José Gomes Ferreira: Calçada do Sol
Joseba Sarrionandia
Josebak ihes egin baino aste bete lehenago heldu erazi zigun honoko artikulu hau. Zein lauso lodiak berak utzitako haiek! Gure gizarteak gizon bat irabaziko al zuen! Espero dugu idazle bat ez zuela galduko behintzat. Euskal literatura sendoagotuko al dute berarentzat berri diren aspaldiko haize horiek! Guztion gura betea horixe litzateke. Ai honelakoak sarri sarri!
Badirudi, itxurei kasu eginez gero, bizitza arras aldatu dela hogeigarren mendean zehar. Naturaren sekretu ezkutuenak aurkitu omen dira, tresna konplikatu pilo batek betetzen ditu merkatuak, aldatu egin dira sinesmenak eta ohiturak, hilik doaz gauza zaharrak eta sortuaz datoz berriak. Aldaketa nabarmenak gertatu dira, baina José Gomes Ferreira, lekuko bat, aldaketa hainbestekoa ez dela izan esatera dator. Azken batean, gauza inportanteenak ez dira batere aldatu. Berbera da eguzkia, hotza, haurtzaroak, amodioa, fantasia, aberastasunak, pobreziak, literatura, jendearen gauzak.
«Calçada do Sol» liburua, azpitituluan dioen legez, hogeigarren mendearen hastapenean sorturiko gizon baten egunkari nahasia da. José Gomes Ferreira Oporto delako ziudadean sortu zen, 1900 urtean, urterik urte korritu izan ditu geroztik mundua eta mendea, zimurrak atera, ileak urdindu eta autobiografia gisako liburu hori moldatu arte.
Harrigarria da: gizon zaharra bere haurtzaroaz oroitzen da. Ematen du mundura heltzean ganbara bat eraiki genuela geure baitan, eta ganbara hori haurtzaroan eraiki genuenez gero geure baitara begiratzen dugun guzietan haurtzaroko ganbara horretara itzultzen garela. José Gomes Ferreiraren obran bezala, funtsezkoa da literaturan autorearen haurtzaroak bere idazlanean duen hondarra; James Joyce, William Faulkner, Franz Kafka ditut gogoan edo, euskaraz, Bernardo Atxaga. Beren oroimen autobiografikoa, halabaina, ez da haurtzaroan gertaturiko gauzena soilik, beren oroimen autobiografikoa oroimen mitiko batekin batera azaltzen da unibertso literarioak sortzeko. José Gomes Ferreiraren liburuko pasarte batetan oroimen autobiografiko eta mitikoaren arteko lokerari buruzko ideia interesgarri bat azaltzen da:
«A voz do meu pai soava como a primeira fonte a correr. Só com a diferença de que a voz dessa fonte antiga, perto da cidade do Porto, ñao a ouço agora nem nunca a entendi.»
José Gomes Ferreirak, bestalde, bere kronika pertsonala egitearekin, gure mendeko jendearen kronika egiten du. Jendearekiko ardura eta solidaritate handi bat igartzen da bere obran, lirika edo ironia guzien gainetik. Horretan idazle militantea da José Gomes Ferreira; hain zuzen, «Poeta Militante» da bere obra poetiko guziaren izena. Baina ez da ideia fixoen aldeko militantismoa, berea jokabide ireki bat da, mundua hobetu daitekeelako esperantzan oinarritzen dena, jende xehea eta bere poeta ofizioa maite dituen batek bakarrik eraman dezakeen jokabidea.
Mundu honetan poetaren ofizioa ez dut nork esan zuen oroitzen, baina José Gomes Ferreira ere ados dagoelakoan nago arretaz bizitzea da. Jendeak bizitza arruntean apenas erreparatzen dituen gauza eta erlazioak adierazten ditu behin eta berriro, berbizitzeko ikuspegi berri bat emanaz.
Poeta eta narradore gisa José Gomes Ferreiraren ezagugarririk nabarmenenak bere lirikotasuna eta bere umorea dira. Lirikotasuna naturaren zentzu sakon batetatik datorkio, eta analojiak antzemateko kapazidade handi batetatik. Umorea, ironiaz lortzen du, pertsona korrienteen portaera eta usteak lantzean behin zalantzan jarririk.
Adibidez. Eskolan gaude, fisika eta kimikako klasean, edo filosofiakoan, berdin da. Oroitu ezazue hau esaten zigun guzioi maisuak, eta beste hura ere ikasi behar da, eta beste hori oso inportantea da:
«Lavoisier. Na natureza nada se perde, tudo se transforma.»
Orduan, mutikoak galdetu egin nahi luke:
«En qué se transformou Lavoisier quando morreu?»
Baina ez da ausartuko mutikoa; inoiz baino jakinmin, bildur eta isiltasun gehiago bait dago gaztaroan.
José Gomes Ferreira, beste mutiko asko bezala, gizarteratu ahala ohartzen da nagusien munduaren faltsotasunaz. Adibidez, eskola edo kalean, klase edo diskurso inportanteena, ederrena, baina berari ez diote ez eskolan ez beste inon batere libertaterik ematen.
Eta amodioa ere hor dago, gazte amets. Hilargidun gau baten mutikoak batbatean pentsatzen bait du:
«que devia ser bom ter uma namorada e beijá-la num banco de jardim publico».
Baina amodioa imajinaziozkoa da, haur sortu berriak bere amaren ditia baino desiratuagoa den arren, eta neska lagunari mosu bat eskatzen badiozu, erantzungo dizu, zelosiengatik:
«Nao quero, obrigada».
José Gomes Ferreiraren poema labur bat oroitzen dut, aspaldian irakurria. Gizona trenean doa, eta ustekabean haragi azulezko andere bat sartzen da kristalean zehar bere belaunetara biluzik eseritzera.
Baina ez amodioa bakarrik, haurtzaro zoriontsua ere imajinaziozkoa da, iragana eta literatura bezala.
Bizi dugun mundua bakarrik da erreala. Eta mundu hau beti da berdinegia, ez da aldatzen menderik mende. Gauza inportante guziak berberak dira beti; eta José Gomes Ferreiraren beste poema bat oroitu nahi nuke. Eguzkia berbera da, zeru urdina urdina da, edo errauts kolorekoa, edo beltza, baina ez du sekula ustekabeko kolorerik izaten. Mundua ez da aldatzen, arbolak loratu egiten dira, hostoak, fruituak eta xoriak ematen dituzte, baina ia mekanikoki. Beti berdin, gizasemeek negar, barre, edan eta jan egiten dute, biharamunean bezperan bezala, imajinaziorik gabe. Sortu berriek eta hauzo miserableek betiko sortu berri eta hauzo miserableen antza dute.
Halaere, pertsonen bizitzan badago egun berezi bat. Egun horretara arte gonbidatu ezdeus eta bildurti bat besterik ez da gizona mundu honetan, jende artean, gainbizi besterik ez du egiten, beretzako leku tipi bat hazi ahala bilatuaz. Mundua espazio betidanik eta betirako egin bat iruditzen zaigu. Baina egun horretan, berriz, mundua amaitu gabe dagoela konturatzen gara.
Konturatzen gara maite bat dagoela norbere esperoan ifarraldeko irlaren batetan, edo libertatea hiztegiko hitz bat baino zerbait gehiago dela, edo oraindik ez direla poema guziak idatzi, badagoela inork ere idatzi ez duen eder bat sortzear. Eta mundua amaitu gabe dagoenaren kontzientzia honek ematen dio gizasemeari heldutasuna, eta zeregina.
|