagutzen du. Parisen bizi da baina Proventzakoa da. Eta proventzaleraz idazten du eta proventzaleraz idazten jarraitu nahi du, nahiz eta dena eta denak horren aurka egon. Eliade saiatzen da gazte horrek hizkuntza «kulto eta indartsu» batez idatzi dezan, hots, frantseseraz. Gazteak ez dio kasurik egin nahi.
Mircea Eliade frantsesez hasi zen idazten. Gerora, Estatu Batuetara joan zen bizitzera eta Chicagon egon zen irakasle. Ingeleseraz hasi zen idazten bere obra. Chicagon hil zen 1986an.
Gaur egun ezagunagoa da egin zituen erlijioei buruzko estudioengatik bere nobelengatik baino.
|