L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Bernardo Atxagaren «Bi anai»

 

Luis Daniel Izpizua

 

        Badu zerbait miresgarri B. Atxagak bere idazlanetan eta aztertzeari ekiten diogun nobelatxo honetan ere aurki genezake hain berea ikusten diogun zantzu hori: bide pertsonaletatik abiatzea, edo bide propioak oinkatzeko nahia behinik behin.

        Ez da, itxurak beste era batetara pentsatzera bidali arren, hain arrunta izaten orijinaltasun gura hori. Ez euskaraz, bainan ez eta ere erdaraz. Eta orijinaltasun hitza aipatzen dudanean ez darabilt berau bere gaitzerako zentsuan, baizik eta nire ustez edozein idazleri hain garrantzizkoa zaion zentsuan, hau da, bere nortasun, ideia eta helburuei egoki litzaiekeen molde-bilatze bat adierazten duen zentzu hortan. Estiloren bila darabilkigu beraz B. Atxaga. Eta berak seguru asko gaineratuko lidakeenez, ez bakarrik estiloren bila, literaturak zer izan beharko lukeenaren atzetik ere bai, gainera. Baina goazen esku artean dugun «Bi anai» nobela hau aztertzera.

        Liburuan gehien nabarmentzen zaiguna ez da gaia («le sujet»), ze hau gaiaren beraren gainean eraikitzen zaigun idazkeran galtzen baitzaigu. Eta idazkeran diot, eta ez tankeran edo estiloan, eta ongi diot, ze idazkera literaturaren, hots liburuaren, aldetik gelditzen den zerbait baita, eta ez idazlearen aldetik estiloari gertatzen zaion bezala. Liburu bat taxutzeak idazlearen isiltzea eskatzen bide du gaur egun eta B. Atxaga ixilik dago Mintzoak eta beste ahots ezberdinek osatzen eta mamitzen duten bere nobela honetan. Ze honen mamia ahotsek osatzen baitute, ez hauek mintzagaitzat hartzen dituzten gertaera azalek. Goazen bada esandako hauen haritik datorkigun galdera botatzera: Zein da hemen edukia, bi anaiei gertatutako pasadizoa, ala pasadizo hau aitzakitzat hartuz nobelan eraikitzen den mundua? Ez diogu oraindik erantzunik emango galdera honi, zeren eta gure azterketa, bertan gakotzen dela uste baitugu.

        Has gaitezen nobelaren «gaia» deituko diogun bi anaiei gertatutako historiarekin. Eta, aldez aurretik, garbi esan behar dugu ez zaigula gehiegi gustatzen. Herrixka batetan, umezurtz gelditu ondoren, Paulo eta inozoa den Daniel bere anaiari gertatutakoak interes handirik gabeak iruditzen zaizkigu. Historia hori «drame paysan» deritzan tradizioan barne sartzen ausartuko ginateke, baina nori izango litzaioke gaur egun erakargarri bertako biolentziaz, mendekuz eta belzkeriaz gure sentsibilitatetik hain urrun gelditzen den halako kontu bat? Liburu honen merezimendu guztia hortan balego, hau da, balorea bere gaian balego, ez genuke ez eta aipatu ere egingo. Ze, azken finean, zer atera genezake historia honetatik? Ez, hain zuzen, gizonen baitan aurki genitzakeen ankertasun eta areriotasunaren aztertze edo antzeste bat. Ez eta .nobelan zehar ankertasun soilaren hedatze misteriotsurik ere. Are gutxiago nortasun trajiko baten gora-beherarik, ze nobela honetan ez baitago psikologiarik, eta dagoenean topikorat jotzen baitu (1): Non koka daiteke, beraz, hemen gertatzen den eta alde guztietatik begiratuta trajikoa den historia? Nik drama psikologikotzat hartuko nuke, bainan... psikologia aztertzen ez duen drama psikologikotzat. Eta hortik atera dezakegun ondorioa ez da, ezin da izan, oso argitsua. Ahula, beraz, «gaia». Bainan ikus dezagun ea benetako gaia historia honetan datzan.

