L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kastila zaharreko kontu zaharrak

 

Miguel Delibes

 

euskaratzailea:
Patxi Apalategi

 

        «Kastila zaharreko kontu zaharrak» itzuli du Patxi Apalategi-k Delibes-en gaztelerazko tituludun antzeko batetik Kastila zaharreko pasadizoak, anekdotak, baserrigiroko mundu baten deskribapena, maisu lanean euskaratua. Liburu hori aurki argitaratzeko asmoa du Baroja argitaletxeak.

 

        1. BASERRIA AUPERGIAN

        Nire jaioterria utzi nuenean, berrogeita zortzi urtez gazteago nintzen orduan, Aniano Errekardariarekin topo egin nuen Elizioren makalondoaren itzalean, Zenona andrearen usategiko atarian, Pozal de la Culebra-rako bide ertzean. Eta Aniano hurbildu zitzaidan eta «Nora abiatu zaigu gure estudiantea?» galdetu zidan. Eta nik, «Ez dakit ba, gizona. Urrutira». «Luzarorako asmoz?», berak. Eta nik, «Ez ba jakin». Eta bere ohizko sotiltasunaz esan zidan crduan: «Kapitalera noa. Zerbait behar bazenu...». «Ez, ez. Eskerrikasko, Aniano».

        Iadanik mende honetako bosgarren urtean batxilerra-edo estudiatzeko asmoz hirira joan nintzenean, nahiko lotsa pasatu nuen herri txiki batetatik netorrelako, batez ere irakasleek galdetzen zidatenean (hiritarra ala herrikoa ote nintzen jakiten aurrez saiatu beharrik gabe, jakina): «Isidoro, zein herritakoa zara?». Bestalde, externoak beren artean ahopean zirika eta adarra jotzen hasten zitzaizkidanean, oso mingarri gertatzen zitzaidan: «Ikusten al duzue zer kankailu aurpegia duen Isidorok», edo eta beste gabe, pilotarako edo korrikapustu batetarako nahiz txapatara jolasteko oinetara jokatzerakoan, isekaz erabakitzen zutenean: «Hori ez. Hori baserritar kankailu bat besterik ez da». Eta ni, argi ere argi ibili beharrean gertatzen nintzen, «Gure baserrian hau edo hura» edo «Herrira joaterakoan...» esanez okarkabean neure burua ez salatzeko. Baina halere, Satorrak, Aritmetika eta Geometriako irakasleak alegia, triangelu baten anguluek bi rekto balio zutela frogatzen ezin asmatuz nire buruhausteak nabarmen ziren arratsalde batetan, hala esan zidan: «Eser zaitez, baserria aurpegian pintaturik daramazu-ta». Eta harez gero, baserritar izan behar hori, egundoko kalbarioa zen niretzat; eta hormatxoriak galbaiez edo gardantxiloak ligan nola harrapatzen ziren kontatzeko biderik, ez eskurik, ez nuen; edo eta errekaldeko lur harrotan esparragoak zaldi-simaurra emanez gero bikainagoak hazten zirela esplikatzeko; estudiante-lagunek nire lepotik barre egin eta mespretxatu egiten bait ninduten. Garai hartan nire ilusiorik handiena, kale-umeekin nahastea izaten zen, eta ganadua bezala harik eta hil arte guztirako markaturik uzten zuen herri-txiki hura zenik ere ahaztea. Eta oporretan-edo herrira itzultzen nintzen bakoitzean, oraindik tiragomaz zozoak botatzen edo orratz batez eta trapu gorri batez intzirako igelak harrapatzen segitzen zuten nire txikitako lagunek: «Hor zetorrek Isi, bere kaleume planta nola erakutsi ez dakiela» murmurikatzen zutenean, atsegin izaten nuen. Horrela ba, aukera presentatu zen bezain pronto, Bilbora aldegin nuen, zeren eta han, Panamako kanalera joan nahi zuten mutilak untzietan debalde hartzen zituztela bait zioten, bidaiaren prezioa gero soldatatik deskontatzekotan. Baina hangoa ez zitzaidan gustatu. Zeren eta ordurako bizkarrezurrak nahiko lan ematen bait zidan eta nekez makurtzen bait nintzen, eta lan gogorretarako egina ez nintzela iruditzen zitzaidan, eta, iritxi eta berehalaxe, trenbideko orratzain lana lortu nuen, eta gero Eskola Normalean atezain, eta handik zenbait denboratara Philips irratiak montatu nahiz konpontzeari ekin nion, txukun eta garbi sos batzuk poltsikoratzeko lanbide egokia hain zuzen. Baina kuriosoa zera da: jaioterritzat herri txiki bat izatea han ez zitzaidan mingarri gertatzen, aitzitik, norbaitek zerbait galdetu zain egoten nintzen, kontatu ahal izateko: «Han, gure herrian, zerria hiltzea honela eta hala egin ohi dugu» edo eta «Han, nire herrian, gizonak panazko traje raiatuz jantzi ohi dira, eta emakumeak oinetarainoko gona beltz luzez». Edo «Han nire herrian, ura eta lurra oso karetsuak bait dira, txitoak arraultze barruan itorik geratzen dira azala ezin puskaturik». Edo eta «Han nire herrian, erlebatzak aldegiten badu, lastozko otarre zulatu bat arteadar batetik zintzilik gerturatzea aski izaten da, erlategira itzultzeko». Eta orduan hasi nintzen, herri txiki batetakoa izatea Jainkoaren erregalua dela, eta kaleume izatea berriz nolabait ere sasikume izatea zela, konturatzen; eta muinobizkarrek eta zikoinaren habiak eta makalek eta errekatxoak eta basaburuak betiere berean irauten zutela, baina hiriko ladrilu-piloak, porlanezko mokorrak eta harri-metak egunetik egunera etengabeko aldaketan doazela eta, zenbait urteren buruan, norberaren jaiotza lekuaren inolako testigurik ez dela geratzen, zeren eta herri txikiena irautea den bezalaxe, hiriari etengabeko desegiketa eta xehaketa bait dagokio, aurrerapena eta etorkizunaren irrika edo horregatik, alegia.

