Klub bat osatu nahi genuela adierazten genuen lehenengo alean, eta bagoaz apurka xede hori betetzen: argitaratu ditugu bost ale, badugu 800 bat erosle, jarri ditugu 20 pertsona beraiek ikusi, irakurri edo pentsatutakoa publikoki kontatzen. Zifra horiek ondo daude bere horretan, baina bikoiztu eta, aurtengoari dagokionez, 10 ale, 40 kolaboratzaile eta 1.600 ale lortuko bagenitu, askozaz ere hobeto. Beraz, ez ahaztu klubera inbitaturik zaudetela, eta estimatuko dizuegula zuen lanak Emak Bakia Baitara igortzea (855 PK, 01080 Gasteiz) edota gure orriaren albistea hortik barrena zabaltzea.
Hogei kolaboratzaile, esan dugu arestian, eta agian komeni da horietako hiruren izena ematea: Gorka Aginagalde, Begoña Nogueiras eta Mikel Valverde. Nor diren? Bada orri honek orain arte izan dituen marrazkilariak. Orriaren 11garren zenbakiaz geroztik emango dizkizuegu beraiei buruzko albiste gehiago.
Kolaboratzaileez ari garela, ohar batzuk egitera behartuta gaude. Aurrenekoa, Garziarena ez dela tamalez leku egokia poeta berrien poesia argitaratzeko, eta ezta agian zabalago mintzatuz beste edozein lan literariorentzako ere. Guk eman dezakegu Sylvia Plath, Prevert edo Said-en zenbait poema kontrastaturen berri, baina aukeran ez dugu denborak hitzegin aurretik jokatu nahi. Izan ere, klubaren fundatzaileok bultzatu nahi duguna gogoetari aplikatutako literatura da, eta ez, nolabait esatearren, literatura-literatura. Bestalde, eta hau da higarren oharra, Garziarena ez da zehazki dazibao bat, ez da zure purrustada edozein modutan zirriborratzeko arbel txinatar antzekoa, baizik eta forma batekin idatzitako testuen erakustoki. Beraz, kolaboratzaileok, zaindu apur bat forma eta ez bidali kontuz, batez ere, ordenagailuz idazten duzuenok! solezismoz eta esaldi lokarrigabeez kutsatutako lanak. Atzeratu egiten gaitu, eta estilo zuzenketa deitzen den ipurlan horretara behartzen...
Azkenez, mezu bat berritu nahi genizueke bai kolaboratzaile eta bai irakurleoi. Kontura zaitezte Garziarena hau, oroz gain, gune bitxi bat dela. Ez da egunkaria, ez da errebista are eta gutxiago errebista literarioa, ez da telebista programa bat edo liburu bat, baizik panfletoaren eta boletinaren arteko zerbait. Gauzak hola eta guneak edozein mezu kutsatzen duenez gero Garziarenako testuek tonu, forma eta eduki desohizkoak izaten dituzte. Aurren aurrena, beste guneetako mezuak baino intimoagoak izaten dira, zeren eta, eskutitzetan bezala, idazleak bere klubeko anaiarreba bat izaten baitu kontuan. Bigarrenik, Garziarenako idazlea erabat librea da (hitz honek pertsona argien artean duen zentzuan), eta bere egia pertsonala azaldu dezake ezizenaren lasaitasunetik; eta azaldu gainera nahi duen tamainako testuan (panfletoan bakarrik argitara daitezke bost lerrotako artikuluak) eta nahi duen gaiari helduz (bost axola gaiaren gaurkotasun eza). Hirugarrenez, eta Garziarenak irakurle eta idazle kontzeptuen artean bereizketarik egiten ez duenez, nor den guztia izan daiteke kolaboratzaile. Izan ere, nahikoa luke nor horrek nonbait irakurri duen gogoeta on hori kopiatu eta guri igortzearekin kalifikatibo hori merezitzeko (azken batean, ez al da sorketa denborak edo supermerkatuaren legeak okerki baztertuta daukatena erreskatatzea?)...
Gogora etortzen zaigu orain Brecht-ek idatzitako obra baten izena, Klarionaz egindako zirkulu kaukasiarra, eta zera pentsatzen dugu, Garziarenak ere egin dezakeela zirkulu bat klarionaz (marra edo muga sinboliko bat) eta zenbaitetan, irakurtzerakoan edo idazterakoan, haren barrura sar gintezkeela munduaren lojikatik une batez urrunduz.