L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ernesto Sábato: Cervantes-saria

 

Mikel Azurmendi

 

        Urrezko sari hau jaso eta Espainiatik joaterakoan, Sabatoren azken agur-hitzak ezin ditugu oraindik ahaztu: «La esperanza es un sentimiento descabellado». Izan ere ongi ulertzen diren hitzak dira, Argentinako militarren txikizioa Sabatok ezagutu bezala ezagutu eta gero.

        Behin ere ez gehiago. Hori da Argentinako diktadura militarraren kontrako txostenaren izenburua. Berrogeita hamabi milako orrialdeko txosten horri ere Sabato-txostena deritza. Baina txosten hori ez dutela saritu garbiegi utzi nahi izan dute Madriletik. «Es un premio estrictamente literario» ozenki eta errepikan ari izandu zaizkigu Kultura Ministeritzatik, Zarzuelatik, baieta sari-epaimahaitik ere. Hala bada, hala bedi, gure susmotxarra gihartu den antzera gure poza ere handitu besterik ez da egin. Susmoak azkenean, has nadila pozazkoarekin.

        Pozgarri izan zaigu saria, eta gure eskolako ikasleak ez dira bost urte hauetan sariaren zai egon Sabatoren El tunel ezagutzeko, baieta ongi ere irakurtzeko.

        Sabato gazte. Argentinako 30 gn. urtekada zail hartan, klandestinidadea, errepresioaren eragina eta militantziaren konpromisoa pairatu eta eramaten jakin zuen gazte hura, beti izan da bere errealidade eta inguruneari atxikia, Fisika doktore bezala Pariseko Curie-laborategietan lanean ihardun, nahiz entseiu edo nobelagile bezala ihardun.

        Sabato idazle. «La literatura, esa híbrida expresión del espíritu humano que se encuentra entre el arte y el pensamiento puro, entre la fantasía y la realidad, puede dejar un profundo testimonio de este trance (mendebaleko gizartearen krisialdiaz ari zaigu, alegia) y quizá sea la única creación que pueda hacerlo. Nuestra literatura será la expresión de esa compleja crisis o no será nada». Hala zioen 63.gnean El escritor y sus fantasías liburuan. Eta geroxeago, sona handiko 68 urte hartan ere, Borges, Sartre eta Robbe-Grillet idazleei buruzko Tres aproximaciones a la literatura de nuestro tiempo entseiuan berdin: «El auténtico arte de la rebelión contra esta cultura moribunda no puede ser ninguna clase de objetivismo, sino un arte integralista que permita descubrir la totalidad sujeto-objeto, la profunda e inexplicable relación que existe entre el yo y el mundo, entre la conciencia y el universo de las cosas y los hombres».

        Denek dakigu Sabatoren artegintza ez dela panfletoa. «Ni naizen hori oso ilun da, eta iluntasun horren muin muinetik obsesio ikaragarriz datorkidana ez dut ongi aditzen. Halere, adi adi nago, geroz eta kementsuago. Saio hori da nere nobelagintza». Baina Argentinako diktadura eta militar zanpaketa garaian, mundu modernuko, gizatiarron angustia lortuezina, esperantzik eza eta, bereziki, argentinarren tristura kontatzea narratiba erreakzionario egitea omen zen alafede!

        Sabato gizon. Erbesteratu partez, bertan gelditu behar zela zioen Sabatok eta barnean gelditu zen ixilik eta arbuiatua, ezker gizon sonatuen argitaletxetan bere idazlanak debekatzen zizkiotelarik. Albert Camus erreakzionariotzat jo zuen argudio asko leporatu zitzaion Sabatori ere, eta baliteke hortarako funtsezko arrazoi handi bat hauxe izatea: bi nobelagileok jatorri berdin bateko sena edukitzea. Hara hemen adibidetxo bat. El Túnel eta L'Etranger bi nobelagileon lehen nobela dira, biak iturri bateko ur: Meursault alde batetik, Juan Pablo Castel bestetik, bietan Marie eta Maria dira emakume. Formaz ere, iturri berberako ur asko daramate biek:

        «En todo caso, había un solo túnel, oscuro y solitario, el mío» dira El Túneleko lehen hitzak. Eta L'Etranger, honela hasten da: «Aujourd'hui maman est morte; ou peut-être hier, je ne sais pas».

        Arrazoin gabe norbait hil duelako, Meursaultek kartzelatik honoko azken hitz desesperatuok esanaz ixten da L'Etranger: «Vidé d'espoir, devant cette nuit chargée de signes et d'étoiles... pour que tout soit consommé, pour que je me sente moins seul, il me restait à souhaiter qu'il y ait beaucoup de spectateurs le jour de mon exécution et qu'ils m'acceuillent avec des cris de haine».

        Castelen pintura ulertzen zuen andre hura, Maria, akatu ondoren, Castelentzat ere tunela kartzelan itxi da: «Sólo existió un ser que entendía mi pintura. Mientras tanto, estos cuadros deben de confirmarlos cada vez más en su estúpido punto de vista. Y los muros de este infierno serán, así, cada día más herméticos».

        Gainera, A. Camus Gallimard argitaletxean arduradun literario zegoelako ezagutu eta irakurri ahal izan zen Frantzian El Túnel. Honen lehortasunaz eta intentsidadeaz txunditurik bait zegoen Frantziako idazle eta pentsalari handi hura.

        El Túnel, Entre Héroes y Tumbas eta Ababdón el Exterminador idatzi dituena, idazle bikaina da. CERVANTES sariarengatik beraz, zorionak, gizona!

