L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-7 (1993-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

One Poem, A Day
(Keeps The Doctor Away)

 

Jean Pierre Garziarena

 

«Sagar bat eguneko, eta mediku oro urrineko». Hala itzuliko luke inongo titulu ofizialen beharrik gabe edonork ingelesen esaera ospetsu hura. Baina bazterrak nahasi zale denak, zilegi du sagarren gorritasuna poema bakoitzak bere baitan duen grafitozko bihotz puskarekin alderatzea. «Idatzi/irakurri poema bat eguneko, izango zara zorioneko». Poetak gustora irentsi du sagarraren azken zatia, ñamñam, zuztar eta guzti.

        Poeta autobusaren zain dago. Berandu dator. Aurreko etxe itsusian zenbat leiho dauden kontatzeari lotu zaio. Hirurogeitamaika kontatzerako aspertu da eta lurreko zigarrokinei begira dago orain. Lurreko kromo batean hegazkin bat dago marrazturik. «Hegazkinak. Horiek bai gauza bitxiak. Hegazkinei esker ordu berean bi lekutan gosaldu dezakegula pentsatzea ere... Adibidez, Pariseko aireportuan zortziterdietan gosaldu eta hegazkina hartuz, Vancouverren egon gaitezke berriro goizeko zortziretan gosaltzeko. Egongo al da bi aldiz gosaltzea gustoko duenik? Bai, ziur baietz. Gauzak zer diren, Parisen hilez gero, Vancouverren oraindik bizirik geundeke zortzi orduz... «Agonia internazionala, txo». Poetaren ondoan emakume gizen bat jarri da. Behin eta berriz begiratzen dio eskumuturreko Rolex berriari emakume gizenak. Urduri dago autobusaren zain. «Beharbada hegazkina galduko du» datorkio burura poeta nekatuari. (zein poeta ez dago nekaturik)

        Kale ertzean etxe bat berritzen ari dira. Hondarrez beteta dago kalea eta basamortu baten itxura du. Basamortuak beti gustatu izan zaizkio poetari. Ez daki zergatik, baina gustoko zaizkio. Eta poetak pentsatzen du ze gaizki pasako luken bere eskuineko emakume gizen hark basamortuan galdurik erlojurik gabe, eta zein luze eta amaigabe gertatuko litzaizkioken orduak han galduta. Bere gorputz mardulak ez luke sosegurik izango. Eta gauza jakina da erlojurik gabeko edonork, egunak pasatuala, igaro denboraren zehaztasuna galduko lukela apurka apurka. Horrela, luzaro ibili ondoren abiapuntura itzuliz denbora alferrik galdu izanaren usteak zirikatuko luke andre mardula. Hargatik, —destino deitzen duten horren petralkeriak hala nahita— inoiz erreskatatuko balute, zazpi urte igaroak zirela irudituko litzaioke. Ordea etxera ailegatzean, ikusiko luke, egutegiari zazpi orri baino ez zaizkiola erori. Astebete. Eta andre gizena, basamortuan kiloak galtzeaz gain, zazpi urte gazteago sentituko litzateke. «Behar hada, —otu zaio poetari— komenigarria litzaiguke denoi ere denboraldi bat basamortuan igarotzea, gazteago sentitzeko,

        «Poeta da hura, zeinak pentsatzen duen gauzarik onenak dohain ematen zaizkigun haiek direla. Poeta da hura, zeina gauak berdindurik (garagardoak apika) mintzo bait den ezein karriketan eromenaren birtuteaz eta laguntasunaz. Poeta da hura, zeinaren koldartasunak suizidio poetiko errepikatuetan aurkitu bait zuen sosegua. Uum, hori apuntatu beharra dago. Nork dio hiri zikinek inspiraziorik sortzen ez dutenik?»

        Egunkariko lehen orrian titular nagusia: POETA GEHIENAK INFERNUAN. «Hala izango da —pentsatzen du poetak— baina datu hori egiazkoa izanik ere, bada pundu honetan estadistikek kontutan hartu ez duten zerbait. Alegia, haien borondatez dela hori, beraiek hala nahiago dutela; zerukoak baino askozaz ere handiagoak bait dira infernuko bibliotekak.»

        Kea eta burrunda bidean. Autobusak alde egin dio poetari. «Eta zer egingo zaio, total, galdu ez banu ere, dirurik ez dut ekarri...» Eta poliki abiatu da etxerantz, sonbreiru gisaren hegala okertuz (non jaio da poeta bat sonbreiru grisik gabe) basamortu eta sagarrekin pentsamendua.

        Gaur ere ez da lanera joango.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.