L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-9 (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Telefonoa

 

Lengo gizonak ere gure modukoak izango ziran. Entzun izan nuan, garai batean telefonorik etzala erri askotan; eta, enteratu ziranean, asi omen ziran elkarri esaten telefonoa jartzeko ideak artu omen zituztela, eta lagun artean onela omen zion batek:

        —Telefonoa ere ba omen diagu.

        Gure ballaratik gertu, Itsasondo'ko Urki'tik bistan dago beste ballara bat, Santa Marina izena duana. Laü errirena da gutxienez. Eliza dago Albiztur'ko partean; beste etxe batzuk, Bidani'koan; besteak, Errezil'koan; Beizama'koan ere bai.

        Or bizi zan zerbait zan usteko gizon bat. Eta, tabernan entzun zuanean telefonoa jartzen asi zirala:

        —Zer dek ori? —esan omen zuan.

        Esan diote Madrid'tik otsegin eta emendik entzungo zala telefonotik, eta ala omen zion:

        —Ez dik eztarri txarra bearko Madrid'tik onera deitzeko.

        Eta esan diote:

        —Bai, gizona, bai. Orain, Tolosa'ra ferira zoazenean, emazteari deitu nai badiozu, telefonotik egin zenezake.

        Urrengo astelenean joan da ferira. Asi da telefonoa nun dagoan galdezka. Esan diote zein kaletan dagoan. Joan da gure gizon ori. Jo du atea eta atera zaio neskatxa bat, galdetuz ea zer nai zuan.

        —Telefonotik itzegin nai nuke.

        Eta neskatxak:

        —Etorri barrena —esan omen zion—. Nora deitu nai dezu?

        —Santa Marina'ra emazteari nai diot.

        Eta orduan neskatxak:

        —Zer numero da? —galdetu omen zion.

        Eta gizon ori erdi asarretuta jarri ornen zitzaion, esanez:

        —Numeroa? Zer uste dezu: nik berrogei andre dauzkatela numeroka itzegiteko? Banengoan, ba, sorginkeri au egia izango ote zan! —esan eta atera omen zan.

        Edozeiñek esaten zion ari, Tolosa aldean, egia zala.

        Baina denborarekin sartu zitzaion. Jabetu zan egia zala. Zelebrea zan eta beti etzan arratserako etxera biltzen.

        Egun batean, ala entzun nuan, Ordizia'ra ferira joan da. Orduan goiz ta arratsalde egiten zan feria. Goizetik jateko gauzak eta jaztekoak. Arratsaldean ganaduak. Plaza batean, esne-beiak. Bestean, lanerako idiak; eta bestean, aragitarakoak. Zer ikusi aundia egoten zan. Gaur ganadurik ez da izaten.

        Gure gizon orrek egun osoa an pasatu izango zuan. Lenengo, bazkaldu. Gero, berriz, beste buelta batzuk ganadu artean, eta berriz meriendatzera lasai, eta akordatzerako illundu.

        Eta, emaztearekin oroitu zanean, abarkekin ibiltzen zan eta abarka-sokak askatu, soka maiaren ankari lotu, abarka jarri belaunean, eta deitzen omen zion esanez:

        —Maria, Maria! Oraintxe apaldu det. Bapo-bapo nago. Laster naiz etxean.

        Bi orduko bidea zeukan Ordizia'tik bere baserrira. Emaztea lasai bazegoan, lo-kuluska bat egingo zuan ura etxera joaterako. Lenago ere oituta egongo zan, eta ala obe...

Zartu gabe ezin bizi,
Bizente Barandiaran, Auspoa, 1990

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.