L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-6 (1993-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Ondare ospetsu delako hori

 

Iñaki Garziarena

 

                 I

Monumentu deritzate euskerari

euskal politiko halakoek

 

eta politikoek ez ezik,

baita zenbait kultur arduradunek ere

 

monumentu hitzaren berezko

adierazia, oroigarri da

 

eta oroigarria beti da

utzi egin dugun zerbaiten

 

gure gogoak orainean, jada

betetzen ez duen zerbaiten:

 

hartara, bada, euskarari oroigarri eriztean

hartan iada ez garena da aitortzea

 

betetzen ez duguna ezagutzen

gure baitatik at dena

 

                 II

Monumentu ezein, gogor da

aldakaitz ta inerte

 

hain zuzen ere, bete betean

fosil bati dagozkion nolakotasunak

 

latina grekera edota probentzala

altxor jatorrizko, ondare aratz badira izan

 

inoren gogotik at ordea, beti-berean dautzanak

fosilak, oroigarri hutsak: monumentuak

 

sasoi denean, sugeak berea bezala

gogoak utzi dituen azal aratzak

 

                 III

lengoaia, lehen eta bizi

aldaketa etengabean da

 

norberaren gogoan

etengabe egin ta desegiten

 

atzera ala aurrera

indartu ala ahuldu

 

uzkurtu ala bilakatu

bizkortu ala moteldu

 

osatu

ala trakesten

 

lengoaia, norberaren gogoan bilakatzen den

esperientzia da, fenomeno, gertatze:

 

hitzak begiak dira, kate baten

indar bat dutenak bideratzen.

 

                 IV

hizkuntzan ezeini, balioa ez zaio

ezeren oroigarri izatetik atxikitzen

 

baizik eta inoren, nortasun baten

ager-bide ta osagarri izatetik

 

inork bere burua adierazi ta garatzeko

aintzat hartua izatetik

 

inoren baitan, etengabe egiteko

mundu bat sortu ta gogo-berritzeko

 

duen ahalmen bide ta indarretik:

monumentu, hildakoari eskaini hotsa da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.