L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-10 (1994-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Mozkor bat Sasirik-Sasi

 

Emak Bakia Baita

 

Aurreko urtean Mérimée-ren Carmen bezala, Amos Tutuolaren Mozkom bat Sasinik-Sasi kaleratu genuen Emak Bakia Baitako lagunok urte joan berriaren bukaeran, urtero liburu berri bat argitaratzeko asmoari eutsiz. Gure artean ezezaguna den idazle eta literatura batera —literatura nigeniarra eta orohar afrikarra— jo dugu oraingoan, baina ez dezala inork pentsa gure hautaketa egiteko liburutegi-zoko batera jo dugunik. Mozkor bat Sasirik-Sasi, hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan delarik, Europa edo Estatu Batuetako liburudenda askotan aurki daitekeen liburua da. Egileari dagokionez, Amos Tutuola da bere herriko mugak gainditu eta Europa eta Estatu Batuetan ezagutzera eman zen lehen idazle afrikarra; eta jauzi garrantzitsu hori Mozkor bat Sasirik-Sasi delako honekin eman zuen hain zuzen ere.

        Nigeriako Abeokuta hirian jaio zen Amos Tutuola, 1920an, eta gaur egun ere Nigerian bizi da, baina Ibadango hiri unibertsitarioan. Yoruba da, eta bere obra guztia yoruba-tarren mitologia aberatsean oinarriturik dago. Bere liburuen gaia aukeratzerakoan, Tutuolak bere herriko zaharrei entzundako ipuin eta mitoetara jotzen du. Eta alde horretatik ere badu interesik Tutuolaren obrak, zeren gaur egungo afeikar batzuen sinesmen, mitologia eta munduaren ikuspegi bereziaren berri ematen baitigu. Baina interes antropologiko horren gainetik, kontaketaren beraren balio literarioa dago dudarik gabe, zeren Tutuolak bere herriko ahozko materiale horri egitura berri bat ematen baitio —nobelarena—, bere ahots indartsu eta bizia gehituz gainera.

        Mozkor bat Sasinik-Sasi bidaia baten kontaketa da. Protagonista mutil gazte bat da, txikitatik afizio bakarra duena, palma-ardoa edanez mozkortzea. Zoriontsu bizi da bere herrian, bere aitak ardo faltarik izan ez dezan oparitutako 560.000 palmondoei esker. Baina egun batez bere ardo-mutil edo morroia, ardoa prestatzen ziona, hil egiten da palmondo batetik erorita, eta protagonistak, ikusirik inork ezin diola ardoa prestatu ordurarte bezain ondo, bere ardo-mutilaren bila jotzen do Hildakoen-Hirira. Eta horretarako sastrakan barruratu behar du, izaki latz eta arriskutsuen eremu beldurgarrian. Mila froga gainditu beharko ditu Hildakoen-Hirira ailegatu baino lehen, fantasmarik ikaragarrienak aterako zaizkio bidera: "Osoa" zirudien gizasemea, gorputz-erdiko haurra, morroi ikustezina... Eta, zinez, hain modu bizian erretratatzen ditu Tutuolak izaki horiek, non elkarren aurrean jarriz gero, Grimm anaien ipuinetako munstrorik ikaragarriena zurbildu egingo bailitzateke beldurrez. Irakurri, adibide gisara, eta saiatu ahal baduzue zuen aurrean ikusten, protagonistak bere bidaian aurkitzen duen arriskuetako bat, Arrain Gorria:

        "Arrain gorria azaldu zen unean, bere burua dortokarena bezalakoa zen baina elefantearena bezain handia, 30 adarretik gora zeuzkan eta begi handi-handiak buruaren inguru guztian. Adar guzti horiek zabalduta zeuden goardasolak bezala. Ez zen oinez ibiltzen, baizik eta sugea bezala arrastaka eta bere gorputza saguzarrarena bezalakoa zen eta soka moduko ile gorri luzez estalia. Hegaldi motzak bakarrik egin zitzakeen, eta garrasi eginez gero handik lau miliara ere aise adituko zioten. Bere burua inguratzen zuten begiak itxi-ta-ireki egiten ziren denak batera, norbait interruptore batekin piztu-ta-itzali balebil bezala."

        Gauza asko egingo zaizkio bitxiak gure tradiziotik hain urrun kokatutako liburu honen irakurleari. Eta agian denetan bitxiena zera ikustea, istorio guztia ez dela gertatzen mitoen denboraz kanpoko munduan, baizik eta gaur egun eta erlojuek markatutako denboran.

        Bere editore ingelesari idatzitako gutun batean, hala aitortu zuen Tutuolak: "Asmo garbi batekin idatzi nuen Mozkor bat Sasirik-Sasi, beste herrietako jendeak yoruba-tarren mundua ezagutu zezan... Hori da nire helburua idazterakoan, munduak yoruba-tar jendea hobeto uler dezan, eta uste dut jadanik, nire liburuaren bitartez, lortu dudala orain artean baino hobeto uler gaitzaten..."

        1968an idatzi zituen Tutuolak hitz horiek. Hogeita bost urte geroago, heldu da azkenean euskal irakurlearen txanda; heldu zaigu guri ere idazle nigeriarraren mundu bitxia ezagutzeko aukera bere Mozkor bat Sasirik-Sasi bitxi honi esker.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.