L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Juan Benet: Herrumbrosas lanzas

 

Felipe Juaristi

 

                                                Egia kontatzea benetan

                                                kontatzea da: inbentatzea.

                                                                      F. Savater

 

        Denboraren kontzientzia erlojuarekin batera agertu zen, erlojuaren mekanismoak neurtu zigun gure gorputz-zatien majia neurtzera ailegatzen ez zena, artifiziala zen zerbaitek ekarri zigun zerbait naturalaren itxura. Jaio zen modernidadea. Horretaz enteratzen zen W. Faulkner.

        «Erlojuak denbora hiltzen du. Denbora hilik dago mugimenduan dauden horzka-zatien puntetatik desekitzen den bitartean. Berriro bizitzak jarraitzen du erlojua gelditzen denean» errezitatzen du bere pertsonaia batek «The sound and the fury» nobelan. Eta Faulkner ekartzen badugu orrialde hauetara ez da bera omentzeko gogorik dugulako. Obabako kumeok asperturik gaude udaletxeko saloi handian ikusten. Mundua ez dugu ezagutzen. Eta munduaren erreprodukzio sinbolikoa interesatzen zaigu, beharbada antigoalekoak garelako «Azul» fabrikako sirenarekin aspalditik ibiltzen garelako edo kanpatorreko erlojuarekin. Faulkner aipatzen dugu idazle hori gogokoa dugun beste baten aita eta parrokoa bait da; dotrina ona jaso du batak bestearengandik.

        Region-era joan ginenean estrainekoz hantxe ezagutu genuen Juan Benet, urek hainbatetan ikusi eta gozatutako herria maitekiro estali zutenean, maitatzaileen gerizak bezala (gorrotoz naturalezak besterik ez dihardu), azken tximinia grisasta pantano azpian desagertu zenean, petrolio untzi zulatua bezala. Hantxe zegoen, eta haren begi zuloetan gordetzen zen lurraren jantziaren azken distira. Orduan ulertu genuen berriro Region-era itzuliko ginela.

        Region urperatzen ikusi bait genuen. Horregatik dakigu dagoela, mundukoa dela, ez Faulkner-en Yokhapatawpha, pekatua dirudien izeneko herria. Obabakoek ondotxo dakigu Estatu Batuetara joan indianoarekin eta horrelakorik aurkitu ez genuenean.

        Lurralde mitikoa sortua zen, eta hango istorioak ito ziren injinariak, Benet-ek, makinaz pasa zituenean, berriak sortzeko, istorio zoragarriak berpizteko. Lurralde erreferentera jaio zen (ez dakit zergatik harritzen den Obabako jendea) denbora mitikoan.

        Hala ere, denboraren kontzeptualizazioan bereizten da Benet Faulkner eta Proust-engandik. Proust-ek denbora engainatu nahi du eta denborak pasatzen dio faktura; Faulkner-ek deuseztatu, bihurritu, jaietako oilaskoak bezala. Eta Benet-ek begibistakoa, zientziaren arbola azpikoa ezinezkoa bihurtzen du. Aliziaren kasuan bezala bakarrik esistitzen du batek imajinatzen duena, batek inbentatzen duena. Dena suertatu ahal da Region-en.

        Egun hauetan ekarri digu postariak Benet-en berri. «Herrumbrosas lanzas» izeneko liburuak utzi zituen Obabako liburutegian. Region-era itzuli ginen berriro, gerraren joko batetan, egia, ekintzen egia eskuratzeko saioan. Hori bait da, iluna, ilunegia dela pentsatu arren, liburuaren fundamentua.

        Benet-ek bere mundu propioa sortu du, ezezaguna den (guretzat) mundu paralelo eta autonomoa, errealitatearen interpretazio baino birkreazio dena. Zehatz-mehatz kontatzen digu, bere fantasia ipuietako sorginak edo itsas-neskak bezala agertu diren istorioak, istoria kolektiboak; Benet-entzat gizabanakoen mundua neurtua, jorratua, ahitua bait dago. Region ur azpitik ateratzen da, aintzinean bezain sendo eta ikusgarri.

        Norbaitek hori sakrilejioa izan daitekeela esan dezake. Guri, Obabakoei, berdin zaigu horrelako parolarik, bait badakigu Region-eko ur bazterrak mantsoak direla.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.