Ikusi dugu, entzun dugu, jakin dugu
Jon Larrañaga
«Ehizaren presioa errinozeronte-espezie guztiek jasan duten arren, errinozeronte beltzaren kasua da, ezpairik gabe, ekintza honen eragin bortitzaren adibide nabariena. Erakunde kontserbazionistek egin dituzten kalkuluen arabera, espezie honek azken hogei urteotan izan duen beherakada %95 edo 98 ingurukoa dela uste da, egungo populazioa 3.500 indibiduokoa baino ez delarik. Keniak adibidez, 1960.eko hamarkadan 20.000 errinozeronte beltz bazituen, 1970.ekoaren bukaeran kopurua ez zen 300 indibiduotara iristen. Are gehiago, egin diren estimazioen arabera 1970 eta 1987 bitartean guztira 40.000 errinozeronte ehizatu zirela uste da, nazioarteko merkatuan saldu ziren 100 tona adar lortu zirelarik.(...) Isilpeko ehiza galerazten ez bada, XXI. menderako suntsipena egia bilaka daiteke.
(...) Hasiera batean, adar hauetako gehienak Txinako merkatura zihoazela eta bertan afrodisiako modura erabiltzen zirela uste bazen ere, gaur egun, World Wildlife Fund (W.W.F.) elkarte kontserbazionistako Esmond Bradley Martin geografo iparamerikarrak egindako ikerketen ondorioz, badakigu horretarako Indian soilik erabiltzen dela (bertan adar kopuruaren %1 baino kontsumitzen ez delarik) eta ez dela Txina, Jemengo errepublika arabiarra baizik, errinozeronte-adarren kontsumitzaile nagusia, 1980.eko hamarkadan urteko 1.500 kg. inportatu zituelarik.
Bertako gizonek, gizatasunaren eta gizarte-mailaren sinbolo den daga bat eraman ohi dute gerrikoan, errinozeronte adarrez eginiko girtena dutenak preziatuenak direlarik. 1970.eko hamarkadan, petrolioaren boom-aren ondorioz jamendarren bizi-maila igo zenean, gauza bera gertatu zitzaion errinozeronte adarrez eginiko dagen eskariari, 1971. urtetik 1977. erarte 22 tona adar (mundu merkatuko %40) kontsumitu zirelarik.
(...) Nolanahi ere, Txinako merkatua garrantzitsua da oraindik ere. Bertako medikuntza tradizionalean, errinozerontearen produktuak gutxienez azken 2.000 urteotan erabili dira (adarrak batez ere, sukarra eta gripea sendatzeko). Gaur egun, farmazilariak adar hauek bufaloaren edo saiga antilopeen adarrez ordezkatzeko prest agertu diren arren, produktu honen eskaria ez da jaitsi, eta txinatarrek urteko 650 kg inportatzen segitzen dute.»
(Elhuyar-en argitaratua, eta Kepa Garziarenak aukeratua)
|