L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —<gaze0121>




 

 

Strindberg Euskadin

 

Patri Urkizu

 

        Ongi etorri, Johan August Strindberg, Euskadira!

        Pizti errabiati hori, hire gelako lau ormetako gartzelan erdi itorik hagoen hori, hik ongi dakik, jakin ere, mundu honetan maltzurkeria, gezurra eta engainoa direla nagusi, jaun eta habe sendoenak. Badakik ondo gainera, zergatik higuintzen eta gorrotatzen dituken emakumeak, gizonak eta haurrak, edo eta gazetari bat begi bistaurrean ikusiz gero zein nolako grina sortzen zaiken barne barnetik, gogo ikaragarria hura han bertan har eta pozoindu egosi, jipoitu, txiki-txiki egin edo zintzurra tinkatzekoa. Eta ez haiz noski, bakarra.

        Baina ez duk ez hori hire erruz, hire natura duk halaxekoa eta hire teatrogintzak iturri arre eta ilun hauetan asetzen dik bere egarria, edanez aho betez. Hire barne mindura, erraietako ezin egona, gorroto amaigabea, odolezko negar asprea etengabe dirakik eta darik idatzi dituken hitz, perpausa, eszena, antzerki, nobela, poema bakoitzetan eta guztietan. Lurralde hotz eta mingots horiek hik bakarrik darabilzkik Herio Dantzako pausu makabroetan bezalaxe. Hire familiaren infernua, itolarria, su eta garra, laztasun ikaragarri hori ez da hiregan soilik gelditzen inguruneko pertsonaia guztietara zabaltzen baita, eta hire ikuspundu hori, mintzaera zorrotz eta sofritua beste idazle askorengan utzi ditik bere seinaleak: Sean O'Casey irlandar abertzalearengan, Kafka ikaraz beterikoan. Mirandello berrizalearengan eta Adamov abangoardistarengan. Horiek eta beste anitz txertatu dituk hire egonezinez, errabia infinitoaz.

        Norbaitek iraingo dit esanez gure herriko egungo egoera larri eta trajikoan horrelako deabru eta satan gaizto eta beltzarik ez diagula behar, eta beste zerbait alaiago, gozoago eta eztiago, farregarriagorik behar dugula euskal antzokietan, ahantz ditzagun egunoroko larrialdiak eta hestuasunak, ez dugula behar ipar herrialde horietako haize garbizale, ezezkor, intimistegi hori; baina nik erantzungo diet hi bezalako arima handiak, atormentatuak, sakonak, idazle benetan iraultzaileak mende batean oso gutxitan sortzen ditukela, eta pena merezi dikela hi, bitxi arraro hori, perla ezezagun hori, geureganatzen saiatzea, euskal antzokietara erakartzea eta mostratzea, eta batipat, kasu honetan bezalaxe hain duintasun eta kalitate handiz egin denean Antzertiren Zerbitzuari esker.

        Ongi etorri, Johan August Strindberg, Euskadira!

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.