Bizantinismoa
Nazky Garziarena
Azkenaldi honetan ez dut debate/eztabaida programarik ikusten telebistan (egia esan, azkenaldi honetan ez dut telebistarik ikusten inoiz) (Filme onak soilik ikusi ohi ditut, halako suerterik daukagunean: azkena, Orson Welles-en «Sed de mal» maisulana). Eta telebista ez ikuste honen zergatia esplikatzeko ez nuke hitzik ere adierazi behar, hain sinplea eta begibistakoa izanik arrazoi horren argitzea.
Dena dela, telebista ikusten nuen garaietara itzuliz, esan beharra dut debate/eztabaida programa horietan jartzen nintzela sutan eta amorru biziz. Programa horietan antzeman zitekeen lehenengo gauza zera zen, bost axola zitzaiela arduradunei eta programa aurkezleari debate/eztabaida horren azpian zegokeen benetako arazoa. Gainera, normalean aurkezlea ignorante hutsa agertzen zen garbiki gai horren aurrean, berarentzat programa bat gehiago zelarik besterik gabe eta garrantzitsuena berarentzat nola edo hala amaitzea zelarik.
Horrela, noraezean eta batere sakontasunik gabe, eramaten zuen aurrera beste programa bat gehiago eta hurrengorarte.
Turkoak Constantinoplaren erasoan ari ziren eta jakintsuak eztabaidan ea argia sortua izan zen ala ez.
Honi deitzen diogu Bizantinismoa eta kulturak hartzen duen erarik hutsalena da hain zuzen, eta hedatuena, eta kutsakorrena, eta telebistako debate/eztabaida programetan erabat jarria dagoena modan aspaldi honetan. Eta guri nazka ederra eman ohi digu horrek, benetan.
|