 

        2. ANIANO ERREKARDARIA

        Hanka egin nuen egunean, Bizkiak lo zeuden, biak burnizko ohe zaharrean, eta bekokian muin eman nienean, Klara, begi bat lo eta bestea, urdina, hunkigarriro geldi-geldi niri begira zuela, higitu egin zen eta mueileek kirrinka hotsa atera zuten, beraiek ere agur egin nahiez-edo. Aitari ez nion ezer esan, ezta ikusten saiatu ere, zeren eta aurrez abertentzia emana bait zidan: «Etxetik aldegiten baduk, egizak kontu ez nauala ezagutu». Eta nik, orduantxe bertan atera nituen nire kontuak, eta kito. Eta Elizioren makalondoaren babesean Anianorekin topo egin ondoren, Pozal de la Culebrarako bidea hartu nuen, pardela bizkarrean, Errekardariarekin berriketan, zeren eta nire herrian horrelako gauzei ez bait zaie garrantzi handirik ematen, eta norbait hortik zehar abiatzen bada, ba, itzuliko da; eta norbait gaisotzen bada, ba, sendatuko da, eta sendatzen ez bada hil dadila eta ehortzi egingo dute. Betiere horratio, herriak hor iraungo du, eta norberaren zerbait hor geratzen da beti, muinoetan eta makalondoetan eta galtzutan katiaturik, kiribildurik, trabaturik, atxikirik. Hirian gizona erabat, zeharo, hiltzen da heriotzean. Herrietan, ez; eta hezurrak eta haragia lur bihurtzen dira, eta gariak eta garagarrak eta beleak eta lapartxoriak garatzen eta hazten eta ugaltzen badira, norberak bere odola eta kutsua eta beroa eman zielako da, eta kito, besterik ez.

