L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kultura Idatzia kolokan

 

Roberto Garziarena

 

Iragan astean irakurri nuen nonbait Panamako indioek, «Cuma» arrazakoek, kapitalera langile joan eta lehenengotan etxekoei gutunak idazten zizkietela baina laster batera karten ordez cassetak hasi zirela bialtzen. Errezago egiten zaiela etxekoei eta lagunei euren gorabeherak grabatuta bialtzea.

        Kultura Idatziaren munduak bere balore mailaketa eraiki badu mendetan zehar, badirudi urteotan beste balorazio maila batean sartzen ari garela. Askotan adierazi denez soinuak eta ahotsak zintan hartzeko aukera egon denetik kualidade aldaketa haundi bat eman da gure munduan orohar eta «ahozkoaren» munduan bereziki. Batzuek parekatu ere egin dute delako aldaketa hau beste maila batean inprimatzeak bere garaian ekarritakoarekin.

        Egia da, inprimatzeak, erreproduzitzeak, kopiatzeak eragin zuzena eduki duela adierazpen modu gehienetan, batez ere musika eta literatura idatziaren sailean: argitaratzeak berargitaratzea ekar dezake; obra egilea bera baino gehiago luza daiteke denboretan; liburu bera, grabaketa bera, salgai egongo diren produktuak izango dira eta etcetera luze bat, sakonean kontsideratzeko etcetera bat, dudarik gabe.

        Halere bada honen inguruan bota nahi nuen beste puntu bat. Badirudi grabazioaren munduak eta bere inguruan egunez egun ugaltzen ari den teknologiaren eraginez «ahozkoaren» mundua nonbait berpizten ari dela, azken mende hauetan Kultura Idatziak sortutako baloreek ondo bazterturik eduki duten mundua. Berpiztu baino, berezko duen eta beti ukan duen tokia hartzen ari dela esango lukete askok.

        Gauza bitxia da baieztatzea gauzak «aurrera» joatearekin batera, progresatzearekin batera, nola urruntzen ari den heziketa eta beraz populazioaren zati haundi bat Kultura Idatzitik. Sustituzio bide bat eraiki dela dagoeneko? Ez kontradikziorik gabekoa edonola ere!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.