Ezkerkeriak
German Garziarena
Zenbait jendek uste du, edo horrela dirudi behintzat, Historiaren gauzapena bere bizi-esperientzia partikularraren denboran behar dela kausitu. Adibidez, aldaketa sozial desiratuei dagokienez; nazional askatasun prozesoei; amestutako iraultzen garaipenei... etabar.
Amets guzti hoien eduki eta helburuei legokieken eztabaida zilegitasunei buruzkoa, adibidez probisionalki bazter batera utzita, konturatuko ginateke Historia orokorra eta historia pribatuaren uztartze positiboa halabehar morala dela aldarrikatzen duten horiek ez dutela beren pretentsioa apaltasunez eta zuhurtziaz aurkezten.
Ziur aski, nehork ez lioke bosniar musulman bati gizakiaren arazo orokorrei buruzko planteamendu global bat onartuko. Hauxe erantzungo genioke, gutxi gora behera: "salba ezak hire burua, nola edo hala, eta utzi diskurtsoak beste baterako".
Zeren, garbi esan, egiazko larrialdiaren aurrean profilaxiak eta aterabide konkretuenak bilatu behar direla ongi baitakigu. Hala ere, mendebaldeko europear intelektual argitu eta aurreratuari besterik dagokio, batez ere delako intelektuala garai batean "ezkertiar" deitzen ziren horietakoa baldin bada: horri, nonbait, mundua salbatzeko eta gizakia perfekzionatzeko errezetak asmatzea dagokio. Ahalik eta globalenak, hobe.
Gero, errezeta horiek ezertarako balio ez dutela konturatzean, edo Historiak muzin egin diela beren elaborazio ideologiko hain begiratuei, hasten dira gure intelektualak han eta hemen traidoreak, iruzurgileak, zinausleak eta munstroak bilatzen. Ekartzen dute mahai gainera sufrimentu partikular haundirik gabe urtetan zehar xuri mantendu duten "kontzientzia zelatari garbia", eta hasten dira, auto-exaltazioari dagozkion zeremonien bitartez, nostaljia batzuren parodiak eta bestelako parafernaliak muntatzen.
Horrela gertatu ote zen, joan zen apirilaren 23an, Barcelonako Palau Sant Jordi kiroldegian, Raimon kantariaren omenaldiarekin... Euskaldunontzat gratifikagarria zen omenaldi haretara partaide bezala Mikel Laboa deitua izana. Hori gutxienez aitortu behar da, antolatzaileen memoria eta borondate onaren lekuko: ez gintuztela ahaztu, alegia.
Baina zeremonia, berez, eta telebistan ikusi ahal izan genuenez, hotza, konfusoa eta pseudo-historizista izan zen. Norbaitek kantarien artean omen bat berezi baldin badu, hori Raimon dela, ongi onar daiteke. Raimon kantagile sakona izan da, sentipenak, bizi-filosofiak eta arreta gizartekoiak bere kantuetan trebe uztartu dituena. Estilo zehatz eta gutxi adornatu bati eutsi dio. Egiatia izan da, alegia.
Horrez gainera, katalandar kultura literario eta poetikoaren erreferente nagusi batzuk herrikoitze lanean eredugarria izan zen Raimon; horrela eman zituen ezagutzera, kantatuz, aintzinako valentziar poetak, eta besteak: Ausiàs March, Rois de Corella, Joan Timoneda, Jordi Sant Jordi, etabar. Salvador Espriu poetaren lanaren erakustaile artistiko hoberena ere Raimon izan zen. Raimon-i asko zor zaiola, han eta hemen, hori ezin ukatu.
Omenezko kantaldiaren arazoa bestelakoa izan zen, ordea. Batetik, oso zehaztasun eskasa nabarmendu zutela hara gonbidatuak beren han egotea esplikatzerakoan. Bestetik, publikoak borondate ona bai, baina oso intelijentzia gutxi manifestatu zuela; txorakeriarik handienak txalotu zituen.
Bazirudien denak joanak zirela hara, taula gainekoak eta eserlekuetakoak, tribuko hechicero-aren bitartez gauzatu behar zen mirari edo miresgarri zerbaiten bila, azkenean, zoritxarrez, deus ez zela gertatzen konturatzeko.
Ongi begiratzen jarriz gero, nabarmena zen han ez zegokiola nehori auto-errepresentazioaren gidoia idaztea; eta ez, alegia, argumentoaren papera ahaztua edo galdua zutelako, argumentoa bera neurri handi batean faltsua eta zehaztasunik gabea zelako baizik.
Bizi-harremanen eta lotura ideologikoen argudioei bagagozkie, esan behar da, lehenik, taula gainera atera zirenetatik batzuek ez zutela Raimonekin zerikusi haundirik. Noiz eta zertan izan dira, adibidez, kide, lagun edo partaide Serrat eta Raimon? Azken urte hauetan izango da, lehen ez behintzat.
Horrela, eta guzti horri "gu" erantsi nahi bazaio, edonor kontura zitekeen nexo edo lokarri bakar posiblea nolabaiteko "testigantza" politiko batean zetzala. Alde horretatik, eta han ez zegoen bestelako zentzu haundirik, dena erretrospektiboa zen. Erretrospektiboa eta "nostaljikoa". Baina ez norberaren gogoeta eta sentipenetan txertatuta leudekeen balore erreferente sakonen bitartez, iraganarekiko erretolika baten bitartez baizik.
Historiaren barneko ibilpuntu aintzinakoez "politikoki" hitzegin nahi denean hori gertatzen baita: intelektualak edo artistak Historiari endosatu nahi izaten dizkiola frakaso eta frustrazio guzien fakturak. Baina Historia, horrela, maiuskulekin, inpertsonala, urruna eta inplakablea delarik, ez baitu ia deus ikustekorik gure amets (usteko) eta fantasiekin, intelektualak edo artistak errudun konkretu eta iruzurgile konkretuak behar ditu "denuntziatu", eta horiek, jakina, politikoak izan daitezke (adibidez), Paco Ibañez jaunak desplante haundiz azpimarratu zuen bezala.
Baina badu jarrera errebantxista horrek beste aurpegi posiblea: erantzunarena. Imajina, une batez, Jordi Solé Tura-ren ihardespena: "Zertan izan haiz hi, Paco Ibañez, ni baino ezkertiarrago? Noiz borrokalariago eta konprometituagoa? Hi Parisen bizitu hintzen, Francoren denboran, gitarra jotzen, eta ni Barcelonan, ongi izorratua, komunismo gizakoi katalandar baten posibilitateak lantzen, kartzela ere probatuz".
Horra erantzun posible bat. Gero, anekdotikoari begiratuz, beste erantzun posibleak, ironia krudelari dagozkionak. Adibidez, Pete Seeger-en biloba sandinistak zer kristo pintatzen ote zuen han, ez baitaki gitarrarik, marakarik eta danborrik jotzen.
Palau Sant Jordi-ko liturjia haretan pena ematen zuena, neurri batean, publikoa zen. Publikoak azkenean ez zuen kandelatxoak pizteko ere gogo edo adore edo ilusiorik izan. Total, zertarako. Falsete gehiegi zegoen taula gainean nehork haretan bere iragana errekonozitu ahal izateko.
Nostaljia faltsuen zeremonia faltsuek ez baitute tristura areagotu baizik egiten. Historiaren trena gutxitan pasatzen baita bi aldiz.
Hori bai, komunikabideek ongi hitzegin dute. Bost ajola zaie, txorakeria pila kontatu dute, topikoetan ito dira, baina ongi hitzegin dute. Faltaría más... Beraz, gora gu ta gutarrak.
|