L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ni ez naiz hemengoa

 

Joseba Sarrionandia

 

        «Ni ez naiz hemengoa» da Joseba Sarrionandiaren azken liburua. Klasifikazio zaileko baina irakurketa atsegineko liburua, inongoak ez garelako kontzientzia dugunontzat argibide bat. Bestalde, ezin falta liburu honen apaimena eta kritikaz aparte, zati bat, egunero idazleak berak gizartean aldarrikatzen dionaz, bere nortasuna aurkitu nahiean.

 

Gizarte arkaikoetan poesiak leku handia okupatzen omen zuen. Sakratu eta profanuaren arteko abotsa zen poesia, poetak unibertso imajinarioen sortzaile ziren, gertaera arrunten hariak eta misterioak azaltzen zituzten artean. Eta autoritatea zuten gizartean, bizitzaren duintasuna goratuaz kontzientzia kolektibo iraunkorraren eustaile zirelako:

        Herri zeltikoetan, adibidez, poeta ofizioko jendea zegoen, tradizio luzearen barruan, poema zahar multzoa zuten, eta beren lana multzo hori belaunaldirik belaunaldi errepikatu eta horren gainean hausnartzea zen, eta beren ale berriak ere gehitzea, baina tradizioaren eredu eta arauen barruan.

        Herri zeltikoetan bezala, mundu guzian hedaturik egon da ahozko tradizioa; Indian adibidez, poeta kasta berezi bat zegoen. Beren doinuak, gaiak, nehurriak, imajinak eta esakerak tradizioak emandakoak ziren, eta emandako poemagintza atxiki behar zuten beren inprobisazioetan. Poetaren ofizioa abots zaharra berregitea zen, berea kreazioa baino gehiago artesau lana izaki.

        Gure herriko bertsolari edo koblakariak ere, behar bada, poemagintza arkaikoaren haztarna dira. Bertsolaritza edo koblakaritza, tamalez, pentsamendu poetikorik gabe eta ia lengoaia poetikorik gabe heldu zaigu, bere doinu eta nehurri poetikoak jaso eta erabili daitezke, baina bertsolaritzak ez du seguruasko, eta beste erropa batzukin, tradizio zaharraren hezurdura besterik.

        Dena dela, ofizio sekreto hura, gramatika tradizional hura, poemagintzaren jakintza arkaikoa suntsitu egin zuen modernitateak. Pentsamendu poetiko sozial hura eta lengoaia poetiko berezi hura borratu egin zituen historiak, eta zibilizazio industrialerako iagoitik ez da geratu poeta baztertu eta gaisoa besterik. Orain, iadanik ez dago gramatika poetikorik, poeta bakoitzak asmatu eta moldatu behar du bere poetika, poeta bakoitzak bere bakardade lekutik, bere abots zoroa altzatu behar du, bere kantu derrigorrez diferentea eta ia patologikoa.

        Poemagintzari buruz hausnartu egin behar du poesia egin nahi duenak, bere poetika sortu behar du. Tradiziorik ez duenez, aurkitu eta hautatu egin behar du berea. Tradizio finko eta soilaren faltan mila erreferentzia ditugu, eta erreferentzia oihan horretan egiten dugu estarta, modu sinkretikoan eta modu pertsonalean, egiten dugu urratsa, harri iada zapalduaren gainean, belar finaren gainetik aurrera.

        Egungo poesiari buruz, inpresio bat azaldu nahi dut lehenbailehen, hau da, geroago eta aspergarriagoa egiten zaidala espresiboa besterik ez den mezua, imintzioz paperera pasatzen den barruko abots hori, aitorkizun sendimentalen poesia. Idazten jakin duen guziek idatzi dituzte poema adolezenteak, adinagatik bait dira zilegi, baina gero ez hainbeste. Izan ere, barru barruko sendimenduok, konfidentzia izkiriatuok, ez dira berez poesia. Sendimenduok denok ukan ditugu, denok ezagutzen ditugu, ez dira poetek modu berezi edo sakonagoan bizi dituzten gauzak. Tristura deskribatze hutsa, esate baterako, buruko mina izatean hartzen den aspirina da, edo laztan eskaera bat, hobeto esanda, baina ez da beste inorentzat interesgarria.

        Tristurarik bakarrik ez da poema onik sortzen, ez eta amodio hutsetik, sendimendu bi aipatzeagatik, tristura eta amodioa denok ezagutzen ditugu manera batez edo bestez eta ez dira berez poetikoak, poesia ez bait da sendimenduz egiten, poesia hitzez egiten delako. Baliteke tristuraz edo amodioaz poema miresgarriak egitea, ugari daude, baina ez da sendimenduok poetak sakonkiago bizi dituelako edo sendimenduotaz ideia berririk otu zaiolako izango, baizik eta forma poetiko egokia hautatu eta hitz aproposak josi dituelako.

        Bestalde, poesiari buruz ihardutean, artearen funtzio soziala eta intelektualaren konpromezua agertzen da beti kereila gaitzat; zenbat paper eta tinta gastatu den zirkulua den gai hau korritzeko. Ene ustez, gauza desberdinak dira arazo honetan politika, etika eta idazkera. Politika mailan, poetari, gizarteko partaide denez, zapalketen aurkako eta askatasunaren aldeko konpromezua dagokiola argi dago. Euskal poetak, euskal torneroak edo euskal futbolistak bezala, Euskal Herriaren askatasunaren alde ekiteko eginbidea du, eta gizarte egitura zanpatzaileen aurka eta abar, baina ez poeta delako, ez eta aldaretik.

