Hego Afrikako oihartzunak
Capetown. Esperantza-Oneko Lurmuturra. Izenak bakarrik ere lotsa. Urrea diamanterekin ongi esportatzen daki, razismoa zer esanik ez. Gotzai beltz batek Nobel-saria, baina orain eta beti apartheid sistima Kostituzioaren zutabe. Lege berri batek libre utzi omen ditu zuri-beltzen arteko ezkontza eta seksu-harremanak. Baina betiko beste lege zahar batek ez ditu zuri-beltz-mestizoak nahasian bizitzen uzten, hauzo berezietan bakandurik baino. Zuri-beltz ezkonberriak non jarriko dira, bada, bizitzen? Non lekutuko dira maitasun-harreman libreak? Seksu-harreman horietako semealabek betiko eskola bakan eta berezietara joaten segi beharko dute gainera. Lege berri batek indioak eta mestizoak Parlamentura eraman bide ditu. Zertarako eta zeinen izenean, auteskunde horietan abstentzioa eta boikota nagusitu badira?
Gerla gorrian dagoen Hego-Afrika honi gagozkiola, giza zanpaketa, errepresioa eta askatasunaren aldeko borrokaz aparte, zertaz mintza gaitezke?
Literatur Gazetak behintzat bertako literaturaren inguruan mintzatzeko lekua egin nahi izan du, eta badago zer esan. Abea du literatur horretxek, horixe baietz.
Gaur, Hego-Afrikako literaturgile guztiak apartheid kontrako dira, edozeinek egin ditu gartzelan hiruzpalau urte; askoz ere gehiago egin ondoren, erbestean daudenak ere ez dira falta. Ia idazle zuri denek afrikaan hizkuntzan idazten dute; zuri ez diren gehientsuenak berriz, ingeleseraz. Hego-Afrikako irrati-telebistetan inoiz ez da idazle guzti horien aipu txikienik ere egiten; interview-ik sekulan ez; ezta beren liburuen berri eman ere. Ale bikainak badaude horratio: Frantzian Medicis-saria jaso zuen 1980.n Andre Brink-ek; Nadine Gordimer-ek Booker-Price 1974.n, eta ihaz J.M. Coetzeek sari hori bera. Halere zentsura izan da bertako legea: Brink-ek ezin izan zituen bi nobela argitaratu adibidez; Gordimer-en hiru nobela galeraziak izan ziren; Bryten Brytenbach-en narrazio gehienak gartzelan idatziak dira, eta paper-arkatza ematen bazioten, idazten zuena egunero gartzelako zaindariei itzultzeko baldintzarekin izan zen. Idazle beltzen lan guztiak debekaturik daude.
Orain hamabost bat urte arte zentsura ofizialak ez zituen zurien idazlanak apenas ikuitzen, baina arrazoi bat bazegoen: afrikaans literatura baserri girokoa zen, bukolismo kontserbatzaile eta kalbinismo austeroan hezurtua. Boer-nazionalismoaren zerbitzu ideologikoan zegoen hain zuzen. Baina egoera harrekin autsiaz, 60. hamarkadan, SESTIGERS izeneko literatur gazeta inguruan belaunaldi gazte bat sortu zen, Brink, Brytenbach eta Etienne Leroux gidari zirelarik. Kontutan eduki behar da afrikaans hizkuntza 1925.z geroztik bakarrik izan zela ofiziala; halere afrikaaner komunitatea agintaritzara ailegatua bezain pronto (1948), apartheid sistima eraikitzen saiatu zen, Verwoerd eta Voster-en Gobernuak zirela medio. Funtsezko Boer-nazionalismo horrengatik SESTIGERS inguruko literaturgileen erotismoa eta kalbinismoaren ohituren kontrako kritikak toleratu egiten zituzten Gobernukoek. 1968 urte arte, urte hartan aldizkaria apurtu egin bait zen, apartheiden kontra ala aldeko eztabaida plazaratu eta gehienak kontra-kontrako jarrera literarioa hartu zutelarik.
Hego-Afrikako gaurko literaturgileen artean lau idazle handi aukeratu eta aurkezten ditugu ale honetan.
|