        Idazkeraz ihardun dugu lehen, eta berau textoa erditu edo ekoiztua izan dadin, posible egiten duen gauza bakarra dela esanaz gainera. Goazen beraz, nobela honetan idazkera zertan errotzen den orain ikustera. Eta behin arlo honetara iritxiz geroz, gauza bati begiratu beharko diogu: ea idazkera hori edukiaren menpean dagoen, hots, edukiari gaineratzen zaion zerbait den, ala edukiarekin bat eginik, ea honekiko harremanetan etendura edo jerarkiarik gabe aurkezten zaigun.

        Erne gaude, behar hada, arazo faltsu bat planteatzen arituko ez ote garen, idazkera ez delako sekulan edukitik gu hemen esaten ari garenaren ostera hainbeste aldentzen. Bainan nobela honen aztertzeak haustura hori egitea eskatzen zigun, eta hau arrazoi batengatik. Idazkera textuari darion zerbait baldin bada eta ez bakarrik estiloa, nobela honetan edukiarekiko zerbait bitxia gertatzen ez ote zeneko susmoa genuen, hau da: gaiatzat eman dugun historia nobelan lortzen den melodiatik aparte xamar gelditzen ez ote zen. Bainan jarrai dezagun.

        Gaia ahula iruditu zaigula genioen, eta ez dut uste hor egon daitekeenik liburu honi darion ukaezineko xarma berezia. Lau pertsonai dira nagusi bertan, nahiz eta beste zenbait bigarren mailako pertsonai tartekoak izan. Are gehiago, lau pertsonai hoien artean hiru aukeratuko nituzke nik garrantzitsugotzat, hiruok: Paulo, Daniel, eta hauen lehengusina den Carmen. Utz dezagun laugarrena, Teresa, pitin bat baztertua, ze, nire ustez, pertsonai bizia izan baino gehiago, tramaren bilakaerak behar zuen pertsonai mekaniko bat baiteritzat. Hor ditugu, bada, gure hiru pertsonaiak gure hitzen zai. Bainan berehala ikusten dugu hiru pertsonai hoiek ez daudela bakarrik, eta horra hor non azaltzen diren katagorriak, txoria, sugea, antzarra azkenik, eta... bai, guzti horien gainetik gorpuztu ezin genezakeen bain boteretsu mintzatzen zaigun Mintzoa. Horra hor, bada non azaltzen zaigun ispiluaren beste aldea, bere aurpegia gardenki erakutsiz; eta fabuletan animalien bitartez ezagutarazten bazaizkigu gizakumeen erru, akats eta lorpenak, hemen giza trabeskeriak ez ditugu hain izkutuak ikusten, ze argi eta garbi gure aurrean baititugu. Ez, animalien azpian ez daude gizonak hemen, baizik eta animaliak eta gizonak elkarrekin dabiltza orri hauen zabalean. Eta berauen guztien gainetik, Mintzoa. Idazle bera agian? Goazen lasai.

        Nobela ireki ondoren, bere hitzak irakurtzen hasten bagara, berehalaxe ohartuko gara txori bat dela mintzatzen ari zaiguna. Narradorea, beraz, txori bat dugu, eta bere bizitzaren huskeria aipatu ondoren, hiltzera doala ezagutarazten digu beste hitz zoragarriren artean, ze txoriaren hitz-jarioa (aurreago sugea eta antzarrenarekin gertatuko den bezala) nobelaren gauzarik onena baita nire ustez. Hiltzera doa, beraz, gure txori narradora hau, baina horretan Mintzoa barneratzen zaio Pauloren etxeraino abia dadin aginduz. Mintzoaren agindu hau betetzera abiatzen da txoria eta aurrerantzean, bere hitzen bitartez (Mintzoarenak ote?) jakingo ditugu Paulo eta bere inguruan gertatzen direnen berri guztiak. Txoriaren bitartez eta ez pertsonaiaren bitartez, eta hemen ez dugu beste munduko gauza harrigarririk, ze arrunta baita pertsonaiaren gora-beherak narradorearen ahotsez ezagutzea. Bainan gure txori narradorea ez da hain narradora arrunta eta orain ikusiko dugu hau zergatik esaten dugun eta zergatik iruditzen zaigun hain garrantzitsu, narradorearen berezitasuna nobela honen egituratze eta eraikitzean.

