Rockeroen aurka
(enbidiaz)
Joe Garziarena
Literatura idaztea ez da garai bateko gauza bera. Werther gaztearen garaian jendea suizidatu egiten zen. Esistentzialisten garaian oraindik ere jendea urtez pasatzen zen betilun Saint Gerrnain aldean, kafetegirik kafetegi. Alegia, literaturak eragina zuen. Eta egun, zer? Beno, agian guti batzuk oraindik suertea dute eta unibertsitateko hitzaldi eta hitzaldi artea ligatu egiten dute edo noizean behin eskerroneko eskutitz bat jasotzen. Agian sudamerikarrak izan ziren 70-ko hamarkadaren amaian oraindik irudi nazional bezala beren herrietan paseatu ziren azkenak nolabait eragina izan zutenak. Harrez gero ezertxo ere ez.
Bada, bestela esanda, rockeroek lapurtu dietela idazleei gloriaren koroa zaharra. Egun, raperrek, rockeroek, punkiek eta zenbait zine starrek mobilizatzen dituzte jendeak, kolatan orduak itxaroten eukitzen, neskak zorabiatzen, politikariak beraiekin argazkitan ateratzen, edozein juergatako musika bihurtzen e. a.
Literatura sozialki idazteko garaia amaitu da. Egun, literatura idaztea, zigiluak kolekzionatzearen pareko da: oso guti batzuren pasio sekretua. Kafkak zegoeneko honen zantzu ona izan zuen. Eta ondorioz, idaztea sekula baino zailagoa da, zer arraio idazten ari garen ulertzea egunetik egunera zailagoa suertatzen den punturaino.
Gehienaz, liburudendaren batean iladak sor ditzake idazleren batek irakurle amorratuek zinadura eman diezaieten. Maila honetan, emakumeak eta zenbait minoriak bakarrik dute mikro-gizarte baten zentzua oraindik, mikro-gizarte horietan eraginkor baitira. Besteei, irakurlego ilun eta imajinaezin batentzat idaztea tokatu zaie, nik ez dakit zeren esperantzatan unibertsitate hitzaldiak eta liburudendetako iladak behintzat ez. Egia esan, dirua ere ez.
Hölderlinek aspaldi antz eman zion jainkoek abandonatu gintuztela. Alabaina, egungo perspektibatik esaldi orokor hark zentzu bereziago bat hartzen du, idazleak baitira jainkoek utzi dituztenak; rockeroekin joan dira jainkoak, idazleak stadiumetik kanpora utzita.
Eta halaere idatzi egin behar. Alde batetik beste ezer egiten ez dakigulako, gogorik ere ematen ez digulako, gaztetan engainatu egin gintuztelako; inork ahal daki.
Agian, jainkotasun-ezak literaturarik onena idazteko aukera eman digu baina, oraindik ere ikustezin bihurtu zaigun irakurlego futuro batentzat, edo agian irakurle talde tipi horrentzat, azkenean benetan idatzi nahi genuena idazteko aukera baitugu orain. Rockeroei geratzen zaie, kokaina, stressa, porrotaren desesperoa eta diru fortunen galera jainkoen erregali guzti horiek. Idazleoi etxetiarragoa bihurtu den zeregin lasaiagoa geratu zaigu. Jakina, etxetiartasunaren arriskua elitismoa da beti. Baina ez dut uste dagoeneko literaturak elitismoaren luxua ere permiti dezakeenik.
Agian jainkoek ez gaituzte abandonatu, agian lur promestura ekarri gaituzte eta oraindik ez gara konturatu.
|