Animali kronikak: Fagozeroa
Joshua Garziarena
Afrikar sabanetako animaliarik bitxiena ikus-entzuleei zein zen azalduko zienentz itaun eginda, Mathaeus von Pümberg-ek honakoa erantzun omen zion telebistako kazetari muturluze eta ezjakin horri: «Bitxia hamo, itsusiena esango dizut. Phacochoerus aethiopicus. Ene igoala».
BBC-ko kazetariak ikus-entzulego zabaleko varieté programa horretara ehiztari mitiko hura eramatea zuzendariari proposatu zionean, honek ideia borobila zela esan zion, katez kate zebilen ehiztari sonatu eta papaoxea istoriorik eta sinestezinenaz eleztatzeko gauza zela, eta odolgarrienaz ere bai. Kasik mende oso bat afrikar lurretan ehiztari iraganda, animalia basatien gainean jakin beharreko guztia zekielako ustea ahoz ahoz zebilen nahinon. Txotxotuta ei zegoenez, programarako audientzia igoera nabarmena izango zela pentsatuko zuen kazetari hark hurrean, bereziki dozena erdi ipurdi eta titi eta pare bat konkurtsoren ostean, baina esperoko ez zuena zera izango zen, esan zioten agure ileurdin eta txotxotu horren ordez kezka filosofikoz lepo zebilen gizon bat topatzea. Eikarrizketa egiten hasi zitzaionetik hortxe zegoen, bizitza eta heriotzaren gainean hausnarketan, bera baino hiltzaile gorrotagarriagorik ez zegoela lurbira osoan, animalia, landare eta orohar naturari buruz berriki ikasten hasia zela, ordurarte itsu ibili baitzen. Gero, natura gure pentzutan egotera makurrerazi baino, guk harenean jarri beharra geneukala jaurti zuen. Mugimendu ekologistetan ere parte hartzen ziharduela esan eta, akabuan, mundu garatuko gobernuek zeramaten politika suizidaren kontra datu serioz emandako hitzaldi zorrotzaren ondoren, kazetariaren eroapenaren kalterako horrez gero audientzia mapatik desagertua zen eta, Phacochoerus aethiopicus delako horren gaia atera zen.
Honela mintzatu zen Mathaeus von Pümberg.
«Sabanako fagozeroen bizitzak ukitu nau, betirako ukitu ere. Txeeta edo gepardo arina fagozero txikerren baten xerka korrika dabilenean, berau ehizatu guran, ene bihotzak taupaka egiteari uzten dio. Konturatzen naiz fagozeroaren tristeziaz, haren bakartasunaz eta itsusiaz. Betagin luzeokin, txepetxaren zein ipurdikararen afrikar lehengusu-lehengusinak kirio izutzen dira. Zurda lodi gogor horiek erie jakintsuen ihesa eragiten dute. Begiztatu arau, ihes egiten diete ziplo baita gazelek ere, aldarte onean ez badabiltza, bederen. Krudelena katukien erdeinua da. Mingarriena, berriz, hienen barre pitzatua. Unibertso osoko animaliarik bakartiena, penagarriena zela pentsatzen nuen. Kakamokordo kiratsu arre bat lez paradisu erdian. Paradisuek ere satsa ekoizten bait dute.
«Zeinen ezusteko harrigarria hartuko nuen konturatzean elkarrekiko maitasunaz, jabetzean eme eta arrek kumeekiko zuten eskuzabaltasunaz, elkarren arteko babesaz, haien bizitza baketsuaz, haien herra ezaz, haien sotilaz, umilaz. Bakartiak ziren fagozeroak apika, bai, ez baina sabanako gaineratiko bizilagunak baino areago. Ez ziren, ez, motzak. Ederrak ziren. Hala begitandu zitzaizkidan niri. Fagozeroen presentzia ez zen, ez, pundu beltz bat Jainko ahalguztidunaren unibertso xurixkan, ez bada xuri ustez birjinalaren kontrako azken babeslekua, akabuko itxaropena».
Mathaeus von Pümberg-en adierazpen harrigarrien ostean kritika gogorrak jaso zituen BBC telebista kateak, hagitzez latzagoak gobernukideen partetik, BBC-ko langileen profesionaltasuna zalantzan jarriz. Handik astebetera BBC-ko zuzendari nagusiak ikus-entzulegoaren barkamena eskatu zuen agerraldi publiko baten, zin eginez ez zela atzera ere halakorik jazoko, ikusentzulegoaren eskubideak bermatu egingo zirela kalitatezko programazio batez egokiro lagundurik, gizartearen zoriontasunari begira beti ere, eta ez, programa hartantxe bezala, ikus-entzulegoaren zoriontasunerako bidean zentzunbako sofrimenduak eraginez.
|