        Gauza jakina da XX. mendeko nobela narradore orojakitunaren beharra nola edo hala ezabatzen saiatu dela. Mende honetako idazleak beldur daude, edo beldur egon dira behintzat orain dela gutxi arte, «X-ek pentsatu zuen» edo «Z-ak amestu zuen» esan beharraren aurrean ez gertatzeko. Fantasma hau alderatzeko lehen pertsona, bigarren pertsona eta «monologue intérieur» edo «stream of consciousness» deritzana erabili izan dituzte beste zenbaiteren artean, moldatze tresneri bezala, XIX. mendean hain nagusia zen hirugarren pertsona soila ia ia baztertuz. B. Atxagak, bere nobelan, hirugarren pertsona erabiltzen du, bainan narradore objektibo honek ez du inoiz beharrik izaten «Paulok pentsatu zuen» edo antzekorik esateko, ze bera pertsonaia izandakoa, den-dena eta izango denaren jabe izanik, bere barne-kontzientzia bezala agertzen baitzaigu. Eta garbi uzten digu hau idazleak, Pauloren gogoetak hitzez ez, baizik irudiz aurkezten dizkigunean. Txoria, narradorea alegia, Pauloren kontzientzia dugu, eta formaren aldetik bere barne-narradorearen funtzio azpimarratzea hain beharrezkoa bazaigu, esan dezagun baitare, edukiaren aldetik txori hori Pauloren animaren metafora bat izango dela aurreago katagorriak Danielenarena eta sugea Carmenenarena izango diren bezala. Metaforak animalia eta gizakumea bateratu egiten ditu eta bat-egite honek ahalezko bihurtzen, bata bestearen barne-mintzoa izan dadin. Horrela, ohizko narradore bat erabiliaz, posible egiten zaio idazleari ezinezkoa izango litzaiokena, hau da, sineskortasuna hautsi gabe edo narratzeko ikuspunturik aldatu beharrik gabe pertsonaia kanpotik eta barnetik erakustea. Horretan, idazlea txalotu besterik ez daukagu, eta norbaitek esango baligu txori batek edo suge batek mintzatzen ihardutea iadanik ez dala oso sineskorra, erantzun ezaguna eman beharko genioke, hau da, sineskortasuna ez dela errealitatean edo munduan ematen den zerbait, baizik eta nobelak berak ezartzen dituen legeei egokitzen zaien guztia. Nobela honetan, txoria hasten da mintzo, beraz zilegi da pertsonaiari buruz mintza dadin. Ez hain zilegi, aldez aurretik pertsonaien gogoetak eta ametsak ezagut ditzan, bainan metaforak, eta are gehiago oraindik Mintzoak, egiten dute sineskor haren orojakinduri hori. Txaloak beraz alde honetatik idazleari. Ez hain beroak ordea hark bere legea hausten duela egiaztatzen dugunean. Izan, animaliek dira, hots —eta esan dezagun hau jadanik— Mintzoaren partaideak dira ia beti pertsonaien gora-beherak eta barne higidurak agertzen dizkigutenak. Ia beti, esaten dugu, bainan ez beti, ze 7. kapituluan ordura arte azaldu ez zen eta aurrerantzean isildu egingo den beste narradore ezezagun bat mintzatzen baitzaigu. Ez da animalia. Ez eta ere Mintzoa. Nor den ez dakigunez, hor ikusten dugu nobelak aurkezten digun akatsik haundienetariko bat. Despistea ote? Ez dakigu, bainan akats honek gaia eta honen ispilua (animaliek osatzen duten egitazko mundua) bakoitza bere aldetik ibili ez ote direnaren susmoa ernetzen digu. Hau da, bi mundo hoiek, edo beste modura esanda, forma eta edukia hain elkartuak ote dauden, ala animalien mundu liluragarri hori ez ote den izango, estalki edertua bailitz, edukiari erantsi zaion zerbait. Faltsua noski.

