Linguae Vasconum Primitiae
Frank Garziarena
Beste egunean Bilbobusa hartuta, Unibertsitatetik etxerantza bueltan nihoala, nire aurrean eserita zihoazen bi neska euskeraz ari ziren lasaitasun osoz. Beraien euskeragatik gipuzkoarrak zirelakoan nago baina ez dakit ziur. Kontua da hirurok geltoki berean jaisteko asmotan altxatu ginenean haietako batek besapean neraman liburuarengan erreparatu zuela. Berehala bestearen belarrira hurbildu zuen ahoa, eta esan zuena ezin izan banuen ulertu ere, honelako zerbait izan behar zuen: "Eh! Begira ezazu horrek besapean daraman liburua." Besteak nigana zuzendu zituen bere begi ilunak eta nire aurpegian erreparatu gabe liburuari begiratu zion, lepoarekin ahalegintxo bat ere eginaz, inolako disimulorik gabe, izenburua irakurri nahian. Nire besoak egilearen izena bakarrik uzten zuen agerian: BERNARD ETXEPARE, eta izenburua inplizitoki asmatuko zutela suposatzen dut. Elkarri zeozer esan eta gero, autobusetik kanpo geundela jadanik, goitik behera arakatu zuten gizon bitxi hura, Bilbo erdaldunaren erdian euskaraz idatzitako liburu bat zeramana. Nik ezikusiarena eginaz nire etxerako bidea hartu nuen atzera begiratu gabe, baina oraindik nire lepoan nesken begiradak soma nitzakeen.
Gertaera hark gogoetarako xede eman dit azken egunotan... Zer izan zen neska bi horiek bitxitzat hartu zutena? Liburua bera? Irakurlea? Euskal liburu bat liburudendetako eskaparatetik kanpo topatzea? Euskal irakurle bat aurkitzea? Hain arraroa al da Bilbon euskera ikus-entzutea?
Beste egunean irratitik Euskal Herrian inoiz baino euskaldun gehiago zeudela entzun nuen, eta horrek ez duela kalean euskararen presentzia haundiago eta nabariago bat suposatu, ez dela eguneroko bizitzan isladatu.
Lortuko al diagu? Euskara Bilboko kaleetan barrena hedatuko al da? Nire iritzia jakin nahi haduzue: BAI; BAI argi eta garbi bat, maiuskulaz, inolako zalantza izpirik gabe, bestela euskaldunok eta euskalzaleok jai daukagu.
Batek esan zuen bezala euskarak Bilbo, Barakaldo, Eibar, Tutera eta abarreko borrokak irabazi behar ditu.
Bukatzeko hona hemen gure Mosen Bernad-ek XVI mendean esaten ziguna: "...eta baskoek, berzek bezala, duten bere lengoajian zerbait doktrina eta plazer hartzeko, solaz egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta jinen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko..."
|