L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-7 (1993-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Istorio Europarrak

 

Bittor Garziarena

 

Lagun bat eta biok kafe bat hartzen ari ginen plaza batean eserita eta lagun horrek artikulu bat jarri zidan begien aurrean, irakur nezala nik ere arren, eman niezaiola iritzia han kontatzen zen egun-egungo istorio europarrari buruz. Eta hala, lagunari amore emanez, irakurtzen hasi nintzen. «Neskato marrokiar bat Rotterdameko laku batean ito zen ehundaka bainuzale holandarrek indiferentziaz begiratzen zioten bitartean» —esaten zuten estraineko lerroek. Ondoren, gainerako berrogei eta berrogeita hamarretan, kazetariak oraingo jende bihozkabe eta dejeneratuaren beste ekintza bat deskribatzen zuen xehetasunez xehetasun: bonberoek laguntza eskatu zutela baina hiritar gutxi batzuk baizik ez zutela kolaboratu, eta berdin berdin gertatu zela poliziakoek beste horrenbeste eskatu zutenean, eta Justizia —Legea— aztertzen ari zela kasua, agian gartzelara joan zitezkeela begiratzaile haietako batzuk.

        — Iritzirik ez diat eman nahi —esan nion lagunari irakurketa amaitutakoan. Zeren, hori ere aitortu beharra dago, azkenaldi honetan nekatuta nago iritzi errazegiak emateaz—. Baina, ordez, gure hiri honetan bertan gertatutako beste istorio bat kontatuko diat.

        — Istorio europar bat, noski.

        — Bete betean europarra. Entzun. Duela urte pare bat, hiri honetako udaletxea jubilatuentzako egoitza bat eraikitzen hasi huen auzune berri eta dotore batean. Eta zer gertatu zen? Bada auzune moderno eta dotore hartan etxebizitza erosita zeukaten guztiak protestaka hasi zirela udaletxeak erabakitakoaren aurka; gogorki protesta eginez, gainera, manifestapen, zentzerrada eta gainerako parafernalia guztiarekin: Zahar jende itsusi hura, orduan, beraien kale eta parke erdi-partikularretan? Horretarako ordaindu zuten orduan hainbeste diru etxebizitzengatik? Ez, inola ere ez, eraman zitzatela jubilatu guztiak leku apartatuago batera, egin ziezaietela etxe bat drogazale eriek zeukatenaren ondoan-edo.

        — Baina azkenean, alkatea gogor jarri eta eraiki egin huen, ezta?

        — Bai, eta hik hori esaten duala gauza bat etortzen zaidak burura, aukeran harrigarria egiten zaidana —azaldu nion lagunari egunkaria tolestatu eta pentsatzeko denbora hartuz—. Bai egunkariko istorioan eta bai gure hiriko honetan, zer ikusten da garbi? Bada ibaiaren alde zuzen eta egokian gure alkatea edo Rotterdam-eko bonbero, polizia edo epaileak zeudela, eta ibaiaren alde okerrean, berriz, hiritar delakoak. Hiritarrak dituk bi istorioetan solidaritate edo senidetasun aminirik gabekoak; beraiek dituk asozialak; beraiek dituk, azken batean, pizti likitsak —baldin eta Bibliaren orrietan zein Bertold Brecht-ek idatzitakoetan aurkitu daitekeen espresio bat erabili badezaket.

        — Holako istorio europar asko zeudek, bai —eman zidan lagunak arrazoi—. Duela gutxi Londresen egon ninduan, eta harrigarria duk han homeless eta gainerako eskaleekin gertatzen dena. Jendeak ez ziek begiratu ere egiten. Bertako jendeak esan nahi diat, zeren turistetaz kontrakoa esan behar baita, gehiegi begiratzen dietela. Europako hiritar aberatsak edo behinik behin lan batekin eta ondo daudenak oso gogortuta zeudek. Baina, zer egiten zaik harrigarri arazo honetan?

        — Neure buruarekin harritzen nauk —hasi nintzen—, zeren estaduaren aurkakoa izan bainaiz beti, edo estaduaren erakundeekin oso kritikoa behintzat. Niri iruditzen zitzaidakean erakunde hori errepresiboa zela berez, eta jendea lotzen zuela, ez ziola jendeari, hiritarrari, bere onena ematen uzten. Baina azken aldi honetan ezagutzen ari garen istorio europarrak direla-eta, iritziz aldatu nauk. Nire inpresioa duk gaurko hiritarrak, otso horiek, senidearentzako behin ere baino otsoago diren horiek alegia, sekulako krimenak egingo lituzketela bakarrik utziz gero. Estadurik gabe, zer pasako ote litzateke emigranteekin? Zer edadeko jende pobrearekin? Zer sekten jaki diren pertsona sentziloekin? Auskalo zein sarraski gertatuko liratekeen.

        — Baina Estadua bera ere, gaur ezagutzen dugun bezala, ezin esan perfektoa denik. Poliziak basatiki jokatzen dik askotan, epaileak pribilejioak babesten dizkik, bonberoak...

        — Arren, etzak esan ezer bonberoen aurka, ez ditzagula gure esperantza guztiak hondatu! —moztu nion lagunari. Eta ondoren, serioago:

        — Jakina, kritikatu beharra zegok Estadua eta estaduaren hainbat alderdi. Dudarik gabe. Kontzientzia minimo batekin jokatu nahi bada, ezinbestekoa duk Estaduaren ekintzei buruz erne egotea. Baina jokaera horren oinarrian ezin zitekek errealitatearen ideia naif bat egon, ezin zitekek pentsatu Estaduaren aurka jartzen diren guztiak eredugarriak direla —zeren, hainbat istorio europarrek erakutsi bezala, kriminalak izan baitaitezke. Azken batean, alde batera utzi beharra zegok Rousseau eta jendea berez zintzoa delako ustea—. Aitzitik, aintzat hartu beharra zeudek kontrakoa pentsatzen zuten Montesquieu eta gainerako pesimistak. Bestela, Euskal Herrian askori pasatzen zaiona pasako zaiguk guri ere. Naiftasun —interesatu— batean jausi eta hiperkritikoak bihurtuko garela, hots, erreakzionarioak. Esan zian aspaldi Castilla del Pinok: hiperkritika pasibitatearen forma bat besterik ez da.

        Ordurako, ordea, nire laguna bere egunkarietara bihurtua zegoen, eta ez zidan jaramonik egin nahi. Baina jakinaren gainean nengoen eta ez nintzen molestatu: azkenaldi honetan nire lagunak ez du ezer jakin nahi gure herrian gertatzen denari buruz, eta atentzioa erretiratzen du Euskal Herriaren izena entzuten duenero.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.