L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gaze0100>— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bat hirutan

 

Aldizkari berria kaleratzean egindako aitorpena

 

        Literatur aldizkari berri baten atarian gaude. Parada honetan aurkitzen garela, aldzkariaren idazkaritzari alternatiba bi geratzen zaizkio: edo manifesto gisara bere helburuak aldarrikatu, balizko «New deal» iraultzailearen idearioa, aldizkariari nahitaez legokion leku berria justifikatu. Edo zuhurragoa litzatekeena, berririk deskubritu gabe, jadanik dagoen lekua ikuspuntu gabea dela gogoratzen saiatu. Han da gure kasoa.

        Izan dira euskaraz literatur errebistak. Batzuek urtetan zehar diraute eta halako status ofiziala onartzea lortu dute. Nork ez du ezagutzen esate baterako EGAN, garai batetan hain prestijiosoa izan zena, orduko belaunaldietan hain eragin handia izan zuen errebista petoa, eta azken bi urteotan indarberrituz doana? Ipar Euskadin ere bertako idazleen ahots emailerik badago, MAIATZ adibidez. Beste batzuk ere ahaztu gabe KARMEL, XAGUXAHAR... Errebista hauen xedea, kreaziorako lanen erakustoki izatean datza gehienbat, literatur informazio eta kritikari bidenabar heltzen dietelarik.

        Azken hamarkada honetan literaturara hurbildu diren gazteek beste formula berri bat aukeran nahiago izan dute: ohizko errebisten eskuetan beren lanak utzi ordez, adin, ideolojia edo literatur kidetasunen arauera bildu dira eta talde bakoitzak bere errebista argitaratzeari ekin dio. Errebista hauen adierazgarririk nabarmena aldikotasunik ezean eta taldearen joera berezien ahots emaile izatean datza. Kreazio lanei toki gehiago eman diote informazioari baino eta informatu dutenean talde bakoitzak deboziozko egileei buruz izan da, halabeharrez noski.

        Labur esateko errebista hauek izugarri ondo bete dute bere egitekoa: joera berrien sustatzaile eta joera zahartu fosildun ikonoklasta izatearena. Beste literaturetan abangoardiako mugimenduak betetzen dute funtzio osijenatzailea; hauek bete dute gurean eta ukaezinezkoa da aportatu diguten aire berritzaile eta ireki dizkiguten horizonte berrien garrantzia. Aspaldiko IGELA eta haren hilondoko kumeak izan dira POTT, PANPINA USTELA, SUSA, PAMIELA, PORROT, etb... izan den literatura underground barruan mugitu diren eta mugitzen hasi diren sator literarioak...

 

 

Izen bila dabilen aldizkaria

 

        «Ez dago perfeziorik, hori ulertzea giza-adimenaren garaipena da; desiratzea, lortzen saiatzea erokeriarik handiena», dio diskurtso errealista eta razionalistak. Halaere zenbait jende konbentziturik dago perfezioa edertasunean dagoela, eta hori dela literaturaren helburu. Edertasuna bera dela pena merezi duen bakarra. Bai, diskurtso erromantiko eta literatur-eliteena. Eta besteok, literaturaren funtzioa ikusi eta deskribatuan datzala batez ere sinisten dugunok borrokatzen gara modernidadearen kontra, bera liluraturik hizkuntza literario baten gaineko teoriekin.

        Ez dugu literatura teoria handirik nahi, gutxiago literatura teoria horregatik bandera egin; nahiago dugu poltsikoak bertan eskuak sartzeko direla jakin.

        Euskal literaturaren munduan aldizkaria ateratzera ausartu garenok euskal literatura berean teoria praktika baino gehiago dagiela jakinean gaude. Artea eta herri zapalduarekiko elkartasunaren arteko harremanena aipatzen digute. Zuzena eta okerraren arteko eztabaida. Batzuentzat literatura garraixia da, besteenzat arima pozik eta sabela betea duenaren korrozka. Jakinean gaude.

        Euskal literaturaren barrutian sortzen den aldizkari honek hori barneraturik dauka; hori guztiori bereganatzen saiatzen da, guztiorren informazioa zabaltzen eta barreiatzen. Eta kritika apurtxo bat ematen. Liburu produkzioa gero eta handiagoa, idazle kopurua gero eta zabalagoa da. Kritika produkzioa gero eta murritzago. Errealitatearen aurrean gaude.

        Euskaraz idazten den oro ezin da kritikatu, alde batetik. Bestetik, euskaraz idazten duenak jakin behar du zergatik idazten duen euskaraz. Edozein kritika hasi baino lehenakogo Txinako harresia. Kritika ideologikoak gehienbat. Eta batuaren arrazoia. Gure eguneroko ogia. Errealitateak ez du izenik, baina izen bila dabil. Aldizkariak izena du baina era berean izen bila dabil.

 

 

Dieciocho de julio

 

        Ahaztu al duzue? Orain gutxi festa handi bat zen. Panem et Circenses. Ogia, egun hartan sikiera ogia bazen, paga extra hura, alegia. Frankismoaren gerla-irrintzia bota nahi zuenarentzat, berriz, zirkoa ere bai. Zenbait koitadurentzat ere berdin. Hauek eta haiek tren eta autobus patriotikoak hartzen zituzten. Kapitalerantz: joan-itzulia ezer pagatu gabe eta oilasko erre bana poltsa zuri batzutan. Geure etxeetan eskolako lanak estraza-paperean egiten genituenok nola ahaztuko paper zuriko zorro dotore haiek? Paper zuri ugari erabili behar izan dugu geroztik, egia da: eskolako lanak eta oktabilak, amodio kartak eta poema izkutuak. Komunekoa ahaztu gabe, gero.

        Gaur, 18 de julio honetan —hala gertatu bait da— zure eskutan beste paper zuri mordo han ipini dizugu, irakurle hori. Literaturaren inguruan dagoen informazioa biltzeko zorro zuri zuri bat. Baliteke 18 de julioko honetan hau zuretzat ogia izatea. Baina inolako zirkorik ez, geuk doble salto mortal egiteko asmoa badugu ere, zuri letren berri ematearren. Gaurko ale-zero honi jarraipena emateko asmo sendoan gaude beraz.

        Hala gaude eta, paper zuriko literatur kazeta berde honen inguruan bildu garenok. Literaturari buruzko asmo informatzailea sendo da, estazio-zero honetara iritxi baino lehen gure trenak ipurdiz gora egingo zuela zenbait eztarrik eta lumak esan eta idatzi badu ere. Literaturaren alorrean, informazioz eta kritikaz osatzen den abiadura aukeratu dugu. «Litera»-tur alor hori edozein «litera» estetikorekin zerikusi daukanak osatzen du, «litera» idatziak bereziki, bixtan da. Literatur abiadura franko badauka gure herriko beste zenbait trenek, baina honoko trenbidean ez genuen trenik aurkitzen eta, hara, bertan gurea. Literatur Kazeta abiadura handikoa izango ote den geroak esango. Abiadurarik hartuko ez balu, bertan behera uzteak ez liguke burukominik emango. Dena den, trena martxan da. Gratis da martxa eta gratis izango gurekin trena hartu nahi dezuten guztiontzat. Leiho eta ate guztiak zabalik dauzka, ez esan gero lekurik ez dagoenik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.