L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-6 (1993-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Malcom X

 

Spike Lee-k bebe azken pelikulan Malcolm X-i eskainitako omenaldia ikusi berria dugu pantailetan. "The angriest man in America" deitu izan zioten Malcolm X-i, "Ameriketako gizonik haserretuena" alegia, eta alde batera bere autobiografia irakurtzen duenak laster ikasiko du ez zuela horretarako arrazoirik falta. Umetan ikasle on eta saiatua izan omen zen, bere gelako onenetakoa behintzat. Behin, maisuak handia izandakoan zer izan nahi zuen galdetu, eta berak abokatu izan nahi zuela erantzun omen zion. Maisuak orduan (txuria izan hura ere) bizitza honetan errealista izan behar dela esplikatu zion, ea non ikusi zen beltz abokatu bat, arotza izatea zela bere klaseko batentzat ofiziorik politena. Malcolm X ez zen halere ez abokatu ez arotz izan, baina bai beltzen giza-eskubideen aldeko aktibistarik sutsuena, bere inguruan, Musulman Beltzen erakundean, milaka eta milaka jarraitzaile biltzea lortu zuena. Bere eritziekin, jarraitzaileak ezezik kontrarioak ere egin zituen, noski: gizon txuria etsaia zela aldarrikatzen zuen; beltzek, txurien gizartean integratu ordez, beren estatua eraikitzea lortu behar zutela; txuriek beltzei hainbeste mendetan pasarazitako umiliazioak gizadiaren historiako lotsagarrikeriarik handienetakoa zirela.

        Hogeita hemezortzi urterekin Meca-ra joan zen peregrinazioan, bere erlijioa hobeto ezagutu eta ulertu nahiz. Bidaia hartan, kolore guztietako musulmanen arteko senidetasunaz ohartuz, eta berari bere kolorea aintzat hartu gabe toki guztietan egiten zioten harrera ikusiz, lekzio handi bat ikasi zuen: ez zela zilegi txuria etsaiarekin identifikatzea eta txuriek ere parte har zezaketela arrazismoaren aurkako borrokan. Bere kideei bere eritzi berriak azaltzeko gogoz itzuli zen Estatu Batuetara. Baina ez zuen horretarako denbora askorik izan, zoritxarrez handik gutxira hil baitzuten Harlem-en jende talde baten aurrean hitzegiten zuen bitartean.

        Bere autobiografiako pasarte bat aukeratu dugu hemen. Mecatik itzuli ondoren pentsatzen zuena erakusten du. Askotan, han eta hemen hitzaldiak eman eta gero, borondate oneko txuriak hurbiltzen omen zitzaizkion zerbait egin ote zezaketen galdetzera:

        «Aurrena zera esaten diet, neure Nazionalista Beltzen erakundeari dagokionez, alegia Organization of Afro-American Unity delakoari, hor behintzat ez daukatela sartzerik. Nire inpresio sakon-sakona da beltzen erakundeetan sartu nahi duen jende txuriak azken batean bere kontzientzia garbitzeko ihesbidea hartzea besterik ez duela egiten. Gure inguruan mugituz modu nabarian, "gurekin" daudela "frogatzen" ari dira. Baina egia, egia latza, zera da, horrek ez duela ezertan laguntzen Ameriketako arraza arazoa konpontzeari buruz. Arrazistak ez baitira Beltzak. Benetako txuri zintzoek ez dute bere buruaren "frogaketa" hori egin behar biktima beltzen artean, baizik eta Ameriketako arrazismoaren kokalekuetako fronte eta trintxeretan —nork bere komunitatean alegia; Ameriketako arrazismoa beren kide txurien artean kokatzen baita hain zuzen ere. Hor egin behar dute beren ahalegina benetan zerbait egiteko gogoz dauden txuri zintzoek.

        «Horretaz aparte, txuri zintzoen aurka ezer ez daukat zera esaten dudanean, beltzen erakundeetako partaide diren heinean, gehienetan txurien presentzia hutsak pixkanaka eta automatikoki eraginkortasuna kentzen diola beltzen erakundeari. Partaide txuri horiek direla-ta, onenak direla ere, Beltzari gehiago kostatzen zaio jakitea zer den berak egin behar duena, eta bereziki zer den berak egin dezakeena —bere kabuz, bere kasa lan eginez, bere kideen artean, bere komunitatean.

        «Ez nituzke, noski, inoren sentimenduak mindu nahi, baina, nolanahi ere, ausartuko naiz esatera sekula ez naizela benetan fidatzen beti Beltzen ingurutik ibiltzeko, edota Beltzen komuniteetatik mugitzeko, hainbesteko irrika azaltzen duen jende txuri horretaz. Ez naiz fidatzen beti Beltzez inguratua ibiltzea gustatzen zaion jende txuri horretaz. Ez dakit —beharbada sentimendu hori Harlemen trapitxeoan ibiltzen nintzeneko aztarrena izan liteke; txuri musu-gorri, mozkor guzti haiek ordu-txikietako clubetan beltzen bati atzaparra bota nahirik ibiltzen ziren, beti kontu berarekin: "Bakarrik esango dizut ni bezain ona zarela..." Eta gero beren taxi edo limousin beltzak hartu eta zentrora itzultzen ziren, beren bizileku eta lantokietara, beltzek, non eta morroiak ez ziren, sarrerarik ez zuten auzoetara. Nolanahi ere, ondo dakit txuriak beltzen erakunde batean sartzen direnero, beitu, beltzek txurien sostengua bilatuko dute luze gabe, eta konturatzen zarenerako beharbada beltz bat izango da buru bere titulu eta guzti, baina benetako kontrola, beren dirua dela-ta, txurien esku egongo da".

(The Autobiography of Malcom X,
Grove Press, Inc. New York)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.