        Aniano eta biok bagindoazen bidean aurrera eta nik esan nion: «Ordu onik ba al duzu?». Eta berak begiak erdi-itxirik eguzkiari begira erantzun zidan: «Oraindik erdiak jo gabe». Eta nik haserre-antzean: «Autobusa harrapatzeko, eguzkiaz ez zaitez fida». Eta berak orduan bota zidan: «Horregatik baldin bada, ez zaitez kezka. Orestesek badaki ni joatekotan naizela eta autobusak ez du Aniano utzita aldegingo». Bihotzondoan atsekaberen baten zama nabari nuen eta isildu egin nintzen. Larretxoriak Tadeo zaharraren lurretan zebiltzen simaur-pila artean tatezka, sokorrik sokor, handienen bila, haien gailurretan pausatuz, eta gu bidearen bihurgunera heltzearekin batera, bi galeper hegal, ez-hegal hegaztatu ziren. Eta Anianok esan zuen: «Antoniok harrapatuko balitu». Baina Antoniok ezin harrapa zitzakeen sarez baino, zeren eta, udaberrian, galeper batengatik kartutxo bat ez bait zuen alferrik galtzen, baina ez nuen ezer esan, bihotzondoko zama bait nuen, eta ordurako, Kastilan herri txiki batetakoa izatea gauza handia zela ulertzen hasia nintzen. Eta Viudaren bidetxurrera aileatu orduko, atzera begira pausatu nintzen, ordekara begira, eta han zihoan zeharka-meharka hautsez betetako bide hura, eta ezkerretan, Pontzianoren hiru arbeldonondoak ikusi nituen, eta eskuinetan, Olinpioren hiru arbeldonondoak, eta galtzu horien atzean herria, erdi-erdian elizako dorre zapala zuela, eta haren inguruan, txitoen gisa, buztin-zoiezko etxetxoak. Hiruzpalau etxe besterik ez, baina herri bat zen, eta hara begira eskubitara, hartean ere nabari ziren Elizioren makalondoa eta Zenona atsoaren usategia eta uso-sail ugaria bidearen azken bihurgunearen gainean hegan. Herriaren atzean hasten ziren mendi-bizkarrak errautsezko tontor gisa, eta Fortuna mendi-lepoaren oinean, ipar-haize zakar eta hotzetatik babestuko ote duen-edo, Encapuchados basoa altxatzen zen. Hain zuzen San Vitotan, ni haurra nintzela, eta ama hartean bizi zela, hantxe meriendatu ohi genituen aitak errekan harrapatzen zituen karramarroak, eskabetxe tortilarekin. Oraindik begien bistan dut aita zahatotik zurrutean luze eta sarri, eta amak esaten zion: «Utz ezazu zahato hori, Isidoro, gaitz egingo dizu-ta». Eta aita haserretu egiten zen. Aita amarekin haserre zebilen beti, lau kandelaren artean, lurrean luze etzanik, hilda ikusi zuenean ezik. Egun hartan negarrari eman zion eta «Munduan ez da emakume zintzoagorik izan», esaten zuen. Gero, Bizkiak besarkatu eta hala esan zien: «Jainkoari ez diot besterik eskatzen. Zuen ama bezain zintzoak izan zaitezte». Eta Bizkiek, oraindik oso umeak, ahopean barre egiten zuten, tuntun gisa esanez: «Begira zenbat jende datorren gaur gure etxera».

        Bide-okerraren bazterreko kareharriaren gainean sugetxori bat zegoen balantzaka, eta nire herriko ikusi nuen azkena huraxe izan zen, Aniano Errekardaria ordurako deiadarka bait nuen mendibizkar gainetik: «Bazatoz ala etzatoz? Orestes-ek itxoiten du baina beranteraziz gero ipurterre hutsa da».

 