        Bainan jarrai diezaiogun hariari. Txoria genuen hiztun nagusia gure nobelan, bainan aurreratu dugun bezala, ez da hau bertan agertzen zaigun hiztun bakarra. Bereziki Paulori lotua dagoen hiztuna dugu narradore hau, bainan nolabait Pauloren metafora izateak honen pentsaerak eta ametsak jakiteko ahalmena ematen bazion, bide hortatik ezin jakin zer gartatzen zen beste pertsonaien barnean. Eta beste pertsonaiek ere izango dituzte beren metafora eta barne-mintzo izango diren beste animaliak. Hala nola, Danielek katagorriak, Carmenek sugea. Animalien bitartez agertuko zaizkigu beraz beste pertsonai hauek ere, narradore bihurtuko zaizkigun beste animali hauen bitartez. Hau dala eta, txoria, katagorriak, sugea, eta inor antzeste ez duen, bainan besteak hil eta gero gure bi anaiak jasoko duten antzarra ditugu narradore gure nobelan. Narradore gehiegi esango du norbaitek, eta hala da, narradore bakarra aurkitzen ohituta gaudenez gero. Eta ez nintzateke ez eta harrituko ere, halako horrek esango balit gainera, ez dela oso arrunta narradore bat nobela erdian hiltzea eta beste narradore batek hartzea hildakoak bukatu gabe utzitako historia. Ez dira, ez, arruntak gauza hauek, bainan ez lirateke okerrak izango nobelaren batasuna arriskuan jarriko ez balute. Ze azken finean narradore bakarrak nobela baten batasuna bermatu egiten du eta hori izaten da batez ere bere bakardadearen funtzioa. Batasun hori trinkotuz gero, berdin izango litzaiguke —eta hor daude lekuko «El Cuarteto de Alejandría» edo «La Consagración de la Primavera» nobela famatuak beste zenbait nobelen artean— bakarra izan ala mila izan narradoreak. Gure nobelan, bada, lau narradore ditugu eta hauetako hiru gainera, nobela erdian hiltzen zaizkigunak; eta bigarren bitxitasun honek baditu bere arriskuak, ze pertsonai hauek ez baitute historia osoa ezagutzen, baizik eta norberak bere historia propioa eta denen historiak lotzen dituen historiaren zati bat bakarrik. Eta beldur naiz ikuspuntu-zatitze honek ea ez ote duen nobelaren batasuna hautsi egiten. Hau da, ea nobela hau lau historia ezberdinen ondoegi lortu gabeko elkartzea ez ote den izango. Aipa dezagun hemen, esandakoaren ereduz, 4. kapituluak duen autonomia. Katagorriak dira hor mintzo eta beren hizkuntza bikainki berezitua dago txoriarenarengandik, aurreago sugea eta antzarrenarekin gertatuko den bezala; hizkuntzarekiko trebetasun honek narrazioaren garbitasuna eta narradore ezberdinen nahasirik eza posible arazten ditu, bainan ez hain garbi, historiaren batasuna. Kapitulu honi automoa deritzagu.

        Lau narradore beraz historia bakar batentzat, eta ohituak bagaude ikusten narradorea dela nobela baten barnean ematen diren gertaera, pertsonai, leku eta beste zenbait gauza pilaren gidaria edo bateratzailea, hemen ez dugu holakorik aurkituko, ze alderantzizko bidetik abiatu baita idazlea: nobela honetan narradorea ez da bertan lekutzen diren historien batasun-egilea, baizik eta historia bakarra («gaia») da narradore multzoaren elkartze-haria. Elkartzea diogu, eta demagun hala dala, bainan nekez lortu ahal izango zukeen hau historia horrek, narradore guztien gainetik, edo azpitik agian, Mintzoaren ahotsak isilik gelditzea erabaki izan balu. Mintzo nagusi hori gabe ez zen hemen nobelarik izango, liburu hau lau edo bost ipuin ezberdinek osatuko luketelako, ipuin hoien artean erreferentzi berdina —hau da, Paulo eta Danielen historia— egon arren. Meta-narradore (2) honi esker liburuan gerta zitekeen sakabanaketa konpondu egiten da nolabait. Bainan guri, meta-narradore hau moldatze-tresna bat baino garrantzitsuago dela iruditzen zaigu, bere ekintza ez baita egiturarekiko funtzio honetan amaitzen. Mintzoa ez da mundu honetakoa, nobelan zehar beste zenbait gauza bezala. Eta bere ahotsak narradore multzoa zilegiztatzen badu ere, bere presentziak —nahiz eta aipuaren bitartekoa izan— nobelan dagoen lirikotasunaren itsasoa seinalatu egiten du behatz ikusezin bainan trinko batekin.

