L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kra, kra, kra

 

Martin Garziarena

 

Aspaldi honetan ez dut politikoen ahotan kra, kra, kra (demokracia, demokracia, demokracia) kirrink hotsa besterik entzuten. Eta beti pentsatu izan dut nire belarriari hain tratu txarra ematen zion doinuak ezin zuela inolaz ere ona izan. Bai, dudarik gabe, badu kirrink doinu horrek berez ateratzen den doinuari falta zaion naturaltasuna, edo, bestela esateko, ohitura faltaz oraindik gutxi leundutako musikaren traza. Eta, egia esan, nahikoa da kra horren lagungarri den hiztegitxo «magikoa» politikoen ahotan dantzan ikustea, berehala konturatzeko zein aldrebesak diren gure «politikotxoak» demokraziaren erabilera duin bat asmatzeko orduan. Izan ere, ze beste hiztegi gelditzen zaie gure telebista eta politika kulturaleko jestoreei optimizatu, konpetitibo, gehiengoa, jestionatu eta abar neutralizatzen badiegu. Ezertxo ere ez.

        Nahiz eta badakidan —neure burua marxistatzat hartu gabe ere— azkeneko hamarkadetatik hona kultura ere ekonomiaren eskaintza-eskaera legera errenditzen dela, zur eta harri geratzen naiz gizartearen hiztegi imajinario huts horren aurrean gure kultura arduradunek erakusten duten harrotasun eta ergelkeria ikusiz. Nahi dutena esango dute baina demokrazia hitza bere baitarik asmatu izan balute berehala konturatuko ziratekeen hitz horren atzetik zegoen gizonarenganako errespeto irmoaz, baina halakorik usaindu ere ez dute egin. Eta hori entzun ondoren, berehala aterako zait lehen jestore kulturala esaka: hori subjetiboa da! Ekonomiak estaltzen dituenean, objetiboak izaten dira auziak; beste guztiak bost ajola beraz gure kultura arduradunei. Ze orain askoz ere gustokoago baitute jestore deitzea kultura arduradun deitzea baino, ez? Baina tontoenak ere ikusten du subjetibotasunaren argudioa tranpa garbi bat dela. Nik gainera ez dut inondik ere onartzen gauza guztiak subjetibo direnik. Baina gure kultura jestoreei galdetuz gero zer egin dezakeen norbaitek bere kontribuzio diruak programa zabor bat ordaintzeko erabiliak izan ez daitezen, berehala erantzungo dizute esanez: «konbentzi ezazu programa horrek lortua duen ikusentzulegoa», eta kitto. Jakina, galderak, egina zegoen posturan, bazuen non kritikatua. Halare, berehala antzeman diogu gure jestorearen erantzunari kirrink hotsa, berriz ere: gehiengoak onartutakoa onena da!

        Eta horrelaxe gabiltza, batzuek programa zaborrei ihes eginez, eta beste batzuek ikusentzulegoa beste ezer hobeagorik merezi ez duen zabortzat hartuaz. Baina publikoak (nik neuk) hori baino gehiago merezi du, ez dudarik egin, nahiz eta zenbaitek xoxak lapurtzeko mukizutzat soilik hartzen gaituen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.