        3. INTXAURRAK, MOZOLLOA ETA ERLATXORIA

        Argi-hariak eremutik behera ordekara jaisten dira, eta herrian sartu baino lehen, Bibiana atsoaren intxaurrondoaren puntaren gainetik pasatzen dira. Ni txikia nintzela, kableek karga handia bazekarten, liztorrak bezalakoxe burrundara ateratzen zuten eta, horrelakoetan, izeba Martzelinak irmo baieztatzen zuen deskargak gizona ziplo bota zezakeela, eta are errazago ni bezalako ume mukizu bat. Argi-indarra heldu zenean, herrian izan zen gora-behera eta zeresana franko, eta lehenengo aldiz Makariari kalanbrea eman zionean, Pozal de la Culebrako medikuari deitu behar izan zitzaion, don Linori alegia, histeria-aldia pasa erazteko. Gero, Emiliano geratu zen elektrizitate-konpainiako enkargatu gisa, argizale alegia, elektrizitate kontuetan zerbait bai bait zekien; eta lehendabizi egin zuena, argihari-posteetan txapazko plaka batzuk jartzea izan zen, buruhezur bat eta bi hankahezur gurutzaturik, arriskua adierazteko. Baina harrigarriena, Bibiana atsoarena da zeren eta argihariak hedatu zituztenez gero bere intxaurrondoaren alerik ez bait zuen sekulan gehiago probatu, kalanbrea ematen omen zutelako. Eta benetan lastima zen zeren eta Bibiana atsoarena bait zen herriko intxaurrondo bakarra, eta klima gogorra izanik, urte banaka batzuetan bakarrik ematen zuen fruiturik. Don Benjaminek zioenez, hau beti bere Hunter inglesaren gainean joan ohi zen inguruetako baso eta eremuetara, bere erbizakur arabiarra, nahiko makurra, atzetik zuela, ehize garaia ez bazen koilaretik balazta zintzilik, ba Don Benjamin honek zioenez berantizozteengatik gertatzen zen zaila nire herrian intxaurrak lortzea. Eta egia zen. Nire herrian urtaroek ez dute inolako formalidaderik, eta udaberria eta uda eta udazkena eta negua arduragabeki zabartzen eta elkarren artean nahasten dira. Horrela, ez bat eta ez bi, Otsailean sargori itoa izan dezakezu, eta Maiatzean elurra. Eta San Ziriakoak joan eta gero, dagoeneko zuhaitzak ernemuinetan hasi direnean, izozteari ekiten badio, dena erre-zimeldurik utziko du, eta, horrela harrapatzen duenak hurrengo urterarte jai du. Baina Bibiana atsoa ordea, zeharo kaskagorra bait zen, eta intxaurrondoa argindarrak kiskaltzen zuela esaten zuen ziur baino ziurrago, nahiz eta herrian kriselu-argitan ibili ohi ginen garaietan ere izozte beltza ezaguna izan. Dena den, uda denboran mozoiloa intxaurrondoaren adarretan kokatzen zen eta ilargiari goibelki uhuka igarotzen zituen gauak. Emekiro egiten zuen hegan eta punta inguruko adarretan pausatzen zen eta ilargia handia zegoenean bere belarri luzeak argiaren kontra isladatzen ziren. Gau batzuetan, mutikook zuhaizpean jarri eta harrika ekiten genion, eta orduan hura itzal bat bezalaxe hegaztatzen zen intxaurrondotik, isil-isilik, baina pixka bat goratu orduko bere «kiu-kiu» zorrotz samindua botatzen zuen aiuma baten gisa. Hala eta guzti ere, herrian ez genuen sekulan lortu mozoiloak bere habia non egiten zuen jakiterik. Halere Don Benjaminek horratio esan ohi zuen, oso jakitun, usapalak eta mikak zapuzturik abandonatzen zituzten habietan egin ohi zuela, seguraski basaburuan, edo eta belatxingarenean, kanpandorreko hormazuloetan.

        Argihariak hedatu zituztenean, erlatxoriak ere azaldu ziren herrian. Udaberrian heltzen ziren sailka sakabanaturik hegan, txorrotxio xaramelatu leunen artean. Ni, sarritan, murkoaren ondoan etzaten nintzen ahoz gora, haien kolore distiratsuak eta hegakera airosoa, enararen antzekoa, ikusteko plazerearengatik, beste gabe. Denbora luzez segitzen zuten hegan eta pausatzera argiharietara jaisten ziren, eta orduan beren kantuak isildu egiten ziren, baina koloreak ordea, beren bizkarreko urre-iluna, beren isatseko berde ñabarra eta paparreko hori bizia, indar itsugarriz nabarmentzen ziren, dir-dir, eguzkiaren argitan. Don Justo del Espiritu Santok, herriko bikarioak, esan ohi zuen pulpittutik erlatxoriak ederrak zirela Goiaingeruak bezalaxe edo Goiaingeruak ederrak zirela erlatxoriak bezalaxe, segun eta nola zetorkion egokion bata nahiz bestea; baina Antoniok halere ez zion horratio muzin egin, ehize-itxiaren-asperrari debekuaren nagiak ateratzearren-edo, egun batez hamar milimetrotako karabinaz haietako bat botatzeko aukerari. Gero, Balentin sekretarioari eman zion disekatzeko, eta Eguberrietan izeba Martzelinari bidali zion, txukun-txukun bildurik, inolaz ere mesederen batengatik bueltak zor izango bait zizkion.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.