Erresonantzia kaxa
Bingen Garziarena
Nahikoa da hari edo sokazko edozein musika tresna gogoan hartzea erresonantzia kaxaren berri izateko. Jarri da behatza kitarraren hari gainean, jo dio segidan eta sortu da soinua; baina soinu hori, bere horretan, ia ez da ezer, ez dauka oraindik esistentzia sozialik. Horretarako erresonantzia kaxa behar du, soinua zuzen hartu, zuzen luzatu eta zuzen haundituko duena. Halakorik ez balitz, musika ez litzateke jendearen belarrietara iritsiko.
Musika nota batentzat egia dena, egia da halaber edozein produkturentzatz. Etxeko labadoran jartzen dugun xaboi hori, kasu, ia ezer ez zen kimikoaren eskuetatik ateratzean; gerora joan zen osatzen eta esistentzia hartzen, sare produktiboak eta sare komertzialak xaboia gure eskuetan jartzeko behar ziren bitarteko guztiak antolatu zituztenean. Jakina, esan beharrik ere ez dago, lojika ekononomikoa nagusi den mundu batean, xaboiak eta xaboia bezalako salerosketa produktuek duten erresonantzia kaxa da erresonanteena eta guztien artean nagusiena. Beste edozein kriteriorekin kanporatzen diren gauzak lojika ekonomikoari bere lehen arreta dedikatzeke ateratzen direnak, kasu nekez lortu dezakete esistentzia sozialik, zeren gauza horren soinua haunditu eta luzatu dezakeen kaxaren lana basatiki zapaldua gertatuko baita munduan merkatuan borroka batean ari diren milaka erresonantzia kaxa komertzialak direla-eta. Eman dezagun poeta gazte batek argitatzailerik aurkitu ez eta bere kontura ateratzen duela poema liburua. Bai, liburua egingo du behatzak joko dio hariari, baina ondoren egunkariek ez diote erreseinarik egingo, liburu banatzaileek ez dute bultzatuko, liburudendek han bazterrean kokatuko dituzte liburuaren bizpahiru ale, edo ez, ez dute hartu ere egingo; irakurleek berriz ez dute beren denbora galduko inork aipatzen ez dien liburu batekin. Hitz batean esateko: poetak bere hamaika lagun edo ezagunen artean banatuko ditu zenbait ale, eta beste guztiak etxeko ganbaran kokatuko ditu sitsaren zain, zeren, hori bai, sitsak ez du erresonantzia kaxarik behar paper zaharra jateko. Poeta gazteak, jakina, ez du etsi behar. Beti daude irteerak. Esate baterako oheratu daiteke British Royal Family-ko norbaitekin ez dirudi beste munduko gauza, eta ondoren bai, ondoren itzul daiteke erresonantzia kaxarik onenaren giltza eskuan duela.
Eta Euskal Herrian? Zer gertatzen da euskal kultura deitzen diogun horren produktuekin? Zer, esate baterako, euskaraz idatzita dauden liburuekin? Izanez ere, produktu horiek ez daude poetak bere kontura ateratako liburu hartatik oso urrun. Euskera, den minoritarioarekin, ez da ondo konpontzen lojika komertzialarekin, eta ondorioz, gure merkatua ttikiegia izan daiteke idazle, itzultzaile, abeslari, teatrogile eta abar luze batek bere lana ondo garatzeko behar dutenerako. 10.000 biztanleko herri batean ezin da orkestra sinfonikorik sortu eta mantendu; modu berean, sortzaile batek nekez lor dezake heldutasuna eskala ttikiegi baten arauera antolatutako alorrean. Izan ere sortzaileak, uretako zenbait txorik bezala, espazio minimo bat behar du inpultsoa hartu eta aireratzeko...
Dagoenerako pentsatu izango du norbaitek euskal kulturaren kasua ez dela hain larria; ez dela, hain zuzen, bere kontura liburuak ateratzen dituen poetarena. Eta hori Euskal Herriaz ari garelako, hots, bere hizkuntza eta kulturaren alde etengabe borrokatzen duen herri batean, hots, bere erresonantzia kaxa propiala komertziala baino zerbait gehiago dena antolatzeko gai den herri batean. Zentzu honetan, euskal argitaletxe horrek, euskal zabaltzaile eta euskal liburusaltzaile horiek, euskal maisu edo maistra horiek, herrietako euskal talde horrek, euskal irakurle horiek, eta euskal jaurlaritzak, euskal diputazioek, euskal elizak eta euskal bankuek, horiek denak eta beste hamaika euskal erakundek, baita ahazten zitzaizkidan euskal prentsa, irrati eta telebistek ere, horiek denak eta beste askok, berriro diot, zuzendu eta egokitu egingo lukete erresonantzia kaxa arrunta, komertziala.
Iritzi baikor horrek edukiko du oinarri apurren bat. Baina euskal kultura horren barruan gabiltzan askok kontrako iritzia dugu, erresonantzia kaxa berezi horrek ez duela eragin haundirik. Maiz, hartzen da euskal izena aintzat, eta aintzat hartze horrek ez du erresonantzia kaxa komertzialaren ibilera samurtzea beste helbururik: euskal, zentzu horretan, produktuaren salmenta hobetzen duen item bat besterik ez da izaten, xaboi ekolojikoa dioen etiketa baten parekoa. Bestetan, berriz, euskal delakoak soilik mortu eta arnas-pasata dauden fenomenoak izendatzen ditu; edo kasurik hoberenean, hartu zenbait fenomenu bizi baina oso mugatu, eta hipertrofiatu egiten ditu muga soportaezineraino eta horixe da, hain justu, bertsolaritzarekin gertatzen ari dena. Azkenez, berezia omen den gure erresistentzia kaxa horrek ez ditu jaso ere egiten hainbat euskal gauza. Ez zuen jaso bere garaian, jaso eta ortografia berrian jarri eta ikastola guztietan sartu, Arestik euskal nobelarik hoberena deitzen zuen liburutto miresgarri bat; orain ez ditu ia ikusten Literatura Unibertsaleko kolekzioan atera diren hainbat itzulpen gogoangarri, halanola Garziarenako gure adiskide batek Faulkner-en The Sound and the Fury-ri buruz egin duena. Ez, ez gara hain onak benetan. Euskal kulturari kostako zaio oraindik munduan euskal munduan ere bere fruitua eman eta zabaltzea.
|