L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Fotokopiagailuak akatu

 

Alicia Garziarena

 

1992ko apirila, idazle bat Gipuzkoako herri txiki batean, bere aurrean ehun neska-mutil bere liburu bati buruz hitzegiten. Asko gustatu omen zaie, disfrutatu egin dute liburuarekin eta primeran ibili dira liburuko pertsonaiari gertatutakoak irakurtzen.

        1992ko abuztua, idazle hori argitaletxeko arduradunarekin ari da eta kasualitatez enteratzen da aipatu liburuaren 5 ale besterik ez direla saldu lehenengo sei hilabetetan Gipuzkoa osoan.

        Honaino historia.

        Zer gertatu da? Zer ari gara egiten? Kalean dagoen liburu edo aldizkari bat hartu eta fotokopiatzen ari garen unean liburugintza eta prentsari ostiko bat ematen diogu. Eta ostiko bat jasan daiteke, bi ere bai, hirugarrena... segun eta zer nolako pazientzia duzun, laugarrena... baina ehun, bostehun ostiko jasotzea! Gipuzkoako herri txiki hartakoak oso pozik egongo dira idazlea bertara joan eta haurrekin mintzo zelako. Oso pozik liburuak, barka fotokopiak, merke atera zitzaizkielako. Trankil irakurzaletasuna bultzatzen ari omen direlako. Baina herri hartakoek ez dakite, edo ez dute jakin nahi, hainbeste gustatu zitzaien liburua ez dela saltzen, ezin dela ordaindu, argitaletxearentzat zama bilakatzen ari dela, ezin izango dela horrelako besterik kaleratu, ezin izango dela libururik kaleratu. Herri txiki hartakoak, irakurzaletasunaren izenean ari ziren haiek, liburugintza hondatzen ari dira. Agian liburua garestia zen, behar bada ez, baina ziur beraiek eta beraiek bezala Euskal Herriko herri eta hirietan liburuak fotokopiatzen ari diren askok, liburuak fotokopiatzeari utziko baliote, ziur tiradak handiagoak izango liratekeela, ziur liburuak merkeagoak izango liratekeela.

        1992ko abendua, Garziarena aldizkaria atera berria, Nafarroako herri batean fotokopiaturik. 1992ko abendua, Garziarena aldizkariak irauteko behar duen dirua (salmenta) ohostu diote kolega batzuek faborea egiten zietelakoan.

        1993ko urtarrila Errioxan fotokopiagailuari kea dariola. 1993ko otsaila Euskal Herriko edozein herritako ikastetxe, ikastola, eskolan liburuak fotokopiatzen ari dira. Liburugintza lurperatzen ari dira jakin gabe... edo jakinaren gainean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.