L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pio Berasategi: zaharrak berri

 

Mikel Lasa

 

        Zer egin aintzinatik memoria kolektiboaren bidez heldu zaizkigun ipuin, elezahar, istorio edo labur esanda, altxor mitologikoarekin, literatura berregiteko lehen ekai bezala erabili nahi badugu? Horiek guztiak ez dira gainera behin betirako fosildurik geratu diren hondare literarioa. Historian zehar beste pertsonai eta egitura arketipo berriak sortu izan dira aurrekoen dimentsio mitologikoa lortu eta askotan gainditu egin dituztenak; lekuko bezala aipa daitezke Erdiaroko Graalen zikloa, Gargantua, Falstaff, Kixote, Hamlet, Robinson, Kafkaren gaztelua... eta agortu ezineko e.a. luze bat.

        Hasiaz doan hondare honetako elementuak (direla pertsonaiak, edo pertsonaien arteko erlazioak) elkarren artean duten arketipotasunari esker, kultura guztietan itsatsi dira jatorriaren oroitzapena galdurik eta kultura bakoitzaren eraginaren arabera birmoldatuak izan dira, ez ordea beren egitura sakona aldatzeraino.

        Bestalde hondare mitologiko horren osagaiek ez dute potentzialitate berdina literatur kreatiboaren elementu ernaigarri bezala. Horietako batzuk mito fosilduak dira, ez dute iadanik eraginik literaturan. Beste batzuk bizirik diraute eta geometria aldakordun molde baten zeregina betetzen dute obra berriak, beti bat eta beti desberdinak, eten gabe sortuaraziaz.

        Beraz, galdera berriro eginaz, zer egin hondare mitologiko honekin? Lehenengoek, fosildurik daudenak, ez digute aukera haundirik paratzen, ezpada berkontatzeko, dela tradiziotik hartutako formak, bere hartan ahalik eta lehialen emanaz, dela norkbere gisara azaleko egiturak birmoldatuz.

        Pio Berasategik bere azken liburuan ZAHARRAK BERRI erabilpen posible baten bidea erakusten digu. Liburu honetan agertzen diren ipuinak arestian aipatu hondare mitologiko fosil osaturik daudez. Batzutan oso du horretatik aurkeratu gaiez ezagunak den ipuina bere hartan ematen du, tokian tokiko bertsioak gorabehera, egileak berak funtsezko ez diren zenbait elementu bere kabuz eransten diolarik.

        Liburuaren hitzaurrean egileak modu aski trebe batez, Zegamako paraje mitikoen geografia pintatzen digu, bere haurtzarako begiez ikusia; liburuko hoberena izan daitekeen narrazio batetan ikus dezakegu haur hori mutiko bihurtu bezain laister aitonen ahotik xurgatutako elezaharren aztarna konkretuak bere inguruko geografian bilatzen:

        «Hala, berehala adierazi nion laguntalde bati nire ustetan hain egitamu interesgarria, eta baita eurien ondoren eguraldia ontzen zuen bezain laister mendi gailurrera joateko erabakia hartu ere egin genuen guztiok bat joateko. Jakina Tartaletxetako harmora zahar haietaz guk orduan genuen fantesiak ez zuen kaburik; harrarteak aztertu eta berehala ediren ahal izango genituen Tartaloen arrasto eta agian armaren bat aski bitxia.»

        Irakurlea ez da arrituko beraz, Anbotoko Damaren ordez Akertegiko Damarekin liburuan topo egiten badu, edo Tartaletxea Zegamako Sadar mendian kokaturik dagoelakoaz enteratzen bada.

        Bariante toponimiko edo nominal hauetaz kanpo, badira beste batzuk, ipuinak moldatzeko benetako errezeta bezala erabili dituenak: haien funtsezko egiturak ikutu gabe, hornidura gisa egileak bere kabuz asmatutakoak narrazioaren nondik norakoa antolatzeko.

        Eta hornidurazko elementu bezala kontsidera dezakegu baita ere, kontatzeko era edo estilo narratiboa.

        Gaia ezaguna ezik oso entzuna ere bada, zer geratzen zaio idazleari irakurlearen interesa tenk atxiki nahi badu? Erantzuna berez doa. Baina egia esateko ez dugu somatu egileak esfortzu haundirik egin duenik elementu mitiko ezagunak birmoldatzerakoan; gehienetan bide errezenari heldu dio eta soluzioak banalizatu egin ditu. Umeentzako idatzi izan balu gaitzerdi, baina argitaratua izan den sailari bagagozkio, ez dirudi hala izan denik.

        Eta azkenik kontatzeko erabili duen hizkuntzan, estilo landu eta herrikoiaren arteko tirandura bat nabari da, irakurlearengan sentzazio desegoki bat sortarazten duena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.