        Desagun meta-narradoreak meta-errealidadearen zabalera irekitzen duela, eta poesia dela osterako errealitate honek bere baitango izakiak elkartzeko erabiltzen duen haria. Aintzinean esaten genuenez, animalien hitz-jarioa da gehien gustatzen zaiguna nobela honetan, eta animalien ahotsen eskutik doa bertan hedatzen den eta hain laket zaigun aipatutako poesi hori. Horra hor, esaten dugunaren lekuko, sentimendua eta Naturaren izakien artean ezartzen diren harremanak, edo zenbait Naturaren izakiri ematen zaion sinbolismoa (hibai txikiarena, itsasoarena, arrain beltzena, sagarrena, eta abar), edo animaliek beren hitzetan duten ikuspegi berezi eta nortasunak azaltzeko ahalmena, edo zein ederki erabiltzen diren erritmo ezberdinak nobelaren pertsonai eta egoerak antzesteko. Eta merezimendu guzti hauen gainetik, Naturaren gardentasun eta soiltasunaren garaipena, zeren ankerra izan arren (eta horra hor non ditugun adierazgarritzat animalien elkarrenganako kraskadak eta irensketak), inozentzia eta edertasunaren bitartez gainditzen baititu Natura bere doilorkeriak, Naturarekin bat eginik Paulok eta Danielek gaindituko dituzten bezala munduak euren bizitzan zehar eskeini dizkienak. Lirikotasun guzti hau eta nobelaren bi pertsonaien azken bilakaera ezin dira martxan ipini Mintzoaren agindurik gabe. Horra hor, nobela egituratze egin-beharretatik aparte, non dagoen honen beste funtzio gailena.

        Bainan, nor edo zer da Mintzoa? Aldez aurretik, Mintzoa pertsonai-narradoreen barnean entzundako agindu bat da. Agindu honek eskena seinalatzen du gainera, hots, nobelaren espazioa irekitzen. Eta agindua ez ezik, ahalmen bat ere bada, ze bere ahotsa entzuten duten izakiak eurei seinalatutako pertsonen kontzientzia ezagutzeko ahaldun bihurtzen baitira. Aintzinean esan dugunez, animaliak pertsonai ez ezik, euren kide diren giza-pertsonaien barne-kontzientzia ditugu; bainns barne-kontzientzia mugatu eta sakabanatu hauek Mintzoaren magal kupidagarrian bat-egiten dira, narradoreak haren ahotsean bat-egiten ziren bezala. Eta meta-narradoreak, meta-errealitate bat seinalatzen bazigun, hona hemen orain non dugun meta-fisika baten oinarriak finkatzen. Metafisika, bai (eta ahaz dezagun gidoia) ze heriotza eta bizitzaren elkarrekiko harremanei buruz aritzen den hitzaldia metafisikoa izaten baita, metafisikoa den bezala bata eta multzoaren artekoenekotaz diharduena. Hiltzera doanak Mintzoarengan aurkitzen du bizitza, eta hil ondoren antzarrekin hegaldatzen direnak ere hor non jarraitzen duten ordura arte eramandako baino bizitza zoriontsuagoa. Poesia, bai, bainan ez nolanahikoa. Ahula iruditzen zitzaigun «gaia», bainan hura azaltzeko idazleak egokitu duen transrealidadea beste arnasa hartzen ari zaigu, ikus dezakegunez.

