L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

«Orhoituz», Imanol

 

Fernando Alustiza

 

        Erritmoko abesti askok eta askok ez du esaten ari denarekin lotura derrigorrezkorik izan ohi. Halakoetan, erritmoan doana bereziki melodia izaten da eta ez esana. Baina Imanol-en abestia ez da horietakoa, berak kantatzeaz gain esan egiten bait du, ozen esan. Imanolen abestia ez da melodiazko erritmo ozen bat, erritmozko esate ozen bat baizik, testo eta musikaren uztartze bat alegia. Uztarri horretxekin dezake guregan emozioak, ebokazioak, bihotzondoak eta atsegina sor araz Imanolek; ala alderantziz, nazka eta gogait egin ere.

        Bere lehendabizíko diskoak hasiko-masikoak ziren musika aldetik, rudimentarioak; baina beren mezu politikoa nagusi izanik ere, bazuten beti ukaezineko kalitate-ikuturen bat, zelako edo halako uztarri horren ikutua alegia. Eta haserako konpromiso politikoa bilakatuz joan den eran musika-lanari buruzko konpromiso profesional hutsa bihurtu arte, kalitatea handituaz joanda, nortasuna argituaz, testo eta musika ari-arira erakarriaz.

        Guri, kanta herrikoiak eta bertso zaharrak kantatzen dituen Imanol oso gogozko zaigu, gaurko Euskal Herrian bere ahotsaren ozena eta bere tinbrearen ziria bertso horiek kantatzeko eztarririk ezhoitu eta bereziena bait dira. Bere beste zenbat konposizioetan monotonia eta gogortasun apur bat azaltzen ziren, musikatasun-xorta baten premia, zera. Baina hori pixkana pixkana zuzentzen joan da Imanol, arreglo eta musika-laguntza egokiak bilatuz, modazko aukera errezen efektismoari amor eman gabe. Zergatik da Imanol musika-lagun onez inguratzeko hain abilidade handikoa? Guretzat garbi dago, aipatutako musikatasun-ahulezi horiek gainditzeko bide egokienaren bila dabilelako, soin eta muin ibili ere, beste musikarirekin elkar-lana eginaz. Eta «Oroituz» deritzan azken disko honetan begi bixtan gelditzen da talde-lan horren egokitasuna: idei xehe batzurekin abesti borobil eta lortuak ateratzeko artezia («Oroituz» eta «Bi beleak» abestiak batezere, baina baita «Zure tristura» eta «Gaur bakardadean» tangoa ere). Frantses aztarna ukaezina da, katalanentzat den bezala, baina eskola honen bitartekotasuna doi doi dagokio Imanoli, eta ez bakarrik bere musika Frantzian hezi zuelako, ez. Gure herrian arkitzerik zegoen laguntza musikala galbahetu ondoren, hemen eta orain bide horixe emankorrena zela ikusten jakin duelako ere bai.

        Gaztaroko indar bortitz, diztirant, bihotzeko hura galdu egin duela Imanol-ek? Konforme. Baina kontuz! Nahi izanez gero, Imanol gai dukezu gaur ere Gure Segurako aitonaren abenturak eta kuitak azaltzeko. Gertatu dena zera da, bere abestia beste topos batean dagoela, ez dela texto-musikaren uztarri haren pean lekutzen, beste batean baizik.

        Azken diskoaren lekua Mirande, Lete eta Juamari Lekuona dira. Ulertzen? Orain poeta-ale mardulen mardulenak biltzen ditu amodiozko poesia pikaro eta ziniko batek, izen maliziotsu ausartak dioen artean: OROITUZ. «Oroitzen al haiz zein gauza plazentik egin huan aspaldi?» Mirandek esango baligu bezala, edota «Kasu eder bat gertau zitzaidan gazte xamarra nintzala» Letek. Gauza, edo kasua, «garoetako neska sabel harro» batekin badu zerikusirik, «sabel emankorraren promes, erotikaren arrain gorri» horrekin, Oianonerekin, alegia. Imanol honen indarra poema paregabe horien indarrean lekutu da. Gaurko Imanolek inork baino gehiago ttarraka ttarraka poesiara garamatza.Eta gaurko egunotan musika hori ez al da harrigarri?

 

 

Orhoituz

 

Zaldi beltzak irrintzika zeuden;

Sutan ziran inguruko zelhai

Gorak. Hartzen genduen atseden,

Alhargunen intziriez alai.

So ziraden, bekhaitz, saiak oro

Giza-hiroz ok-egin beharrez.

Garoetan neska sabel naro

Zaurituen odola nigarrez...

Gau joriak zithal hotz zerion:

Geure bihotz-min-gai'ta zorion

Orhoitua gizaldiz gizaldi.

Lagun! Hilkar-lore-baratzetan

genbiltzanok, ilhargi zuritan,

Noiz dukegu, diztirant, Eguerdi?

 

 

Ile-adats 3

 

Enerjiaren ikurrin sutsu,

sabel emankorraren promes,

erotikaren arrain gorriak...

Eta kanpaiak.

 

Koral bigunen itsas adatsak,

olatupeko alga urdinak,

begi berrien betile zainkor...

Eta usoak.

 

Gerri-gerrian agonia zen,

soinez-soin urmael orritsua,

akuilu lehor haitz saltatuetan...

Eta marrumak.

 

Amets aingeruen hegalak,

basoko musika grabatua,

egun jauziak, besoak grisak...

Eta fantasmak...

 

Eguzki-irriparen orrazea,

odolaren silaba ozenak;

tximistaren ziztoa trentzetan

Eta bizial

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.