        Hain zuzen, pundu honetan ohar bat egitea komeni dela uste dut, poesiak ukan dezakeen eraginari buruz. Egun, poesiak ez du gizarte egiturak aldatzeko haina indar. Poesiak aspaldian galdu zuen bere kulturizazio ahalmena, eta urritu egin zuen bere funtzio soziala. Lehenago aipatutako bardo zaharren autoritatea, zibilizazio industrialean bazterketa bihurtu da poetarentzat, eta gaur egun bere oihartzun soziala ezinbestean da eskasa.

        Etika mailan ere badago eginbide bat, hau da, norbere independentzia eta libertatea gordetzea, boterearen morroi ez bihurtzea. Poetaren lana, beste ofizio publikoena bezala, bere espektakuluan integratu ohi du botereak poetari ospe eta sari emanaz. Independentzia pertsonalaren frogetarik bat diruarena da, botereak eskainitako dirurik ez onartzea halegia, morrontzaren ezagugarrietarik bat kobratzea bait da. Hain zuzen, kompromezu politikoa gizarte zanpaketen aurka burrukatzean badago, konpromezu etikoa bere ofiziotik datozkion pribilejioak ez onartzen dago.

        Baina, konpromezuak konpromezu, modu okerrean zuzendu da argia arazo guzi honetan. Jokabideak fiskalizatzeko joera dago, ene ustez, epai daitekeen gauza ez denean. Adibidez, Gabriel Arestiren testu amaitu gabe bat dago, Topet-Etxahonen Kontrako judizio Berria eta testu horretan Gabriel Arestik fiskalarena egiten du Pierre Topet zaharraren aurka, tribunak Barkoxeko koblakaria euskal poeten Errepublika edo Parnasora ametitzeko gai edo digne den ala ez epaitu behar duen judizioan. Fikziozko epaiketa horretaraino joan gabe ere, sarritan fiskalizatzen da literaturaren funtzio sozialaren inguruan, fiskalizazioak gerora satanizazio argudioak bihurtzen direla. Beraz, horrelako epaiketek ez dute literatura aurreritziz betetzea besterik egiten.

        Gainera, poetaren egiazko konpromezua idazkerarena da. Konpromezu politikoa eta etikoa ez da aski, sendimenduak ere aski ez diren bezala, poesia ona egiteko; poesia txar ugari egin bait da ideia onen izenan edo portaera zintzoen gorantzan. Poeta ez da bere ideiengatik edo bere portaeragatik, bere sendimenduengatik ere ez den bezala, baizik eta bere poemen balioagatik, bere idazkeragatik, bere hitzengatik.

        Izan ere, poesia hitzak dira batipat. Hizkuntza da poesiaren materiala, hitzen artesaua da poeta, lengoaiako esploradorea, idazmoldeen iraultzailea. Hitzak ezagutu behar ditu, hitz estereotipoak kritikatu, hitz gardenak maitatu, hitz lokera berriak sortzen entseiatu, errealitatearen bestaldeak agerian uzteko. Poetaren eginbidea, Sthepane Mallarmé harek esan zuenez, tribuaren hitzei zentzu garbiago bat ematea da. Zentzu garbiagoa, osoagoa, irekiagoa, hitzen bidez kontzientziaren eta munduaren artean erlazio aproposagoak sortzeko. Eta hitzen bidez, gauzen eta situazioen ezagumen argiago eta berriak lortzeko.

        Poesiaren objetoa bizitza da, eta mundua, gure lurreango bizitza, erdi ezagun erdi ezezagun daramagun bizitza hori. Gure lengoaia baldresa emendatzen entseiatzen bagara, hitz egiazkoagoak erideiten ahalegintzen bagara, zihurtasun faltsoen mugak desegiteko, lurreango gure bizitza hobeto ezagutzeko eta, ezagutzeaz, atsegin hartzeko da.

        Poesiaren gaia errealitatea da, beraz, baina egungo filosofiak eta egungo poesiak ondo dakite ez dela posible errealitatearen ezagumen oso eta sistematikoa, aspaldidanik frogatu bait dira fede dogmatikoen okerrak eta baitaere arrazionalismoaren gabeziak. Eta egungo poesiaren asmoa, horregatik, ez da errealitatea modu oso eta sistematikoan antzematea, poetak badaki ezin duela errealitatearen bere esperientiza baino isladatu ahal, eta esperienzia hau ere galbahe ugari iraganda gero bakarrik, bitarteko bait ditu bere oroimenaren hutsuneak, bere gogoaren eta bere lengoaiaren akatsak, eta poemagintzako desfigurazio bera ere bai. Orduan, galbahe hauk iraganez, poesiaren objetoa errealitatea bada ere, poeman ez da benetako errealitatea isladatzen, baizik eta errealitate poetikoa, poesian bertan kreaturiko beste errealitate bat halegia.

        Poesia, orduan, ez da batipat errealitatearen imitazio edo mimesia, baizik eta errealitatearen kreazioa, hau da, poesia. Munduaren imitazioa ez ezik, hobeto esanda, mundu kreazioa ere bada poesia. Lurreango bizitzari eta errealitateari buruzko hipotesiak dira poesia, ezagunaren eta misterioaren zirrikituetan barrena. Baina ez hipotesi hutsak, egiak ere badira, egia hipotesi egokiena besterik ez delako zentzuan.

        Azken finean, poema bakoitza botila hutsean sartu eta itsasoan uzten dugun mezua da. Luzaroan nabegatu ondoren, portura lemazainik gabe sartzen den untzia legez, esku zabalen batzutara ailegatuko da noizbait. Eta, poema ona baldin bada, gezalak ezabaturiko letrak begi zohardiren batzuek ber eginen dituzte.

(Ekainak 8)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.