        Baina susmotxarra ere ba omen dugu. Itsasoz bestalde diktadura baten salaketa azken mugetaraino daramatela ikusirik, hemengoen murrizkeria eta ezina nolabait agirian gelditzeak ez digu batere minik ematen. Ezker eskubi, letra, politika eta beste alde guztietatik sariaren literaturtasun hutsa azpimarratzeko joera negartia excusatio non petita agiriegia bada ere, gure susmoa ez doa hortik. Izan ere, nor ez da inoiz kontzientzia malerusaren seme izan? Gure susmoa kontzientzia garaileak dakarren handi-mandikeria batek piztu du. Ez damuak edo urrikalmenduak, ez; podereak baizik. Beraien accusatio manifiesta horretantxe datza bereziki.

        Zeren aipatu, Sabatoren lan guztiak aipatu dituzte, baieta entseiurik ttipiena ere... bere azkena salbu. Eta scienter et volenter izan dela ez dago dudarik, Euskal Herriari buruzko Una Milenaria lucha por la Libertad deritzan idazlana bait da. Sabatoren azken testu hau ixilarazteko arrazoin ugariak badauzkate. Hiru gutienez bai, hara hemen: Bata; Malvinasekoaren aurretik Espainia post-frankistara Sabato etorri zen lehen aldian, Euskadira etorri zen, testu hori antolatzeko behar zuen bibliografia eta harreman pertsonalak izateko propio etorri ere; eta nor zenik ere ez zekiten garai hartan itxuraz. Bestea; bidai hartan lehen Euskal Gobernuak gonbidatua etorri zen Sabato, eta bere testua euskaraz-erdaraz argitaratua izan zen (Zero-Huts. Adur argitaletxean. 1983), Garaikotxearen aitzinsolas motz bat zeramala. Eta azkena, eta hau da batik-bat gure susmoaren sutegirako egur gehiena bildu duen arrazoina: askatasun aldeko testu bat izatea.

        Egia da gure Herriko ikuspegi osotu bat ez duela eskeintzen, betaurreko arrosez begiratutako zenbat iduri eta kontzeptu badakarzkiela. Baina Hombres y Engranajes (1951) entseiuan azaltzen zuen askatasun hildotik beratik aritu da honoko lan hau ere. Ausartu egin da ibiltzen, eta dabilen harriari dagokion lez, inolako goroldiorik ez zaio oraingo honetan ere Sabatori lotu.

        «Gure baitan Josafateko zelai borobil borobilak ez ditugu egiten, gero; —dio Sabatok hemen— komunidade hobeagorik asmatu beharrean gaude, azken mendeok erakutsitakoa ondo kontuan hartuz, hondamenaren iturriak ezagutuz eta salatu dituen filosofiaren laguntzaz.

        Auziaren iltzea honetan datza: podere politikoa ahalik eta gehien behar da deszentralizatu, eskualde bereziak federatuz, udaletaraino iritxi arte, hauxe baita gizakume zehatza zainduko duen nazio-komunidadearen azken zelula. Sakabanaketa industrial, merkatal eta politikoaren bidez iri handiak desbildu egin behar dira. Irakaskuntza erreformatu egin behar da, zientzia leku duin batean noski, baina bere lekuan ezarriz, teknolatria laister aurretik bidaliz, irakaskuntza guztia humanidade ikasketen errotik lotuz; pentsakera lojikoa eta pentsakera majikoa uztarturik onartuz; artegintza erreibindikatuz, eta ez edertasun huts bezala bakarrik, ezagupen eta sakratutasun-ekintza bezala baizik».

        Hara hemen askatasuna ulertzeko era sakon bat, gizartearen oinarrian imajinazioaren intuizioa baieta esperientziaren irakaspen arrazointsua ere uztartuko lituzkeena. Hala dio ixilarazi nahi izan diguten testu honetan.

        Euskal Herriari buruz idazteko hiru aitzaki aipatzen ditu Sabatok. Hasieratik, misterioak eta noiz-gabekoak betidanik erakarri egin omen dutenez, historiatik harantz errotutako Euskal Herri honetaz idazteko grina. Gero, berak ere albaniar zuztar enigmatsuaren seme denez, gure herriarengatik sentitzen duen txorabioa. Eta azkenik, zuhurtu zenez geroztik askatasun eta berjabetasun aldeko burruka bere berea egin zuelarik, gure herriarenganako derrigorrezko sinpatia. Hiru arrazoi hauek edozein herriz aipa daitezke seguru asko; honela erakusten digu behintzat etnozentrismo inozoarekin hausten jakin duen antropologia berriak.

        Halere, gaurko Espainian, Euskal Herriaz dilinda egiten duen kanpai gozorik ez dugu maiztxo entzuten; gure elizakoa ezik. Estranjeriako elizetatik ere ez datorkigu soinurik, ez ugariegi ezeta ederregi ere. Sabatoren kanpai-doinua eskergarri da beraz une honetan. Harik eta gehiago Cervantes-saria dela medio, bere literaturtasuna berbaliatu denez geroztik. Kanpai-doinuok ez gaitzatela zilbor-begiratze hutsean lasaitzera eraman, baina jaun-andreok! geuk ere eta orain oraindik ere zilborrik badugula esan egiten die Sabatok, saria eman bai baina nolahala ixilarazi nahiko lioketenei.

        Ulisesi sirenen doinuak bezain ongi datozkiguke guri ere Sabatoren hitz ederrok, musika ederrarekin hobe biajatu bait dezakegu geuk ere, norabaitera bagoazela sinesten duten herritarrek bezala, ibilian ibili inora joan behar ez dagoela uste dugunok ere. Señores censores, ¡que siga la música!

        Milesker Sabatori, testu honengatik ere zordun gatzaizkio eta lehen ez bazintugun ahaztu, Behin ere ez gehiago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.