        Eta hara noiz heldua zaigun hasieran egiten genuen galderari erantzuteko ordua: Zein da hemen (alegia, nobela honetan) edukia? Alde batetatik bi anaien arteko eta guretzako zeharo zapala den historia dugu. Bestalde Mintzoa; bere agindua; animalien mundua; hauen artean ematen diren harreman anker eta kupidagabeak, zeinek ispilu batek baino garbiago islatzen baitute gizakumeen arteko harremanen egia; Naturara eramanak diren gizakume berak; Naturaren edertasun higikor eta koloretsua azkenik. Bi mundu, beraz, eta batak, bigarrenak noski, irentsi egiten du bestea gure ustez. Haurrentzat (3) (eta orain arte ez dugu erabili hitz hau, ez baitzaigu gustatzen) haurrentzat bada, hain egoki izango litzatekeen bigarren mundu hau, haurrentzat ezegoki den bi anaien munduan gertatzen diren gauzekin nahasten zaigu. Ande hortatik, desoreka nabaria ikusten dugu nobelan. Bi mundu, bi tono. Bata liluragarria, bestea grisa. Bat majikoa, bestea itzalia. Bat sakona, sujerientziz betea delako, bestea, aldiz, azala, soslairik gabeko pertsonai eta egoerak plazaratzen dituelako. Eta gure hasierako galderan bi anaien arteko pasadizoa beste bigarren mundu hori eraikitzeko aitzaki zen ala ez itauntzen bagenu, nobelan etendura bat somatzen dugula aitortu beharrean gaude. Irizpide klasiko bat erabiliaz, formak edukia ezabatzen duela esango genuke. Edo beste hitzekin: moldatzeak sortaraziko elementuak errebelatu egiten direla eta, gaia zena, lekurik gabe dabilela, noraezean, haiek eraikitako mundu liluragarrian. Oker izango gara behar bada, bainan zintzoki esan ditugu esanak.

        Bestalde, haurren literaturak didaktismorako joera izaten du. Heroea beti heroe izango da, eta beretzako izango dira haurrentzat hain garrantzitsuak diren margo garbi eta dizdiranteak. Gaitzak, aldiz (eta berdin zaigu idazleak gaitzatzat zer hartzen duen, zeren arlo hau formak oso ondo agertaraziko baitigu), gaitzak bada, oso nabarmen eramango ditu bere gainean gaiztakeriaren zantzuak. Zaila zaigu, beraz, haurrentzat zerbait idazten dugunean, polarizazio honetatik ihes egitea eta nahiz eta, dirudienez, aztertzen ari garen nobela hau haurrentzat idatzia ez izan, behar bada haurren literaturan erabiltzen diren idatz-moetak erabiltzeagatik, kutsatu egiten den zenbait pasartetan aipatzen dugun polarizazio horretaz. Hor dira esaten ari garenaren lekuko, Pauloren zintzotasun eta jakinduri sinesgaitzak, bere trajikotasunik eza, nahiz eta azkenean hain gaizki bukatu. Beste aldetik, berriz, Carmenen ñabardurarik gabeko gaiztakeria.

        Ez dago, ez, didaktismorik, bainan bai honek erabili ohi duen mekanika.

 

        (1) Behar hada, laburregia izango da nobelan pertsonaiek beren psikolojia azaltzeko duten lekua, bainan hau izan zergatia ala beste edozein, xinpleegiak, topiko hutsean errotuak ez direnean, iruditzen zaizkigu beren ibilerak. Paulok Danielen hazi ixuriaren aurrean duen jarrera ez dago oso ados beste zenbait pasartetan erakusten digun umetasunarekin. Carmenen gaiztakeria, berriz, oso zapala da gure ustez, nahiz eta maitasuna eta mendekua izan tarteko. Baliteke Carmen sugea izatea, zaila egiten zaiguna pertsona dela sinestea. Teresari buruz pentsatzen duguna esana dago textuaren barne.

        (2) Berez, Mintzoa ez da inoiz narradorea, bainan bai narradore guztien posibilitatea. Bestalde, pentsa liteke mintzo guztien azpitik bere mintzoa dabilela, hau da, besteen ahotsen bitartez berea entzun dezakegula.

        (3) Txoriaren mintzaldian garbi ikus genezake haurren literaturan erabiltzen diren elementuak. Alegoriaz mintzatzen zaigu batipat txoria, Paulori gertatzen ari zaionari buruz, bainan ez bakarrik alegoriaz, bai eta ere alegiz (apoarena esate baterako).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.