«Gaixo Haltza»
Albaro Garziarena
Haltzak ez du bihotzik
ez gaztanberak ezurrik
Enian uste erraiten ziela
aitunen semek gezurrik
Nor izan zen gure kantoretan eder-ederra den Berreterretxerena asmatu zuen koblakaria? Ez jakin! Miresle beste aieru emale jaso-sortu ere ditu gure poemak, gure haltza dontsutaz ele-mele ugari eragin dutenak, berebat. Ankerra, zitala, gaiztoa erizten omen zioten haltzari gure arbasoek; zergatik baina? Behialako Euskal Herri sorginduaren lorratza omen, ezin eutsizko misterioa egungo gizakientzako.
Dena den, eta gaiztoak gaizto, olerkiak eragin bera ez izan bi sujetentzako: gaztanbera hezurgabea inork ez du ez xaxatzen ez gaitzesten, haltza gaixoaz oso bestela. Ikusi adibide gisa zabalkunde handiko hiztegi batek zuhaitz errukiorraz dioena: «Haltza: árbol que en literatura vasca es símbolo de esterilidad y falta de corazón». Bihotza ez eukitzearen kalteak.
Kontuak erantsia dakarren ikuspegia kuriosoa da oso, halabaina. Itxura batera, bihoztunak dira gainerako zuhaitzak, edo gehienak behintzat. Eritzi susmagarria inondik ere, erromantizismo zuri baten gustokoa, naturalismo goxo batena. Egia, berriz, hurbil eta logikoagoa dugu, egile eta kantorearen alde jokatzen duena nire ustez. Berorren atea (egiarena) zabaltzen diguna Robert Graves idazle britaniarra dugu, The White Goddess bere obra mardul eta sorginduaren bidez: «Haltza SANTUA da, izan, beste arrazoien artean, honakoxeagatik: zuria den zurari odol moduko gazur gorria dario ebakitzerakoan, gizaki baten antzera» (bihotza ukan ez arren).
Itzulpena egin ezkero, erreza da puzzlearen osaketa:
Lehen urratsa: Euskeraz (ez bakarrik) gorriagatik aipatu ohi da odola, gaztanbera zuri-zuriaren eredu den bezalaxe.
Bigarren urratsa: Zer da euskarazko «zuri-gorri» ospetsu hau? Edertasuna, Osasuna eta... EGIA (Azkuek dixit). Hots, eta bukatzeko, «haltza-gorrik» eta «gaztanbera-zurik» egiari ohartzeko dei egiten digute, edo nola-hala adieraziaz:
Egitan
Egitan
Enian uste
erraiten ziela
aitunen semek gezurrik.
Zuritua da baltza! Biba Xiberoa!
|