«El País» eta Euskal Herria
Balendin Garziarena
Hemerotekara joan nintzen eta «El País» egunkariak 1992ko Abenduaren 5etik 9ra argitaratutako aleak eskatu nituen. Nire asmo bakarra Durangoko Euskal Liburu eta Diskaren azokaz zerbait ekartzen ote zuen erreparatzea. Espainiako egunkari zabalduenak hartzen ote zuen aintzat Euskal Herrian burutzen den kultur gertaera garrantzitsuena? Nire azterketa xumeari ekin aurretik baietz iruditzen zitzaidan, hartuko zuela, helduko ziola albisteari handik edo hemendik. Izan ere, Durangon aurkezturiko liburu eta diska berriek ehunetik gora, merezi zuten halakorik.
Baina, nire harriduraz, azterketak ezezkoa ekarri zidan. «El País»ek ez zuen azokaren berri ematen, ezta albiste-ohar xoil baten bitartez ere. Halaxe zen kontua. Orrialde haietan ez zegoen ezer, eta jakina da, dagoenean bonbon eta ez dagoenean egon. Guztiarekin, eta egon bitartean zerbaitetan entretenitzearren, ostera abiapundura jo eta bigarren azterketa bati ekin nion. Zera jakin nahi nuen aurrena, zein gutxieneko maila behar ote zen egunkariaren kultur orrialdetan azaldu ahal izateko. Bigarrenik, berriz, Abenduko data horietan Euskal Herriarekin lotutako zein albiste edo artikulu argitaratu ote ziren.
Lehenengo punduari zegokionez, Festival de Cine Iberoamericano de Huelva delakoari buruzko albistea aurkitu nuen aurrena. Ondoren, beste zazpi albiste aukeratu nituen muestratzat. Izenburuka aipatuta, honoko horiek: Joan Gaspar abre galería en Barcelona con la obra gráfica de Picasso; Plácido Domingo participa en un recital benéfico en Polonia; Aragón contará con un servicio de asesoría jurídica para inmigrantes; Los teatros de ópera españoles tratan de frenar los sueldos de los divos; La Orquesta Filarmónica de Nueva York cumple 750 años; Alberti cumple 90 años con una antología de poemas que recorre toda su obra y su vida; La Fundación Miró de Palma exhibirá cientos de objetos de amigos del artista.
Beraz, ikusten denez, egunkariaren kultur orrialdeetan sartzeko ez da beste munduko mailarik behar, eta Durangoko azokarena aise egon zitekeen aipatu albisteen artean.
Transkiba dezadan orain Euskal Herriarekin nola edo hala lotutako albisteen zerrenda: Atxaga señala el carácter «maligno» de los estereotipos culturales (Pariseko kronikariaren albistea); PNV propuso un «gobierno nacionalista» a Herri Batasuna a cambio de romper con ETA (orri osoa); PNV y socialistas impiden investigar un cobro de comisiones en Baracaldo (fotoaz); «Pakito» hizo fracasar una iniciativa conjunta HB-PNV para el cese del terrorismo (orri osoa); ETA compró en Francia material para fabricar 2500 kilos de explosivos; Carlos Garaikoetxea condicionó una alianza con HB al fin del terrorismo (orri erdia azken bi artikuluen artean).
Ez zait iruditzen gomentarioa luzatu beharra dagoenik. Nietzschek idatzi zuen bezala, gertaerarik ez eta interpretazioak daude, eta bistakoa da nola interpretatzen duen «El País»-ek Euskal Herrian gertatzen dena, eta zer eskaintzen dien bere irakurleei euskal errealitatetzat. Ez da, noski, errealitate honetan bizi garen euskaldunok daukagun ideia, edo areago, ofentsiboa ere bada guretzako egunkariaren interpretazio hori, hain ideologikoa, hain sektarioa, baina guztiarekin bi abantaila ere baditu: alde batetik, egunkariaren jokaerak nabarmendu egiten du bere zenbait egitura akats, zeren, jakina, bere interpretazioaren sorreran ez baita aparteko maltzurkeriarik bilatu behar, baizik eta bere antolamendu, ardura nagusi eta abarren ondorio zuzen bat. Esate baterako: Durangokoa ez jasotzearen arrazoi nagusienetako bat, seguru asko, egunkariak Euskal Herrian dituen kazetarien erdalduntasuna da. Nola joan Durangora euskararik gabe? Nahi eta ere, ezin edo ezin erdi. Baina hutsa lehenagotik dator egunkariaren enpresak bere Bilbo edo Donostiako kazeterien profila erabaki zuen mementutik edo eta, esan bezala, egitura bati zor zaio.
Beste alde batetik bigarren abantaila guri buruzko interpretazio desatsegin horiek egoskor egiten gaituzte, eta egoskorrak dudaka hasten gara berehala, liberalak hain liberalak ote diren eta abar, eta egoskorrak garenez gero luze gabe jakiten dugu zein liberal bereziak izan diren Espainiako liberalak zein antiliberalak, alegia, eta modu horretan, mesfidantza eta estudioaren bitartez, erabateko tontotasunetik libratuz goaz, eta inork ez gaitu oraindaino ikusi Okertu egin ginen! Okertu egin ginen! eta antzeko esaldi idiota eta narzisoak deklamatzen, eta beraz hona, azkenez, bigarren abantaila hori inork ezin izango gaitu sartu Euskal Herriko papanaten zerrendan.
|