L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lex dura sed lex

 

Balendin Garziarena

 

Hesiodok adierazi zuen aurrena, eta haren ondotik milaka poetek berritu dute mezua: alegia badela lege bat zeinen poderioz aztoreak erresinula hiltzen duen, edota otsoak arkumea, edota arrain haundiak arrain ttikia, eta lege horri ezin diola aurre egin Erresinularen edo Arkumearen arrazoiak, eta eztare —fatalago eta zabalago mintzatzen bagara— zibilizazioak sortu nahi izan duen logika desberdinak. Mezuaren arauera, indartsu edo boteretsuenak berea egingo luke beti, ahularen kaltetan, eta moraltasuna berriz geruza bat besterik ez litzateke izango, Moloch-ek —Gaitzaren munstroak— aise pitzatzen duena.

        Bistakoa da ordea lex dura sed lex delako egia orokorrak zehaztapen ugari behar dituela, eta begiratu egin behar zaiola, kasu, egia horren alde historikoari. Izan ere —hala esaten diot neure buruari— ez dirudi ahulak duela 5.000 urte bezala daudenik: orain ez dira, Espartan bezala, ume elbarriak murrailatik behera botatzen; orain ez da, Ekialdeko nazioetan egiten zen moduan, zahartutako jendea herio-mendira bidaltzen bertan goseak hil dadin. Ez, antzinako garaietatik hona gizateria zibilizatuz joan da: moraltasun haundiko legeak sortu ditu, iustiziaren alde borrokatu du, bizitzaren arlo guztiei Logos bat ezarri nahi izan die. Lurpera itzazue hildakoak, zioen legeak. Edo, maite ezazu lagun urkoa. Edo, inor ez da diskriminatua izango bere azalaren koloreagatik. Eta lege horiek zenbaitetan bete egiten ziren, eta halakoetan bataila jotzen zitzaion Molochi.

        Duda egiten dut halere, eta —mahaian dauzkadan egunkariei kirika eginez—, zera galdetzen diot oraingoan neure buruari, ea ez ote den, alde historikoa aintzat hartzen duen gogoeta hori, baikortasun tranpatsu baten ondorio huts eta kamuts. Zeren, ez, oraingo Espartan ez da umerik hiltzen, baina Yugoslavia-ohian aldiz bai (eta nola! eta zenbat!... Glucksmann-ek duela gutxi idazten zuenez, hango gerran hil direnen %80 andrezkoa edo umea zen). Eta denok irakurri dugu Brasilekoa, zenbat eta zenbat ume abandonatu hiltzen dituzten Sacamantecas berriek. Edadeko jende pobre edo erdi-pobrez osatutako gehiengoari dagokionez, berriz, nahikoa da egunkaritako txokoetan begiratzea zenbat debeku dituzten jakiteko: 60 urtetik gorakoek ezin dutela osasun-seguru pribaturik egin, esate baterako; eta ezin direla telebistako programa dotoretara ikusle modura joan (horregatik ez da aiton-amonik ikusten Hermidaren programan); galerazita dauzkatela (de facto) hiri bateko errestaurante edo edaritegi gehienak. Ez da gaur herio-mendirik egongo; baina edadeko jende gehiena getoetan bizi dela ere ez du inork ukatuko.

        Batzuetan, edo askotan, irakurri egunkariak eta irudipen siniestroek hartzen gaituzte. Aurrerapen moralik ez dagoela iruditzen zaigu, eta Hesiodok utzi zuen punduan jarraitzen duela gizarteak. Eta leize lizun baten inguruetan gaudela ere iruditzen zaigu, ahulak botatzen dituzten leizearen inguruetan hain zuzen ere, eta beldur gara, ez ote garen gu ere leize horretara erori eta —lex dura sed lex— Molochen hortzetan hilko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.