Goxoa zegoen
Xabier Garziarena
Ohitura txar bati jarraituz, ez dut gehienetan ezer gosaltzen. Atzo ordea, lagun bat ikusi behar nuen Gasteizen eta, goiz xamar nenbilenez, bertako taberna batera abiatu nintzen kafe bat hartzeko asmotan.
Tabernan sartu eta irrifartsu agurtu ninduen kamareroak. Harrituta, aurrerantzean Gasteizerako guztietan taberna hartara joango nintzela deliberatu nuen.
Kafea eskatu eta zerbitzatu bitartean, aurrean zintzilik neukan txarteltxo bati erreparatu nion.
La paloma es el pájaro de la paz
la esposa es la paz del pájaro
el viejo tiene el pájaro en paz
la soltera no conoce la paz ni el pájaro
el soltero no deja el pájaro en paz
la viuda no tiene paz sin el pájaro.
Zalantza unea pasata, belarriari hazka, honelako huskeria batek ezin duela nere erabakia kafea beti bertan hartzekoa, alegia ahuldu pentsatu dut.
Kafea bero dago. Nere ondoan, gizon bat egunkaria irakurtzen ari da, kafesnea eskuan. Halako batean, katilua platertxoan utzirik, egunkaria tolestu eta tabernariari luzatu dio, argazki bat erakutsiz. Somaliako haur bat ageri da fotografian, biluzik, bere aita laztantzen ari zaiola. «Begira, begira esan dio hatzarekin seinalatuz, honen zakila ez duk nolanahikoa, alajaina!»
Tabernariak begiratu eta: «Jode! Aita ere ez zegok hain argal! Zeozer jaten dik ba, bilau honek!»
Kafea bero dago oraindik, baina trago batez irentsi eta kalera noa.
|